Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Oier Araolaza: "Ikasketa eta titulazio eza euskal dantza tradizionalean"

Dokumentuaren akzioak

Oier Araolaza: "Ikasketa eta titulazio eza euskal dantza tradizionalean"

2013/07/01 10:31
Oier Araolaza: "Ikasketa eta titulazio eza euskal dantza tradizionalean"

I. Dantza Jardunaldia, Donostia, San Telmo Musoa, 2013-05-10.

Oier Araolaza

dantzan.com / Dantzan Ikasi

2009. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez Dantzan Ikasi programak egindako azterketaren arabera, jakin genuen Gipuzkoan 300 dantza irakasle inguru aritzen direla astero-astero dantza tradizionaleko eskolak ematen. 300 irakasle horiek 10.000 dantza ikasleri ematen dizkiete dantza eskolak. Gipuzkoari dagozkion datuak dira. 300 irakasle horietatik batek ere ez dauka dantza tradizionaleko klaseak emateko titulorik. 300 irakasle horietatik batek ere ez du jarduera horretan aritzeko ikasketa formalik egin. Hamar-hamabost inguruk Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak emandako habilitazio bat du, Musika eta Dantza Eskoletan dantza tradizionala irakasteko baimentzen dutena. Ez dute inolako ikasketarik ez egin ez frogatu behar izan habilitazio hori eskuratzeko.

Gaur egun ez dago Euskal Dantza Tradizionalean ikasketak egiteko aukerarik. Titulorik ez dago, baina ezta alor horretan ikasketa formalak egiteko aukerarik ere.

Euskal dantza tradizionalari elkartuta jokatzeko ezintasuna leporatzen zaio maiz, eta neurri batean arrazoiz, baina zenbait gaitan erraz adostu ditu kontuak, eta horietako bat formazio beharra izan da.

1997an, Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak sektoreetako ordezkariak taldeka bildu zituen eta beren alorrean zein premia zeuden adosteko eskatu zien. Dantza Dantzan.com eta Dantzan Ikasiren kudetzailea. Donostia, I. Dantza Jardunaldia, 2013-06-10.tradizionalekook, bilera bakar batean eta aho batez, berehala adostu genuen zein zen lehentasuna. Ikasketa eta titulazio bat behar zuen dantza tradizionalaren alorrak. Hamasei urte ondoren eskolarik gabe jarraitzen dugu.

2008. urtean, Utahko Unibertsitateko Ballet Departamentuko Richard Wacko irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatera eta Eusko Jaurlaritzara deika hasi zen. Bere ballet ikasleak Euskal Herrira ekarri nahi zituen euskal dantza tradizionala ikastera eta ikastaro hori eskainiko zion Unibertsitate edo Institutoarekin harremanetan jarri nahi zuen. Horrelakorik hemen ez zegoela esan ziotenean zur eta lur geratu zen. Ezin zuen sinetsi. Salt Lake Cityra itzuli zenean gutuna idatzi zion Kultura sailburu Miren Azkarate eta kultura zuzendari Iñaki Gomezi: "Dear Miren and Iñaki. When we tried to find Basque Universities, with Folklore and Dance departments in which to arrange a university exchange, we were surprised to find there were none. (...) “I am writing to encourage the establishment of a Institute or Department of Folklore and Culture at a University in the Basque region”


2010eko ekainean, Eszenika, Arte Eszenikoan Goi Mailako eskola izan behar zenaren aurkezpenera gonbidatu gintuen Isabel Zelaa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak. Euskal dantzari pasarte zabala eskaini zion Sailburuak, besteak beste Estrabon, Voltaire, Humboldt eta Herellek euskal dantzari buruz idatzitakoak aipatuz, Zuberoako maskaradak nabarmenduz eta Juan Antonio Urbeltzen lana goraipatuz. Eszenika hutsean geratu da, baina Eszenika abiatu balitz ere euskal dantza tradizionalik gabe abiatuko zen. Arte Eszenikoen Goi Mailako eskolaren hasierako programazioan ez zegoen euskal dantza tradizionalarentzat tokirik.

2012ko apirilaren 21ean Euskal dantzaren alorreko 100 ordezkari elkartu ziren Eibarren Euskal Dantzaren Adierazpena sinatzeko. Ez omen gara ezertan ados jartzen, baina ez zen inolako eztabaidarik izan sektore honek dituen hiru lehentasun nagusiak ezartzeko, eta hiru horietako batek honela dio: "Dantza tradizionalaren formazioa egituratu eta sendotzeko beharra dugu. Euskal dantza tradizionala, ahalik eta mailarik sakonenean ikasteko aukera eskainiko duen ikastegia behar dugu".

Urte oparoetan ezer ez da egin, eta orain krisian aitzakia bikaina aurkitu dute erakundeek. Krisia benetakoa da. Bai horixe, ondotxo dakigu krisiaren aurretik ere krisian geundenok. Eusko Ikaskuntzak, euskal kulturaren azken mende beteko ibilbidean brujula, zentzuna, ezagutza, oinarria, argia eta motorra jarri dituen erakundeak, zazpi langile kaleratu ditu azken hilabeteeotan. Adibide soil bat da. Hainbeste urtez eta urrats niñimoekin ehuten joan den kultur sarea nola deusesten ari den erakusten digun adibide bat baino ez.

Eta harrigarria, hori gertatzen ari den bitartean, jakin dugu, orain hiru hilabete eskas aurkeztu baita, euskal kultura ikergai izango duen EHUren Mikel Laboa katedra sortu dela. Besteak beste dantza, euskal dantza, ikergai izango omen du katedra horrek, eta 550.000 euro jarriko ditu horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta norbaitek azaldu beharko digu, nola den posible dirutza hori jarrita, nola den posible unibertsitateak euskal dantza eskolarik eman gabe jarraitzea, nola den posible euskal dantzako irakasle eta ikertzailerik ez izatea, nola onar daitekeen euskal dantza ikertu eta irakatsiko duen departamenturik ez sortzea...

Horrela kontuak. Euskal dantzan ez dago ikasketarik, ez dago eskolarik, ez dago titulorik, eta ez dago ikertzailerik. Baina ze polita geratzen den aurreskua atzerritar bat datorrenean...