Dokumentuaren akzioak
Olatz de Andres: "ADDEren helburua beste elkarte profesionalekin sarean lan egitea da, indarrak batu eta elkarrekin bultza egiteko"
Olatz de Andres
ADDE - Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea
ADDE zer nolako elkartea den, ze alorretan diharduen eta nola lan egiten duen azaltzen saiatuko naiz. ADDE 2003an sortu zen elkarte bezala, baina 2009an hasi zen bere jarduera erregularizatzen, kudeatzaile talde baten bidez eta bazkideei kuotak kobratzen. Hiru helburu nagusi ditu elkarteak: sektorearen barne kohesioa eta profesionalen lan baldintzen hobetzea, dantzari eragiten dioten kultur politiketan parte hartzea erakundeekin eta sektoreko eragileekin bitartekaritza lanak eginez, eta dantza gizarteratu eta sustatzea, bai maila artistikoan, bai formazioan, ludikoa, e.a.
Dantzaren alorreko ofizio guztiak ordezkatuta daude elkartean, bazkideen artean interpreteak, koreografoak, ikertzaileak, kudeatzaileak, irakasleak, e.a. daude, eta estilo guztiak ere, garaikideko presentzia handia dago, baina baita klasikoa, tradizionala, hiri-dantza, jazz... Dantza garaikidetik gertu dauden pertsonak bultzatu zuten elkartea, baina perfil guztietako bazkideak joan dira batzen eta elkartzen.
Gaur egun 110 bazkide ditu. 93 profesionlalak dira, 12 lagunak, eta 4 kolaboratzaileak dira. Tarifa desberdinak dituzte, hilerokoa aldatzen da, eta lotura desberdinak ere bai.
Nola lan egiten duen elkarteak
Kudeaketa talde bat du, bi lagunez osatutakoa, bulegoan lan egiten dutenak, eta 7 lagunez osartutako zuzendaritza talde bat, bi urtetik behin berritzen dena. Batzorde hau hilean behin elkartzen da, kudeaketa taldearekin batera, eta hileroko bilerez gain, proiektu puntualetan egiten du lan. Oinarrizko egitura horrez gain, lan batzordeak daude: hezkuntza batzordea eta sortzaileen batzordea. Batzorde hauek beraien alorretako proiektu zehatzak garatu dituzte. Aurten, lan-taldeak sortu dira. Adibidez, Dantza Eskolan izenekoa hezkuntzan sentsibilizazio lanak bultzatzeko asmoarekin. Ikerketa-Ekintza taldea berriz, bizitzen ari diren egoera zailaren aurrean elkartzea erabaki duen koreografo talde batek sortu du, zenbait alorretan zuzenean eta proaktiboki elkarrekin lan egiteko asmoz.
Hezkuntza
Lau lan arlo nagusitan aritzen da ADDE. Hezkuntza eta ikasketei dagokion arloan, tailer eta ikastaroak antolatzen dira, dagoen formakuntzari ez zapaltzeko kontuz beti, kudeaketa, zabalkundea edo diru-laguntzak eskatzeko proiektuak eta abar lantzeko tailerrak adibidez. Formazioaren alorrean dauden beharren diagnostikoa egiteko proiektua burutu da AIC-rekin elkarlanean. Horrez gain txosten bat egin da, Euskadin hezkuntza alorrean dagoen direktiba aldatzeko proposamenak bilduz. Adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiaren beketan adin muga bat zegoen bekak eskuratu ahal izateko eta hori ezabatzea lortu da. Horrela, beren burua birziklatu dezakete profesionalek bere ibilbidean Diputazioaren bekei esker.
Komunikazioa eta berrikuntza
Profesionalen biltzarrak, mahai inguruak,... Horrelako ekitaldiak dantza azoketan eta programatan kokatzen saiatzen gara, Umore Azoka, BAD, Dantza Hirian... eta gai desberdinak jorratzen erabiltzen dira. Iaz BAD jaialdian identitatea eta programazio lerroak izan ziren aztergai, Umore Azokan, aurten Dantza Eskolan hezkuntza alorrean sentsibilizazio lanei begiratuko die, Dantza Hirian-en nazioartekotzea izan zen aztergai iaz eta aurten ere bide horri segituko zaio... Biltzar profesionalak ere antolatu dira, sortzaile, egitura eta koreografo desberdinak elkartu eta zailtasunak eta erronkak partekatzeko,... Urtero Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da.
ADDEtik indar handia egiten da sektorearen presentzia nazional eta internazionalean. Dantza lanen katalogoa prestatzeko prozesuan ari da, ondoren azoka eta jaialdietan zabaltzeko. Etxeparekin elkarlanean egin da. Danza-T plataforman parte hartzen du ADDEk, estatu mailako plataforma da hau dantza profesionalen hainbat elkarterekin kontaktuan jartzen duena. Euskadiko dantzaren direktorioa eguneratu, bazkideen lanak eta dantzari buruz jasotzen den informazioa ezagutzera eman, lan-taldeetan parte hartze aktiboa izan, adibidez, Dantza-Biz, Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren aldeko plataforma, e. a.
Dantza eskolan
Dantza eskolan proiektuari buruz, zenbait koreografo eta eragile biltzen ari dira, dantza eskoletara eta beste hezkuntza esparru batzuetara eramateko proiektuarekin, elkarrekin txosten bat prestatu eta Hezkuntza Sailean aurkezteko, alor honetan egiten den lanari buruzko informazioa izan dezan sail honek eta mota honetako ekimenak babestu ditzan. Azken batean, hezkuntza zentroetan dantzaren sarrera posible egin dadin.
Ikerketa taldea hainbat norabidetan ari da, eta besteak beste beka eta diru-laguntzen deialdi eta programen berrikuspen lana egiten ari da. Zehazki dantza zirkuitoaren inguruan lan egiten hasi da, urte hauetako ibilbidea aztertzen duen txosten bat jaso dut Sareatik, eta dantza garaikidearen zirkuitoa nola hobeto pentsatu eta birpentsatzeko lanean ari da.
ADDEren helburua beste elkarte profesionalekin sarean lan egitea da, indarrak batu eta elkarrekin bultza egiteko.
Dokumentuaren akzioak