Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Arrateko Amaren dantzak prest

Dokumentuaren akzioak

Arrateko Amaren dantzak prest

2005/09/02 17:14

Irailaren 8an aurkeztuko dira Arraten azken urteotako azterketa eta prestaketen ondoren Amabirjinaren omenezko dantzak. Azken urteotako erronka garrantzitsuena izango da aurkezpen hau Kezka Dantza Taldearentzat. Hainbat urtetako dokumentazio lana, tradizioaren, koreografien, musiken eta jantzien azterketa lanaren ondoren, Arrateko Amaren dantzak jendaurrean eta bere egun eta tokian aurkezteko moduan daude.

Kezka Dantza taldeko 30 dantzarik, Usartza Udalaren Taldeko txistulariek eta estreinaldi honetarako eibarko dantzariekin batera jardungo duten bi gonbidatu berezik parte hartuko dute estreinaldian.

Arrateko Amaren inguruko ospakizunetan musika eta dantzak pisu handia izan dute historian zehar. XX. Mendean Arrate egunean egin izan diren dantza desberdinak aztertu ditu Kezka dantza taldeak eta inguruko beste antzeko zenbait erromeriatan egiten direnekin konparatuta prestatu da Arraterako errepertorio berria.

Arrateko Amaren dantza errepertorioa 5-6 dantzarekin osatu nahi du Kezka dantza taldeak. Dantza horiek urtero errepikatuko dira Arraten irailaren 8an. Aurten, lehen bi dantzak aurkeztuko dira: ezpata-dantza eta makila txikien dantza. Hurrengo urteetan osatzen joango da errepertorioa eta makila-dantza, brokel-dantza, arku-dantza eta zinta-dantzarekin borobilduko da.

Ekainaren 18an, Eibarko Dantzari egunean egin zuen Kezka Dantza taldeak Arrateko Amaren dantza berrien aurre-estreinua. Harrera ona izan zuten dantzek ikusleen artean eta koreografiak puntuan jartzeko balio izan zien emanaldiak dantzariei.

Irailak 8, osteguna, Arraten:

  • 11.00etako Meza nagusian Arrateko Amaren ezpata-dantza.
  • 12.00etan prozesioan Arrateko Amaren ezpata-dantza.
  • 12.30etan Arrateko Amaren Dantzak zelaian: ezpata-dantza eta makila txikien dantza.

Inspirazioan, erreferentzietan, aholkuetan eta zalantzak argitzerakoan Juan Antonio Urbeltzengandik jasotako laguntza eta gidaritza ezinbestekoak gertatu dira eta bere eskerrik beroena adierazi nahi dio Kezka Dantza Taldeak.

Jantziak

Euskal dantza tradizionaletan ohikoa denez, kolore zuria eta apaingarri gorriak izango dira osagai nagusiak. Baina ezaugarri berezi bat ere izango dute: gona motz bat. Gona hori praken gainean janzten da eta oso tradizio handiko jantzia da. Ezaugarri horiek guztiak zituen Juan Antonio Urbeltzek 1988an aurkeztutako Zortziko ikuskizunerako prestatu zuen diseinuak eta horixe aukeratu dugu Arrateko amaren dantzarien uniforme izateko.

Musika

Arrateko dantza horietarako musika Jose Miguel Laskurain, Usartza Udalaren Txistulari Taldeko kideak prestatu du. Inguruko dantza tradizioetako doinuak, XVI eta XVII. mendeetako dantza doinuak, Eibarko doinuak eta beste zenbait material erabili ditu Arrateko ezpata-dantza eta makila-dantzaren musika prestatzeko. Usartza Udalaren Txistulari Taldeak joko ditu pieza horiek.

Koreografia

Gipuzkoako ezpata-dantza tradizionaletik abiatuta Markina, Deba, Legazpia, Oñati eta Eibarren inguruko herrietako dantza tradizioetan oinarrituta osatu da Arrateko ezpata-dantza. 24 dantzarik osatuko dute ezpata luzeekin jardungo dutenen taldea eta bi eskuko ezpatak (mandoble izenekoak) erabiliko dituzte, 130 zmko luzera dutenak. Lau dantzarik ezpata txikiekin dantzatuko dute.

