Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Toni Gonzalez: "Sormenean oinarritu behar dugu gure diskurtsoa"

Dokumentuaren akzioak

Toni Gonzalez: "Sormenean oinarritu behar dugu gure diskurtsoa"

2013/07/02 10:45
Toni Gonzalez: "Sormenean oinarritu behar dugu gure diskurtsoa"

I. Dantza Jardunaldia, Donostia, San Telmo Musoa, 2013-05-10.

Toni Gonzalez

Internazionalizazio proiektuetan aditua

Eskenarekin elkarlanean aritu nintzen 3-4 urtetan zehar euskal antzerkigintzaren nazioartekotzea egituratzen. 25-30 urte daramatzat esparru honetan lanean eta nazioartekotzea gai nagusi bihurtu zen niretzat proiektu handietan lanean hasi nintzenean. Garai hartan kaleko arteen eta zirkuaren inguruan aritzen nintzen batez ere, eta genero horiek nazioartekotzeko oso egokiak direnez, munduari begiratzeko nuen modua aldatzen hasi nintzen eta era berean mundura gehiago begiratzeari ekin nion.

Egungo egoera ez da batere ona. Katalunian esaterako konpainia askok ez dituzte joan den urteko diru laguntzak jaso eta bere kabuz ordaindu behar izan diete hornitzaileei esaterako. Oso zaila da jarduerak aurrera eramatea laguntzarik gabe. Murrizketak egon dira funtsetan eta murriztu ez direnak ez dira oraindik jaso. Horregatik, nazioartekotzearen mezua zabaldu nahiko nuke.

Gure baliabideak garatu

Toni GonzalezIreki egin behar gara, kanpora irten eta gure baliabideak aurkitu, garatu eta aurrera eraman. Garrantzitsua da beste bide batzuk jorratzen dituztenekin harremanetan jartzea, elkarlana sustatzea eta saltzea. Erakundeen laguntza oso ondo egon da, baina ezin gara haietaz fio. Elkarrekin bizi gara, eta elkarlanean jarraituko dugu, eta murrizketen aurrean kexatu egingo gara, baina ezin gara fidatu. Gure baliabideak garatu behar ditugu, eta eztabaida hauek erabili aurrera egiteko.

Nire esperientziak esaten dit, jendearen artean onarpena duela nazioartekotzea bultzatzeak eta ados azaltzen direla gehienak, baina gero ez da benetan egiten. Nazioartekotze tailerretan lan handia egiten da zentzu horretan; norbere proiektuak aurkezten ditu eta denon artean aztertzen ditugu, baliabideak garatzeko, kanpora nola joan eta zer egin jakin ahal izateko.

Zuzendu beharreko akatsak

Esan beharra dago, urteetan zehar kanpora joan diren hainbatek zuzendu beharreko akatsak egin izan dituztela. Hona hemen kontutan izan beharreko faktore batzuk. Komenigarria da nor eta nolakoak garen jakitea. Euskal Herria, Katalunia... herrialde itxi-samarrak gara, nazioartean harremanak izateko interes handirik izan ez dutenak oro har. Bestalde, Europar Batasuna, erkidego kulturala da, makro-kultura bera duelako. Urte luzez esan digute industria garela, saltzaile izan behar dugula eta merkantzia saldu behar dugula atzerrian. Diskurtso neoliberala izan da nagusi azken urteetan, eta indar zein baliabide gabe utzi gaitu diskurtso horrek. Gure arloa oso txikia da, industriaz hitz egiteak ez du batere zentzurik guri dagokigunez. Sormenean oinarritu behar dugu gure diskurtsoa, kultura da saldu behar duguna, eta ez industria. Zabaldu behar ditugun ideiak elkarlana, partekatzea eta proiektuak elkarrekin garatzeko asmoa dira.

