Dokumentuaren akzioak
Carmen Tercero: "Gero eta laguntza gutxiago jasotzen ditugu, eta beraz, lan handiagoa egin behar dugu baliabide urriagoekin"
Carmen Tercero
Jose Uruñuela Gasteizko Dantza Kontserbatorio Profesionala
Gure dantza kontserbatorioa Gasteizko udalarena da, eta finantziazioari dagokionez, hiru diru-iturri nagusi ditu; alde batetik ikasleek finantzatzen dute, eta beste aldetik Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren diru-laguntzek. Esan beharra dago, Jaurlaritzarena gero eta txikiagoa denez, Udalarena gero eta handiagoa dela. 1987an ireki zen kontserbatorioa eta ordutik modu arautu eta progresiboan egin dugu lan, ikasleek titulazio ofizial bat eta goi-mailako graduko ikasketak egiteko aukera izan dezaten.
Esperientzia eta lan urte luze hauetan, ikasle ugari pasa dira gure kontserbatoriotik. Oinarrizko hezkuntzan gasteiztarrak dira ikasle gehienak, eta hezkuntza profesionalean berriz, Euskal Herri osoko ikasleak etorri ohi dira (bizkaitarrak, gipuzkoarrak, arabarrak eta nafarrak) Beraz, kontserbatorioa ez da gasteiztarrena bakarrik, guztion kontserbatorioa da; ikasle guztiak berdinak dira guretzat. Ikasketei dagokienez, bigarren hezkuntza eta batxilerrarekin bateratzen dituzte gehienetan. Gurean dantza klasikoa lantzen dugu, baina ikasleek jasotzen duten heziketa osagarriari esker, goi mailako dantza-eskoletan edo konpainietan sartzeko aukera izaten dute.
Ezin da ukatu dantza karrera profesionalak esfortzu handia eskatzen duela, batez ere gazteen kasuan. 8 urtetik gorakoetan oso zorrotz eta selektiboa izaten da; piramide batekin aldera genezake progresioa; hasieran ikasle asko egon arren, piramidearen punta oso estua da eta beraz, gutxi dira karrera profesionala bukatu eta dantzan aritzen direnak. Halere, bidean geratzen direnen prestakuntza ez da edonolakoa. Gure ikasle gehienek, dantzari profesional izango ez badira ere, bizitzan aurrerago erabilgarri egingo zaizkien jakintzak bereganatzen dituzte. Gure ardura da halaber dantza karrera bigarren hezkuntza eta batxilergoko ikasketak alde batera utzi gabe buka dezaten. Izan ere ate hori irekita izatea komeni da, etorkizunean bueltatu ahal izateko.
Interpretazioa edo irakaskuntza
Ikasle batek dantza ikasketa profesionala bukatzen dituenean bi bide izan ohi ditu: interpretazioa edo irakaskuntza; ordena horretan. Oro har ez da fisioterapeuta izan nahi duen dantzaririk izaten. Edonola ere, bi aukera horietarako gai ez direla uste dutenean, edo inguruak beste zerbait ikastera bultzatzen dituenean, beste bide batzuek hartzea erabakitzen dute. Gurean pasa izan da, dantzari batek bere karrera emaitza bikainekin amaitu, eta halere beste ikasketa batzuk egitea erabakitzea.Eta kasu horietan ere, ikasleek dantzan eta ikasle berriak hezten jarraitu izan dute, ingeniaritza ikasketak egin bitartean. Medikuntza edo fisioterapia ikasteak ere, ez du zertan esan nahi ikasle berriekin lanean jarrai ezin dezaketenik, hasiera batean zerikusirik ez duten lan eremuak ematen badute ere, denborarekin uztar daitezke.
Bestalde, ikasle batek ikasketa profesionalak bukatutakoan, goi mailako ikasketak egitea erabakitzen badu, bertan lortutako titulazioak kontserbatorio profesional batean klaseak emateko aukera eskainiko dio. Beraz, ez da egia dantza irakasle izateko dantzari izan behar denik. Badaude dantza maisu eta maistra handiak, inoiz dantzari izan ez direnak; eta alderantziz, dantzari apartak, irakasle izateko batere bokaziorik ez dutenak.
Irteera profesionalak
Irteera profesionalei dagokienez, gure esperientzian oinarrituta honakoak dira:
Lehenik eta behin, prestigio handiko dantza-klasikoko konpainien eskolak. (Dantza klasikoaz arituko naiz gure espezialitatea delako, baina beste asko ere badaude gainerako alorretan.) Adibide on bat John Crancko-ren eskola da, Stuttgart-en. Oro har konpainia hauek dantza-eskola propioa izan ohi dute eta azkenengo kurtsoa egin ostean, aukeraketa bat egiten dute konpainian nor sartuko den erabakitzeko. Dantzari gutxi batzuk aukeratzen dituzte urtero, eta inor aukeratzen ez duten urteak baldin badaude ere, konpainiara zuzenean sartzeko aukera ematen dutela azpimarratu beharra dago.
