Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza

Orain arteko ekarpenak

Mari Domingi ez! Queer-Olentzero bai!

2013/12/09

Aritz Ibañez-ek idatzitako  Maridomingi Go Home! sarrerari erantzuten hasi naiz, baina gehiegi luzatu eta azkenean blogera ekarri dut. Mari Domingirekin egiten ari garen hankasartzearen salaketan sakontzera nator. Olentzerotik Bizar Zurira Ezin da ulertu Mari Domingiren sorrera eta hedapena...

Gehiago irakurri

Likinkeriaren bitsa

2013/12/01

"Kazuelan erlea legez, mordo batean gizon eta andreak nahasian" deskribatu zigun dantzaldia Madariagak. “Mutilak eta neskak, guztiak, zintzotasuna galtzeko prest” joaten zirela festara. Mutilak neskaren aurrean “mila keinu indezente” egiten zituzten “hezi gabekoak, asto basatiak” ziren....

Gehiago irakurri

Leandro anaiak dantzan, eskola boleroaren azken dantza-maisuak

2013/10/01

Ikaragarriak Manuel Sanchez Martinez-ek sareratu dituen bideo hauek! Mariano eta Anastasio Leandro anaiak dira, Murtziako Eskola Boleroaren azken dantza-maisuak, 1994ko grabazio batean dantzan. Eta nola dantzatu gainera! Itzela! Gipuzkoako dantzak balira, Jose Lorenzo Pujana dantzan ikustea modukoa litzateke hau. Gozatu!

Gehiago irakurri Erantzun 1 dago

Baztan-dantza, bideo biral bat ziberespazioan kateatuta

2013/09/13

Gaur iritsi zait uda osteko lehen emaila txinatarrak euskal dantza egiten erakusten duen bideoarekin. Noizean behin gertuko zein urruneko lagun edo ezagun baten emaila jasotzen dut. Teklatuan dituen harridura keinu guztiekin batera, zur eta lur utziko nauen bideo bat bidaltzen didala esaten dit: "T...

Gehiago irakurri

Euskaraz eta dantzan, Bietan Jarrai

2013/09/09

Euskal kulturgintzaren estrategia ildoetan dantza bigarren mailako jardueratzat hartzeak eragiten didan kezkaz aritu nintzen Argia aldizkarirako egindako azken kolaborazioan . Azkenean "Ez berbazkoak" jarri nion izenburua, baina zirriborroan "Bietan jarrai" idatzita izan nuen. Gero ez nintzen ausa...

Gehiago irakurri

Ez berbazkoak

2013/07/01

Euskararen biziberritzeaz eta euskal kulturgintzaz gogoeta mamitsuak egin ditu Sorguneak ikerguneak azken urteotan. Kultur bizitzaren azterketatik abiatu eta euskal kulturgintzaren estrategiak garatzeko oinarriak proposatu ditu. Azterketa eta estrategia, egunerokoan kateatuta bizi garenok premiazko...

Gehiago irakurri

Emakumeak eta dantza Iruritan

2013/03/25

Bihar Baztanen, Iruritan izango naiz "Emakumeak euskal dantzetan" hitzaldia eskaintzen. Azken urteotan eztabaida eta liskarrak nagusitzen ari dira Baztanen mutil-dantzen inguruan. Emakumeek mutil-dantzen ez dutela parte hartu behar uste dutenek ekitaldiak pribatizatzeko bidea hautatu dute. Hau da...

Gehiago irakurri

Krisia? Ze krisi?

2013/03/05

Lau urteotan askotan akordatu naiz gutun honekin . Orain lau urte krisia bazetorrela entzuten hasiak ginen, baina artean, batez ere entzun. Harrezkero antzeman dugu, bai horixe. Eta ni Monikarekin akordatzen naiz. Zertan eta nola ibiliko ote zen lau urte latz hauetan. Hara zer idatzi zuen orain l...

Gehiago irakurri

Maskarada ala maskaradak?