Arrazoi asko daude nazioartekotzeko, beti egon dira, baina orain are gehiago. Besteak beste elkarbanatzea, ezagutzak zabaltzea, elkarrengandik ikastea, aurrera pausuak ematea, birak egitea, etab. Halere arrazoi nagusia ekonomikoa izan ohi da, dirua alegia. Merkatua egon badago, artista eta konpainiek badute lana momentu hauetan. Gainera, Europan funtsak daude proiektuak aurrera eraman ahal izateko, kulturaren alorrean ere bai.

Ikasteko aukera

Beste arrazoi garrantzitsu bat garapen profesionala da, eta ekarpen ekonomikoa baino are baliotsuagoa egiten du. Atzerrian lanak eta praktika garatzeko aukera gehiago egon ohi dira eta asko ikasten da. Horri lotuta beste arrazoi nagusi bat ezagutza handitzearena da. Munduak nola funtzionatzen duen ikastea garrantzitsua da. Komeni da alor bakoitzeko abangoardiak non dauden jakitea. Kanpoko berrikuntzak gurera ekarri behar dira, gizarte irekiago bat izate aldera. Atzerriko berrikuntzek hemengo gizartea kritikoago bihurtzen dute eta ondorioz aurreratuago.

Bestalde, politikariak gehien kezkatzen dituena herrialdearen “marka” deritzona da, eta dantza tresna paregabea da marka horretarako. Dantza hitzez harago doa, ulergarri da mundu osoan eta kulturaren adierazgarri da gainera. Beraz, nazioartekotzea denon ardura da.

Nire esperientzian oinarrituta, esan dezaket gehien ikasi dudan lekua ATM izan dela, Europako Antzerki Bilkura Informala. Urtean bi aldiz biltzen da arte eszeniko guztietako jendea hitz egin, programak eztabaidatu, espektakuluak ikusi eta bestelako ekintzak egiteko. Benetan gomendagarria eta interesgarria izan ohi da. Europan dagoen nazioartekotze eredu garbiena Flandesekoa da, lan handia egin baitute esparru horretan. Kanpora atera izan dira antzokietako zuzendariak, dantzariak eta ia zentro osoak, eta horri esker nazioartean ezagunak izatea lortu dute.

Kultura, hezkuntza, osasuna

Dantzak aukera zabala eskaintzen du; arte eszenikoaz gain hezkuntza eta osasuna ere hartzen ditu bere gain eta integraziorako tresna ere izan ohi da. Aniztasuna lantzeko aukera ematen duten hainbat alor jorratzeko aukera ematen digu. Nazioartean dantza bera ez ezik, dantzarekin lotutako guztia zabaldu behar da. Eta dantzari baten karrera ez da 30 urterekin bukatzen, gero proiektuak garatzen jarrai dezakete.

Dantzarekin lotutako ofizioak askotarikoak dira: dantzaria, koreografoa, hezitzailea, terapeuta, gizarte dinamizatzailea... Espainiak ez du industria kultural aitortza egiten, baina Europar Batasunak aldiz, bai. Europa sortzailearen diskurtsoan esaten da dirua egongo dela proiektu errentagarrientzat, eta dantzarekin lotutako proiektuak hala dira gizarteari dagokionez. Sormenezko proiektuak errentagarriak dira gizarteari onura ekartzen diotelako, hala dio europar batasuneko diru-laguntza programa berriak.

Gauzak horrela, gure lanak esparru askotan du bere lekua atzerrian. Alde batetik emanaldi eta birak zein erakustaldi zirkuituak daude, eta ekoizpena ere egiten dira enkarguz. Beste alde batetik gizarte heziketara bideratutako proiektuak daude, eta baita prestakuntza eskaintzen dutenak ere. Proiektu horiek guztiak aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoak dira laguntzak, ekitaldiak antolaketa eta programazio sareetarako bideak. Atzerrira joan ahal izateko nazioartekotze bide bat antolatu beharra dago. Metodologia bat behar da, gure egoera, lanaren interes maila, atzerriaz dakiguna, eta egin beharrekoa ezagutu eta planifikatzeko.

Nazioartera ikasteko gogoarekin irten behar da, eman eta jasotzeko asmoekin eta leiho eta ateak ondo irekita, bestela etxeak usaia hartzen du eta.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.