Dokumentuaren akzioak
Garazi Lopez de Etxezarreta: "Dantza tradizionalak, gure kulturaren adierazpide den heinean, tratamendu berezia behar du"
Garazi Lopez de Etxezarreta
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria
Jardunaldi hauek abiapuntu bat dira, espero dut emankorrak izatea eta balio izatea diagnostiko bat eta ondorio zehatz batzuk ateratzeko, eta baliagarria gertatzen bazaigu, aurrera begira ere horrelako gehiago antolatzea izan daiteke helburua. Lide Aranak hitz egingo du zehazkiago Dantzaguneaz, eta nik labur-labur dantza Gipuzkoako Foru Aldundiaren politikaren marko orokorrean aipatuko dut. Gero labur-labur ere, gure Dantzagunea Artelekuren toki-aldaketa dela eta proiektu berri batera joango dela, eta hori piska bat aurkeztuko dut. Ezer baino lehenago zorionak eta eskerrak Dantzagunea daramatenei jardunaldi hau antolatu dutelako.
Idea nagusi bezala, eta hori gure aurtengo aurrekontuak aurkeztu genituenean ere aipatzen genuen, sorkuntza da hildo nagusietako bat Gipuzkoako Foru Aldundiaren kultura zuzendaritza honen baitan. Sorkuntza modu zabal batean ulertuta, eta egia da gure aurrekontuaren zati handi bat hartzen duela. Handi bat baita ere, dakizuen bezala, inbertsio handi batzuk daudelako ere tartean eta hori ere hitz egiteko kontua izan liteke. Hor barnean sartzen ditugu espresio desberdinen garapenera bideratzen ditugun proiektu estrategikoak. Batzuk aipatzeagatik edo agian nagusienak: Arteleku, Koldo Mitxelena (Kultura departamenduko sustapen arloa hor dugulako baina baita bertan egiten den programazioagatik), Tabakalera eta Donostia 2016. Horrekin batera, eta dantzari dagokionean, hildo estrategikotzat jotzen dugu Gipuzkoako Dantzagunea.
Gure politikaren beste hildo nagusietako bat sareak sortzea eta indartzea da. Lurralde mailan bereziki, eta baita beste lurraldeekin ere. Gaur egun sareak sortzea behar beharrezkoa da sektorea sendotzeko eta saretzea, eta oro har, sektorea eta lurraldea dira gure helburu nagusiak, eta zentzu honetan, Dantzaguneak erreferentziazko gunea izan behar du, saretze hori bultzatuko duen nukleoa. Edo hori uste dugu izan behar dela, badela, eta seguraski gehiago izan beharko du eta espero dugu Errenterian izango dugun etxe berri horretan saretze lan hori oraindik indartuagoa egotea.
Sorkuntza gure hildo nagusietako bat da, baina horrek ez du esan nahi kulturaren balio katearen beste alorrak, ikerketa, formazioa, ekoizpena eta hedapena alde batera uzten ditugunik. Ondorioz, beti ere Diputazioaren eskuduntzen arabera noski, beste era batzutara, diru-laguntza, beka, eta hitzarmenen bitartez beste era bateko jarduerak bultzatzen ditugu, bai Dantzagunearen bitartez eta beste era batzuetara ere, prestakuntza edo formazioaren alorrean bekak eta egitasmo bereziak eskainiz, Gipuzkoako antzokietan dantza programazioa sustatuz, edo Gipuzkoan dantzaren alorreko elkarteek antolatutako egitasmo desberdinak lagunduz.
Dantza mota guztiak ditugu gogoan, eta bakoitzak bere egoera, bereizgarri eta behar desberdinak ditu, baina Dantzagunearen erronka da dantzaren adierazpen guzti horiei erantzutea. Eta hemen bereziki azpimarratu nahi dugu dantza tradizionala bereziki, gure kultura ondarearen adierazpen den heinean tratamendu berezia behar duela. Hori ziur aski izango da, jardunaldi hauetan eta beste batzuetan ausnartu beharreko zerbait.
Etorkizun hurbileko erronkei begira, nahi nizuen Artelekuren trasladoari buruz bi zertzelada aipatu. Dakizuen bezala Arteleku utzi beharra dago. Plangintza urbanistikoaren ondorioz dagoen auzunea eraberrituko dute, uholdeak ekiditeko metro eta erdi igoko dute auzo guztia eta Artelekuren eraikina desagertu egingo da. Horrek eraman gaitu, erabaki batzuk bai ala bai hartzera, eta erabaki dena da, nolabait, arte plastikoei dagokiena Donostian gelditzea, Santa Teresako konbentura ekartzea, eta hartara, Tabakalerarengadik ere gertuago egotea, eta dantzari dagokiona, ausnarketa desberdinak egin ondoren, aukera bat oso interesgarria ikusi dugu Errenteriara eraman eta bertako udalarekin elkarlanean proiektu berri batekin hara eramateko aukera.
Momentu honetan, guk Arteleku utzi behar dugu, beraz modu transitorio batetan Niesseneko Kulturgunean jarriko dugu Dantzagunea, nolabait gaur egun daukan itxura hori mantenduz. Baina proiektua askoz sakonagoa edo handiagoa da. Errenterian badago Lekuona fabrika, udalak hori berritzeko beharra bazuen, eta erabaki dugu, elkarlanean hor egitea proiektu berri bat dantzari eskainitakoa. Dantzagunea, noski, hara joango da, baina orain prozesu partehartzaile bat jarriko dugu martxan, eta nolabait, balio erantsi handiak izan beharko lituzke proiektu horrek. Batez ere herriak, Errenteriako herriak eta Diputazioak elkarlanean egingo duten proiektu bat delako, Dantzaguneak dituen balio horiek, aipatzen genituenak, izango dituelako, hau da, lurraldeari eta nola ez Euskal Herriari begira egongo den proiektu bat izango delako, baina lekua emango dielako baita ere Errenteriako herriak dituen behar eta nahiei. Eta hor bai nahi nukela azpimarratu, beste herri askotan ere tradizio handia dagoen bezala, Errenteriak izan duela eta baduela dantza tradizionalean tradizio inportante bat, hor dugu, besteak beste Ereintza elkartea, eta dantza garaikidearen alorrean ere Kukai bertan daukagula. Orduan, oso egokia iruditzen zaigu berpentsatu eta askoz aberatsagoa izango den proiektua garatzeko aukera hori.
Dokumentuaren akzioak