2013/02/13

Zuberoako maskaradak beti pluralean izendatzen entzun izan dut nik. MaskaradaK eta ez maskarada. Horren inguruan han eta hemen galdetu izan dut, eta Zuberoan gehienek halaxe erabiltzen dutela ohartu nintzen. Pluralean erabiltze horren azalpenak bakoitzak berea, baina erabilera ohikoa pluralean. Azken aldian komunikabideetan eta maskaradatik hurbiletik jarraitzen dituzten zenbaiten ahotan singularrean, "maskarada" irakurri eta entzuten ari naiz, eta kezka sortu zait. Ea besteoi zer iruditzen zaizuen.

Gehiago irakurri 6 erantzun daude

Argia Saria dantzan.com-entzat, esker hitzak

2013/01/28

Pasa den astean poz itzela hartu dugu dantzan.com bultzatzen dihardugunok. Argia astekariak ematen dituen Argia Sarietan, Interneti dagokion saria bertsoa.com-i eta dantzan.com-i ematea deliberatu zuen epaimahaiak. Ostiralean, urtarrilaren 25ean, Usurbilko Atxega jatetxean egindako bazkari-ekitald...

Gehiago irakurri

Orain arteko erantzunak

Oier Araolaza on Polemika Galizian gobernuak Fiturren aurkeztutako dantza-ereduagatik

2017/02/14

Xelebrea da kontua, ze antolatzaileek beraien "marka" bereiztu eta produktu bereizgarriak eskaini nahi izaten dituzte horrelako azoketan, eta ostera, dantza-produktu hauek elkarren traza demasa izaten dute. Talde bera, musika eta koreografia horrekin aurkeztu daiteke datorren urtean Asturiasko, Kantabriako edo Euskadiko estandean, eta inor ez litzateke konturatuko.

Eta ostera, turistak toki horietara doazenean ez zaie interesatzen produktu komertzial homogeneizatu-pasterizaturik, baizik eta bertako produktu (jateko zein ikusteko) natural eta berezkoak.

oier on Aurresku bat Usartzan 1932an

2017/02/01

Nik esango nuke Gerra zibilerarte aurresku-libreak (protokolario formaletatik bereizteko) nahiko ohikoak izaten zirela. Eta testuinguru batzuetan gerra ostean ere iraun zuten bakar-batzuk (Lorenzo San Joanen grabazioetan ikusten diren erakoak). 1910-20ko hamarkadan adibidez, Arraten, Arrate egun arratsaldean ohikoa izaten zen 14-15 soka-dantza dantzatzea, kuadrilla bakoitzak berea. Soka-dantza bera nahiko egituratuta izango zen, baina malgutasuna ere izango zen, eta gero, dantzari bakoitzaren dantzakerari buruz, nik uste dut garai horretako aurresku txapelketek erakusten dutenak lagundu dezakeela irudikatzen:
https://dantzan.eus/bideoak/bergara-1926-02
https://dantzan.eus/bideoak[…]rresku-txapelketa-1923-1928

Baina horrek ez du kentzen zenbaitek aurresku egituratu eta zurrunagoak dantzatu izana aldi berean, eta denen elkarbizitza gertatzea. Badira ia 20 urte horren inguruko pista politak eman zizkidala Patxi Beitiak, Eibarko Kezkako zuzendari izandakoak tarte txiki batean Bermeora ezkondu eta han Alkartasuna dantza taldea sortu aurretik. Patxik hauxe esan zidan:

"Aurreskua zelan egitten zan, Bizkaiko ala gipuzkuar erara?