Neska-mutilak

Arrateko amaren dantzek izango duten ezaugarrietako bat genero bereizketarik gabeko dantza tradizionalak izango direla da. Dantza tradizionaletan oso markatua izaten da genero bereizketa eta gizon eta emakumeek ondo zehaztutako rolak betetzen dituzte. Arrateko dantzak XXI. mendean sortuak diren aldetik gaur egungo gizarteko moduetan oinarritutakoak izango dira eta neska eta mutilek berdin osatuko dute dantzari taldea, bereizketarik gabe.

Gonbidatu bereziak

Arrateko Amaren dantzetan gonbidatu bereziak izango ditugu urtero. Euskal dantza tradizionalaren munduan goi mailako dantzariak eta ekarpen garrantzitsuak egin dituztenak gonbidatuko dira. Aurten bi dantzari eta dantza-maisu bikain izango ditugu gurekin: Inaki Arregi eta Mikel Sarriegi.

Inaki Arregi Donostiako Argia dantzari taldeko dantza maisua da gaur egun. Goizaldi dantza taldean hainbat urtez dantzatu zuen eta Pasaian jokatzen den Euskadiko aurresku txapelketa irabazi zuen 1983an. Gipuzkoako dantzetan gaur egun dagoen erreferentzia nagusietakoa da eta Gipuzkoako taula gimnastiko-koreografikoa metodoaren egilea da.

Mikel Sarriegi berriz Besaingo Aurtzaka dantza taldeko dantza-maisua da. Euskadiko aurresku txapelketa 7 aldiz irabazi zuen 1984 eta 1991 bitartean. Goiherriko dantza eta tradizioen bilketa lan handia egin du azken urteotan eta Gohierriko dantzen ikuskizuna aurkeztu zuen iaz Aurtzaka dantza taldearekin.

Arrateko ezpata-dantzan bakarlari lanak beteko dituzte Iñaki Arregi eta Mikel Sarriegik.

Taldearen osaketa

Hogeitamalau (34) dantzarik osatuko dute Arrateko Amaren dantzarien taldea. Taldearen buruzagia Josu Garate dantzari eibartarra izango da. Lau dantzarik ezpata txikiekin jardungo dute. Azkendariak izenarekin ezagutzen dira hauek, taldearen atzekaldean joaten baitira, aurrealdera pasa eta dantza egiteko ordua iritsi arte. Bi gonbidatuek Iñaki Arregik eta Mikel Sarriegik jardungo dute azkendari bezala. Horiekin batera beste bi eibartarrek jardungo dute: Enrike Izagirrek eta Oier Araolazak. Gainontzeko dantzariek ezpata luzeekin jardungo dute.

  • Buruzagia: Josu Garate
  • Azkendariak: Iñaki Arregi, Mikel Sarriegi, Enrike Izagirre, Oier Araolaza.
  • Ezpata-dantzariak: Roberto Altzerreka, Joseba Aranzabal, Maialen Araolaza, Haritz Arrieta, Gaizka Arrizabalaga, Irati Carballo, Maitane Castillo, Zuhaitz Elejalde, Ander Fernandez, Eneritz Ganboa, Izaro Gerrikagoitia, Amaia Goenaga, Aiert Ibarbia, Oier Ibarbia, Irati Kortabitarte, Ainhoa Larrañaga, Maider Lizarralde, Unai Lizarralde, Amaia Mutiloa, Ane Orbegozo, Leire Orbegozo, Amaia Recio, Ane Sarasketa, Zuriñe Torre, Malen Ulazia, Aintzane Uriguen, Harkaitz Urreta, Julene Usobiaga, Ekhi Zugasti, Hiart Zugasti.
  • Produkzioa: Arantza Uriguen

Arrate eta txistulariak

Eibar eta Debabarrenatik haratago Arrateko amabirjina Euskal Herriko herri musika jotzaileentzat erreferentzia garrantzitsua da. 1927an, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen sorrera batzar nagusia Arraten bertan egin zen, elizaren atarian, Eibarko alkatea, Ignacio Anitua bertan zela eta Arratek Amabirjinaren babesean. 2002an ospatu du txistulari Elkarteak 75. urteurrena eta Arraten bertan ospakizun handia egin zen, 350 txistulari inguru bilduta.

