Dokumentuaren akzioak
Lide Arana: "Dantzagunearen mandatua da sektorearen jarraipena egin, beharrak identifikatu, eta dantza sektorea babesteko ekintzak bideratzea"
Lide Arana
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura teknikaria
Gipuzkoako Dantzaguneari buruz hitz egingo dut piska bat, lerro nagusiak, helburuak eta abar azalduko ditut. Gipuzkoako dantzagunea 2009 urtean jarri zen martxan izen horrekin. Kulturaren Euskal Planaren ondorioz sortu zen. Dantzaren alorrean sektoreak eta instituzioek prozesu luze eta gogor baten ondoren, hemen zaudeten askok gogoratuko dituzue bilerak eta horrelakoak, lehentasunezko lerro estrategiko batzuk identifikatu zituzten. Horien artean, herrialde bakoitzean dantzarako baliabide zentro bana zabaltzea, dantza etxe edo dantza gune bezala ezagutuko zirenak. Planean ez zen zehatz mehatz adierazten dantza zentro horiek zein bereizgarri izan behar zituzten, baina bai lurralderako baliabideak emango zituztela, hori zela bere helburu nagusia, dantza sektorearen garapenerako tresna bat izango zirela, eta herrialde desberdinetako dantza etxe hauek, denen artean sare bat osatuko zutela.
Gogoratu nahi ditut lerro estrategiko haiek zeintzuk izan ziren:
- Dantza Etxeak
- Dokumentazio eta agiritegi kudeaketa sistema bat egituratzea
- Hirugarren eta laugarren lerroak dantzaren formazioari buruzkoak ziren. Lehen eta erdi mailako zikloak osatzea, eta baita ere goi mailako zikloa osatzea.
Hortaz aparte, lan lerro zehatz batzuk ere markatu ziren:
- Diru-laguntzen errebisioa
- Sorkuntza bultzatzea
- Etengabeko formakuntza
- Programazioa sendotzea
Era hortako lerroak. Esango nuke, agian, lerro zehatz hauek, piska bat gehiago landu direla, baina lerro estrategikoak oraindik landu gabe daudela hein handi batean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, beraz, nolabait erronka hau hartu zuen, eta kontutan izanik Artelekun bazuela azpiegitura bat, 1994 urtean sortu ziren dantza aretoak bertan, ba erabaki zuen hau osatu, eta Dantzagunearen helburuetara moldatzea. Eta horrela, 2009. urteko uztailean, komunikabideetara aurkeztu zen. Lehen urtean, Dantzaz elkarteak bultzatutako gazte konpainiak bertan hartu zuen lekua, eta horrekin batera, Dantzagunearen lehen plangintza prestatu zuen, eta bere koordinaketa eraman zuen 2011 urterarte. 2011an, zerbitzu kontratu bat martxan jarri zen, plangintza osatuago bat eta baliabide ekonomikoak handituz, AIC enpresak hartu zuen eta orain arteak berak darama Dantzagunaren plangintza.
Dantzagunaren helburu nagusiak bi dira: sektorearen garapenareko baliabideak jartzea eta lurralde osoari begira lan egitea. Helburu huek lortze aldera, Dantzagunearen mandatua da sektoreko ekintzaile guztiekin harremanetan jarri, sektorearen jarraipena egin etengabe, beharrak identifikatu, ahuleziak eta indarguneak kontrastatu, eta dantza sektorea babesteko ekintzak bideratu. Helburu horiekin lan lerro batzuk markatzen dira, eta lan herro horiek lau esango nuke direla, eta horrela jasotzen da Dantzaguneari bururuzko dokumentazioan.
-
Sorkuntza koreografikoaren sustapena
-
Prestakuntza espezializatua. Ez arautua, baina bai hutsuneak osatzen saiatzea, bai alderdi tekniko-praktikoak, nahiz teorikoak landuz.
-
Dantzaren sozializazioa edo publikoen sentsibilizazioa, eta era hortako ekintzak lantzea.
-
Baliabide informatibo eta dokumentalak interesatuen esku jartzea. Dantzarekin zerikusia duten gaiei buruzkoak: eskolak, bekak, audizioak, konpainiak, ikuskizunen ekoizpenak, e.a.
Lan lerro hauek kontuan hartuta, sorkuntzari dagokionez, azpimarratuko nuke, adibidez Sortutakoak izena daraman egoitza programa. Sortutakoak programa honetan dantza garaikidean eta dantza tradizionalean oinarritutako sorkuntza lanak sustatu eta babesten dira. Lau deialdi egin dira dagoeneko, eta momentu honetan bat irekita dago programa honetan parte hartzeko. Azpiegitura fisikoa, hau da, dantzarako aretoa hilabete batzuetan zehar, dirulaguntza bat, kanpoko begirada bat, taldeak berak edo sortzaileak aukeratutako koreografo baten eskutik, eta laguntza teknikoa eta aholkularitza ematen ditu. Azpimarragarria da baita ere, aholkularitza artistikoaren zerbitzua, une honetan Asier Zabaletak ematen duena.