Beste bide bat estatuko goi-mailako eskolak izan daitezke, hona hemen adibide batzuk: María de Ávila Goi-Mailako Dantza Kontserbatorioa, Madrilen; Antzerkigintza Institutua, Bartzelonan; edo Alicia Alonso Goi-Mailako Dantza Institutua. Eskola horiek gure ikasle izandakoak jaso dituzte dagoeneko. Goi-mailako eskola horietan koreografia lanetanparte hartzeko aukera izan dezakete eta baita konpainia profesionalekin elkarlanean aritzekoa ere. Gainera, esperientzia horrek etorkizunean konpainia sendo batean aritzeko bidea ireki diezaieke.
Ohikoena ikasketa profesionalak egin ostean dantzaren bidetik jarraitzea da, baina badago beste arrazoi batzuek direla medio, dantzari izateari karrera amaitu eta beste zerbait ikasi ondoren ekiten dionik ere. Esan beharra dago, ordea, berandu-samar izan ohi dela ordurako, 30-35 urterekin, dantzari profesionalak bere ibilbidearen bukaeran egotea delako normalena .
Goi-mailako Nazioarteko Eskolei dagokienez, ikasleak ditugu Rotterdamgo Codarts-en, Cannes-eko Rosella Hightower-en eta Frankfurteko Hochschule Furnishing-en, beste batzuen artean. Estatu mailako dantza konpainietan berriz, Corella Ballet-en Gaztela-Leonen eta orain Ballet de Barcelona izenaz ezagutzen denean aritzen dira gure ikasle izandakoak. Aipagarria da, eskola hauek krisia dela eta bizi duten gainbehera. Bestalde, oso harreman ona dugu dantza garaikidea lantzen duten estatuko konpainiekin ere. "Dantzaz"-en adibidez, gure ikasleak hartu izan dituzte, eta esango nuke beraiek ere gustura daudela elkarrekin egindako lanarekin. Garrantzitsua da elkarlana sustatzea, maila guztietan, ez gure inguru hurbilean soilik. Beste aukera bat dantza tradizionala eta garaikidea fusionatzen dituzten konpainiak dira, eta esparru horretan, gure ikasle izandako batzuk Aukeran-en sartu izan dira. Asko dira dantza klasikoa lantzen duten nazioarteko konpainiak ere, hala nola: Stuttgart-ekoa, English National Ballet, Ballet du Capitol, Toulousen. Azkenik, eskola eta kontserbatorioetako profesionalek sortutako dantza-eskola pribatuak aipatu behar dira.
Aukerak
Jarraian, dantza ikasketak amaitutakoan kontutan hartzeko beste alternatiba batzuk izendatuko ditugu:
- Norbere dantza-taldea osatzea izan daiteke bat, beste dantza-talde batean sartzeko aukerarik izan ez bada, adibidez.
- Dantza klasikoa ez den beste espezialitate bat jorratzen duten talde batzuetara jotzea, moldatzeko aukera eskaintzen badute bereziki.
Badaude beste aukera batzuk, hasiera batean kontutan hartzen ez badira ere, irtenbide profesional bat izan daitezkeenak. Hona hemen batzuk:
- Parke tematikoak: Gure ikasle bat Japonian egon da parke tematiko batean lanean eta bertan pasa ditu urte batzuk. Esperientzia aberasgarria izan da, baina esan beharra dago oso gogorra dela etxetik hain urrun egotea.
- Musikalak.
- Cirque du Soleil
Ideia zoroak ematen dute, baina egingarriak dira.
Bestalde, formazio gehigarri batekin, hainbat esparrutan lan egiteko aukera egon daiteke, besteak beste: Dantza irakasle, zuzendari artistiko, dantza-kritiko, fisioterapeuta, dantza-psikologo, dantza-argazkilari, jantzigintza, idazle izatea, dantzaren historian aditua, etc. Aukeretako batzuk formazio zehatzagoa eskatzen dute, baina badaude kurtso gehigarri bakar batekin egin daitezkeenak.
Atzerrian
Kontserbatorioko ikasle zenbait aritu dira konpainia garrantzitsuetan, eta bizitza profesionala atzerrian egin behar izan dute, gehienek. Estatuan Angel Corellaren konpainian baino ez dira aritu, eta momentu honetan lana erregulatzeko espedientean daude, eta kaleratu egingo dituzte momentu batetik bestera. Beraz, egindako esfortzuak ez du ezertarako balioko.
Gurera bueltatuta, egunero entzuten ditugu politikariak, oraindik ere dantzari laguntzeko prest daudela esaten, baina errealitatean gero eta laguntza gutxiago jasotzen ditugu, eta beraz, lan handiagoa egin behar dugu baliabide urriagoekin. Kate antzeko bat da bizi duguna; zenbat eta diru laguntza gutxiago jaso, orduan eta gogorrago egin behar da lan, bestela gure lana gutxietsi eta dirurik merezi ez dugula pentsatzen baitute. Ikusi egin behar gaituzte, lanean ari garela erakutsi behar dugu, nahiz eta gero akats txikienagatik ere kritikak jaso. Hori da gaur egun daukagun egoera, gure eguneroko borroka.
Dokumentuaren akzioak