Arrate eta dantzak

Mendialdean ermita eta ondoan zelaia, tradizio luzeko jaiak, erritualak eta erromeriak… Arrateren ezaugarriek dantzarako plaza ezin aproposago egiten dute. Beraz, ez da harritzekoa Arraten dantzariak soka luzeko jardunean aurkitzea. Arrateko jaien inguruko datu zaharrek ere dantzaren eta erromeriaren ondorioz sortutako gora-beheretaz dihardute. Ondoko irudia, XVIII. mendeko grabatu baten irudia da, Arrateko elizaren aldarea agertzen da bertan, eta bere inguruan Arrateko zelaian erromeria antzematen da. Erromeria giroko estanpa horien artean aipatzekoa da hau, soka-dantza bat nabarmen adierazten duena. Dantzariak eskua elkarri emanda eta agintaria izan daitekeena, aginte-makila eskuan duela dantzari begira.

Soka-dantzekin batera, beste mota batetako dantza emanaldiak ere arruntak izan dira Arraten. Adibidez, 1913an Eibarko udalak Arraten antolatu zuen ezpata-dantzari lehiaketaren berri iritsi zaigu. Modan zeuden garai hartan horrelako txapelketak, eta Gipuzkoa eta Bizkaiko talde onenak hurbildu ziren Arrateko zelaira. Berriz, Antzuola, Donostia, Ermua, Gernika eta Bilboko ezpata-dantzariek parte hartu zuten lehiaketan. Txapelketa hura Eibarren taldea eratzeko pizgarria izan zen, eta urtebete beranduago, Arrateko zelain bertan aurkeztu zen “Dantzari Eibartarrak” izeneko taldea. Tomas Maiztegi berriztarrak prestatu zuen Eibarko talde hura, eta talde horretan ziren hurrengo urteetan Eibarko dantzari eta dantza maisu garrantzitsuenak izan zirenak. Adibidez, Satur Arriola Txirloia eta Gregorio Santa Cruz.

XX. mendeak aurrera egin ahala, Eibarren sortu izan diren dantza talde guztientzat lehen mailako plaza izan da beti Arrate, eta askotan taldeen estreinaldiak ere bertan egin izan dira. Adibidez, gerra zibilaren etenaren ondoren, lehen dantza taldea Educacion y Descanso eta Seccion Femenina erakunde frankisten itzalean antolatu zituen Gregorio Santa Cruz-ek, eta noski, estreinua Arraten izan zuten talde horiek, 1944ko irailaren 8an, Arrate egunean. Gaurdaino iritsi den taldearen sorrera, Eibarko Klub Deportiboko dantza taldearena 1958an izan zen, eta lehen emanaldia Arraten izan zuen taldeak noski, deportiboko mendizaleen finalista egunean.

Arratera begira sortu izan diren dantzak

Arratek horrenbeste dantza jardun erakarrita, izan dira apropos Arratera begira sortutako dantzak ere.

• 1963an Gregorio Santa Cruz-ek “Arratera Begira” izeneko dantza sortu zuen. Dantza hori Eibarko taldeek dantzatu izan dute zenbait aldiz eta dantza horren xehetasunak eskaintzen dituen koadernoa Gregorio Santa Cruz dantza maisua liburuan argitaratua izan zen 1998an.

• 1963an Jon Oñatibia txistulari oiartzuarrak Arrate izeneko dantza asmatu zuen, eta Arraten bertan eskaini zen Galdakaoko Andra Mari dantzari taldearen eskutik.

Tradizio koreografikoak

Arraterako dantza sorta bat sortu edo egokitzerakoan, dantza horiek hezur-mamitzeko zein tradizio koreografiko erabiliko den aztertzea izan da lehen urratsa. Dantza tradizionalak izango dira, baina tradizioaren ikuspegi dinamikoa, bizia izango da, tradizioa bera den halakoa beraz. Tradizioa prozesu dinamikoa da, gizarte belaunaldien arteko lotura egiten duena, eta gure aurrekoen ondare kulturalaren transmisioa bermatzeaz gain, belaunaldi berrien izaera integratzen duena.

Hori horrela izanik, ez dugu antzinako argazki zahar bat berreskuratu eta haren kopia fidelik egin nahi. Ez da gure asmoa erreprodukzio fidel eta estatikoa errepikatzea. XXI. mendeko dantzariak gara eta XXI. mendekoak izango dira Arrateko Amaren dantzak, koreografiak, tradizioak, jantziak eta doinuak. Baina aldi berean, erabat tradizionalak izatea nahi genuke, gure ezaugarri kulturalekin bat egiten duten gizartetan bizirik dirauten adierazpen tradizionalekin bat eginez.