Sorkuntza lantzeko beste modu bat, aretoen lagapena da. Egutegi malgu baten bitartez, Dantzaguneko aretoak zabalik daude, dantza lantzen duten konpainia, dantzari eta kolektiboei, beraien eguneroko lana egiteko, sorkuntza prozesuak, ensaioak eta abar. Gainera, ez bakarrik Artelekun. Joera dugu, Dantzagunea, lekuarekin bakarrik, Artelekurekin lotzeko, baina Dantzagunea Arteleku baino gehiago da, bertako dantza aretoak baino gehiago da, lurralde osoko beste aretoe batzuekin sare bat lortzea ere badu helburu, eta harreman sare horri esker beste espazio batzuk ere errazten zaizkio erabiltzaileari.
Egunerokoan, Dantzaguneko aretoek, esan dezakegu %80-90 bitarteko okupazio maila duela, eta azkeneko bi urteetan, 50 kolektibo edo taldek erabili dute.
Formakuntzaren alorrari dagokionez, Dantzaguneak ikaskuntza prozesuak bultzatzen ditu, ez formazio akademiko arautua. Dantzaguneak berak antolatuta, edo Gipuzkoako beste entidade batzuek antolatutakoak babesten ditu. Urtean zehar, ikastaro praktiko eta teorikoen zerrenda luze bat gauzatzen da. Opor garaietako ikastaro bereziak, konpainia egoiliarren klase irekiak, e.a. Bai Dantzagunean bertan eta bai Gipuzkoako leku batzuetan ere.
Azpimarratzekoa iruditzen zait Dantzan Ikasi egitasmoa. Dantzan Ikasi egitasmoa 2009 urtean, Aldundiak, Dantzagunearekin batera martxan jarri zuen lan-lerroa da. Dantza tradizionala balioan jarri eta beraren irakaskuntza eta transmisioan laguntzeko asmoz sortu zen. Helburu zehatz bat du: dantza tradizionalaren ikasketa arautu baten curriculuma lantzea titulazio ofiziala lortzeko bidean. Dantzan.com elkarteak bideratzen ditu proposamenak, Euskal Dantzarien Biltzarra eta Ikerfolk entitateen babesarekin, eta oro har, dantza tradizionalaren sektoreko beste talde eta eragileekin harremanetan.
Hirugarren helburua, sentsibilizazioa eta dantzaren sozializazioa, hor sartuko genituzke entsegu irekiak, modu edo leku ez-ohikoetan egindako dantza saioak, bideoak, argazki erakusketak, komunikazio estrategiak, teknologia berrietan presentzia,... mota horretakoak dira herritarrak dantzara hurbiltzeko Dantzaguneak garatzen dituen ekintza ugari. Esango genuke, euri fin bat bezala dela, sirimiriaren efektua duena, dantzaz denok blai egiten gaituena.
Horien artean azpimarratu nahiko nuke "Arbelak mugituz" deritzan egitasmoa, interes berezikoa dela uste baitugu. Dantza tresna pedagogiko bezala hezkuntza orokorrean nola txertatu lantzen duena. Haur hezkuntzako ikastetxetara eskaintzen den programa bat da, eta une honetan 3 edo 4 ikastetxe dira bertan parte hartzen dutenak. Uste dugu etorkizunerako ere proiektu interesgarria izango dela eta espero dugu gero eta gehiago izatea bertan parte hartzen dutenak. Baita ere azpimarratzekoa litzateke Laboratorioa jarduera. Berritzailea dela uste dugu, dantzarekin zerikusirik ez duten beste alor batzuekin batera lantzen den esperientzia bat bezala.
Azkenik aipatu nahiko nuke konpainia egoiliarraren garrantzia. Dantzagunean badago konpainia egoiliar bat momentu honetan, hau da Dantzaz elkarteak bultzatzen duen konpainia eta profesionalizaziorako plataforma. Jardunaldi honetan beraiek ere parte hartuko dute eta hobeto esplikatuko dute beraien lana zein den. Baina bai azpimarratu nahi nuke, Dantzagunean oso rol edo paper garrantzitsua betetzen duela. Esango genuke elkar elikatzen direla Dantzagunea eta Dantzaz. Talde profesional bat bertan izateak Dantzaguneari ematen dizkion posibilidadeak nolabait ere biderkatu egiten dituelako. Egunero sortzaileak, kudeatzaileak, dantzarien etengabeko joan-etorriak, sorkuntzak, produkzioak, prestakuntzak, sentsibilizazio egitasmoak... kanpo irudia optimizatzen du.
Dokumentuaren akzioak