Libria, nik libria beti egin dot, sasikua esateko, apurtxo bat donostiarra, bilbotarra ta puff, nahastekua. Gregoriok berak ez zekixan aurreskurik, ez dau jakin sekula, eta ipintzen eban beste bat, aiudantia edo, Mendarokua edo… haren zati bat, gero Bizkaikueri atarata beste bat, eta hola… Baiña ajilla egoten nintzan orduan, ensaiau be etxian eta, urte edarrak zertu nittuan. Gero urten neban Zaldibarren subcampeón de Bizkaia. Zaldibarrera presentau nintzan eta ni eibartarra naizela eta ezetz. Baiña azkenian hartu esten eta subcampeón de Bizkaia atara neban. 57 edo 58xan izango zan. Gero, bajatzen juan nintzan konkursuetan, Durangon, Arraten… "

https://dantzan.eus/[…]/iii-elkarrizketak

Nire aitxitxa Juan Arrieta elgoibartarrak ere esana zidan, gerra aurrean behin edo behin berak soka-dantzan, aurreskua edo atzeskua dantzatu izan zuela. Eta inokin ikasi ote zuen, eta nolakoa egin zuen galdetzerakoan (80 urte zituen ordurako) barrea ateratzen zitzaion, berak ez baitzuen inokin ikasi eta beraz, "ahal modukoa, zer zekien berak ba zer egin ote zuen..".

Oier Araolaza on Faustin Bentaberriri omenaldia 1979

2016/10/20

Mixel Aurnagek idatzi zuen Faustinenk "dantzatzeko manera guziz iraultzatu zuela antrexaten teknika zabalduz Garazi aldean".

Miguel Angel Sasgasetak ere antzeko zerbait dio Faustin Bentaberriri buruz "Luzaideko ddantzak" liburuan: "Zuberotarrengandik harturik —Atharratzeko Beñat Elgoyen maisu handiaren adiskide mina zen—, teknika berri bat egokitu zion Jauziak dantzatzeko erari, urrats zenbait antrexatak joz egiten erakutsiz. Era berri horrek arrakasta handia izan zuen gazteen artean Garazin".

Aurnagek gainera zera gaineratzen du: "Lekukotasun batzuen arabera badakigu Fauxtin Bentaberrik aski ongi menperatzen zituela Xiberoko dantzen teknika berri horiek eta noizean behinka bere etxean iragaiten ziren jauzi ensaioetan frisat lehiaketak egiten zituztela".

Bestalde, sistemari buruz diozunari lotuta, Aurnagek zera dio: "Dantza irakaskuntzaren aldetik eta dantzari zahar batzuk diotenez Fauxtinen usaia zen lehenik jauziak urrats ximplez erakustea eta hau ongi menperatua zelarik antrexaten sartzea".

Oier Araolaza on Amparo Sevilla: "Dantza ezazue, baliatu ezazue bizitzak ematen digun aukera eder hau"

2016/09/14

Amparo Sevillak marrazten duen ibilbidearekin oso identifikatuta sentitu naiz elkarrizketa hau irakurri dudanean. Eta iruditu zait gure inguruan ere antzeko ibilbidea egin dutela zenbaitek. Hau da, dantzaren eremu akademiko eta eszeniko batetik abiatuta tokian tokiko tradizio bizietara iristean, teknika eta ikuskizunarekiko interesa gutxitzea eta horren ordez dantzaren arima foko handietatik kanpo dauden dantzariengan aurkitzea. Ni, nire buruarekin konturatzen naiz, ikuskizunaren mundutik gertu jarraitu arren, ikuskizunaren munduak gero eta gutxiago kilikatzen nauela, eta ostera, pretensiorik gabeko tokian tokiko dantza xume baina arimadunek hunkitzen nautela.

Oier Araolaza on Laruns: Bal Ossalois 2016 Mouchicou

2016/09/01

Josu Garate-k aipatu dit ez dela antzematen urratsak markatzen dituzten. Halaxe da, ez zituzten markatzen, beraz, jauziak buruz zekizkiten denek.

Oier Araolaza on Piarres Adamek Olhetako plazan muxikoak dantzatu zituenekoa

2016/08/25

Oporretan Biarnon, Laruns-en dantza-jauziak ikusteko aukera izan dugu, eta Biarnoko jauzietan ohikoak izaten diren artazi edo ostikoak ikustean Piarres Adamen haixturrekin gogoratu naiz. Ez ote du horrekin lotura gehiago Zuberoakoekin baino?