Tradizioaren koreologia

Tradizioz gaurdaino iritsi diren euskal dantza tradizionalak deskribatzerakoan irizpide koreologikoak erabili dituzte zenbait ikertzailek. Sailkapen horietan oinarritu gara Arrateko Amaren dantzen zikloa osatzeko erabiliko ditugun egitura koreografiko nagusiak hautatzeko.

Ezpata-dantzak

Dantzariak bi, hiru edo lau lerrotan antolatzen dira. Bakoitzak ezpata luze bat du eskuan, eta ezpata heldulekutik eskuarekin hartuta punta aurreko dantzariari ematen dio. Denen aurrean buruzagia jartzen da, eta honek aurreko dantzarien ezpatak hartzen ditu. Ezpata-dantzak dira, eta ezpatak aipatuko ditugu behin eta berriz, baina aurrerago ikusiko dugun moduan askotan ezpata horiek beste tresna batzuengatik ordezaktuak izan dira. Makilak batzuetan (koloretako zintekin apainduta), lantza luze batzuk, e.a.

Ezpata, makila edo lantza izan, behin eta berriz errepikatzen den egitura ikus daiteke. Dantzariak bi lerrotan antolatzen badira V tankerakoa izangoda, eta dantzariak lau lerrotan badaude W tankerakoa.

Askotan, ezpata-luzeko dantzarien ondoan ezpata txikiak daramatzaten dantzariak ageri ohi dira. Normalean taldearen atzeko aldean joaten dira hauek, eta dantzatu behar dutenean aurrealdera pasatzen dira.

Ezpata-dantza egitura hauetatik abiatuta hainbat forma desberdin har daitezke. Baina badira zenbait mugimendu tradizioan askotan errepikatu direnak, eta hainbat tokitan dantzetan aurki ditzakegunak. Horietako batzuk jaso ditugu Arrateko ezpata-dantzarako:

  • Zubiak

Ezpata-dantza taldea ikusi dugun egitura horretan antolatuta dagoela, buruzagiak edo maisu zaharrak bere burua biratu eta atzerantz jotzen du. Dantzariek ezpatak ez dituzte askatzen, eta ondorioz, denek buruzagiaren ibilbidea egingo dute, aurreraino lehenik eta atzeruntz ondoren. Ezpatak askatu gabe mugimendu horiek egiteko bi modu nagusi erabili izan dira. Ohikoena ezpatak buru gainetik altxatzea da, eta horrela dantzariak azpitik pasako dira.

  • Ganbarak

Normalean agintariak eta omenduak azpitik pasarazteko egiten den ganbara edo arkua.

  • Zintzarria

Ezpata-dantzetan oso zabaldua dagoen beste egitura zintzarria, arrosa, parrilla edo degollao izenekoa da. Ezpatak elkar gurutzatuz osatzen da egitura hau, dantzarietako baten lepo inguruan antolatzen da maiz. Zintzarriaren gainera igo ohi da buruzagia beste batzuetan. Euskal Herrian Legazpian eta Markinan ezagutu ditu mota honetako egiturak eta Arrateko ezpata-dantzarako ere erabili dugu.

Ezpata-dantzak Euskal Herrian eta Eibarren

Ezpata-dantza izan da gutxienez azken 3-4 mendetan Euskal Herrian eta baita Europako eskualde askotan gehien dantzatu den egitura koreografikoetako bat. Euskal Herrian ospakizun handi eta protokolo garrantzitsuenetan egiten zen dantza ezpata-dantza zen. Gorpuzti eguneko ospakizunak eta errege-erreginen bisietan erruz agertuko dira ezpata-dantzak.

1828ko ekainaren 2tik 14ra bitartean Fernando VII.ak Gipuzkoako hainbat herri bisitatu zituen eta ibilbide horretan egin zitzaion ongietorriaren ezpata-dantza eskaini zitzaion erregeari Gipuzkoako 17 herritan. Lizartzan, Tolosan, Billabonan, Andoainen, Urnietan, Hernanin, Donostian, Ordizian, Beasainen, Ormaiztegin, Zumarragan, Urretxun, Legazpian, Antzuolan, Bergaran, Soraluzen eta Eibarren dantzariekin, eta ia gehienetan ezpata-dantzarekin egin zioten harrera Fernando VII.ari. Talde handiak ziren gainera. Adibidez Donostian 50 ezpata-dantzari eta Zumarragan 60. Eibarren 20 ezpata-dantzarik osatu zuten taldea, Veinte danzantes de espadas de los más diestros jaso zuen Urbeltzek.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com