Oier Araolaza on Piarres Adamek Olhetako plazan muxikoak dantzatu zituenekoa

2016/08/12

"haiztur"ak aipatzen dituenean, urrats bakoitza bukatzean egin ohi den "korta" mugimenduaz ari ote da? Hala balitz modu polita da hori izendatzeko! Gaur egur erabiltzen ote da? Edo idazlearen burutazioa izan da?

Oier Araolaza on 60 jaialdi diru-laguntzarik gabe utzi ditu Eusko Jaurlaritzak

2016/06/22

60 jaialdi, euskal kultur sarea osatzen dutenak, antzerkia, dantza, zinea, literatura, musika... kultura mugiarazten dutenak, diru-laguntzari gabe utzi ditu Jaurlaritzak eta gainera antolatzen hasi aurretik laguntzarik ez zela izango jakinarazi gabe. Donostia2016-ren albo-kalteak dira hauek? Baina orduan, zertarako da Donostia2016 horren eraginez kultura sarea deusesten bada???

Oier Araolaza on Bere folkloreaz lotsatzen den herria izango da aurten Smithsonian Folklife jaialdian

2016/06/21

Bai, halaxe da Aritz. Euskal dantzaren sektorean bertan ditugu gure buruarekiko konplexu larrienak, ez dugu balioesten gure ondarea. Aurrekoan kulturgintzari ere begiratu nion: https://dantzan.eus/[…]/dantzaren-aienea-jalgi-jardunaldietan

Oier Araolaza on Dantzaren aienea Jalgi jardunaldietan

2016/06/14

Ez, ez nion erantzun galderari, arrazoi duzu. Galderak "Euskal kultur sorkuntzaren transmisioan" jartzen zuen fokoa, eta enfoke horretan dantza aintzat hartua izateko ditugun arazoak azaleratu nahi nituen. Algia, euskal kulturaren transmisioa hobetzeko neurri gehienek ez dutela balio dantza tradizionalarentzat definizio horretatik kanpo uzten dugun bitartean.

Zehazki tradiziozko dantzaren egoera ondo bidean jartzeko bost neurri? Ni bakarrarekin konformatuko nintzateke: euskal dantzarekiko gutxiespen eta kontsiderazio ezarekin bukatzea. Baztertzeari uztea alegia, horrekin dagoeneko hamaika neurri etorriko bailirateke natural: hezkuntzan, ikerketan, dokumentazioan, sustapenean, azpiegituretan,...

Alegia, dauden premia eta aukerak aintzat hartzea eta dagozkion erantzunak ematea, ez baztertzea. Dantza eskola bat sortzen bada euskal dantza ere kontuan hartzea; Sorkuntza, sustapen, ekoizpen edo biretarako diru-laguntzak ematen badira euskal dantza ere onartzea eta baloratzea; Mediateka, dokumentazio zentro edo artxibo bat sortzen bada euskal dantza aintzat hartzea. Ikerketa bultzatzeko asmoa dagoenean euskal dantzaren ikerketa ere aintzat hartzea.

Smithsonianekin gertatu dena euskal agintariek beren buruaz dituzten konplejuen erakusgarri aparta da. Beren herriko kulturaz, dantzaz eta folkloreaz lotsatzen diren agintariak ditugu. Diasporaren gain utzi dute euskal dantza tradizionalaren ordezkaritza Washingtonen eta asko pozten naiz diasporako lagunengatik. Baina diasporako dantzarie beraien poltsikotik ordainduko dute dena: bidaia, egonaldiak, jatekoak... dena! Hala ere pozik egingo dute, estatu-batuar hiritar batentzat Etxe Zuriaren aurrean zure kulturaren dantzak erakustea ohore handitzat dutelako, baina euskal agintarien lotsagabekeria antologikoa da.
Oier Araolaza

Oier Araolaza

Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. dantzan.eus-eko editore lanetan aritu naiz zenbait eta urtez gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Babestu dantzan.com