Dokumentuaren akzioak
"Dantza tradizionala ez da DANTZA"
Dantza tradizionalaren alorrean dihardugunok maiz entzun behar izan ditugu horrelako mespretxu hitzak dantza klasikoa edo garaikidea egiten duten zenbaiten aldetik: "hori ez da DANTZA". Dantza zer izan behar den mugatu nahi duen aurrejuzku baten ondorio da hori, eta hori salatu berri du Steve Paxton-ek. Sortzaile estatubatuarrak dio dantza zer izan behar den mugatzen duen aurrejuzku horren ondorioz bere ahalak galtzen ari dela dantza.
Madrilen izan da Steve Paxton apirilean, eta Reina Sofia arte gunean elkarrizketa antolatu zuten berarekin. 33 Fouettes blogean jaso dituzte Paxton-ek Madrilen esandako hainbat kontu, eta nire arreta piztu dute horietako batzuk. Merce Cunningham konpainiako dantzaria izan zen Paxton, Judson Dance Theater sortu zuen Trisha Brown, David Gordon edo Yvonne Rainerrekin batera, eta besteak beste Contact Impro disziplinaren sortzailea da bera.
Dantzaren alorrean Dantza zer izan behar den erabakiz eraiki den "instituzionalismoa" salatu du Madrilen Steve Paxton-ek, eta horren adibideak dantza tradizionalean dihardugunoi zuzenean eragiten digu. Honela dio Paxton-ek: "Me fijé en que la danza estaba perdiendo su potencial debido a la idea preconcebida de lo que ésta debía ser. Por ejemplo, según el institucionalismo, los bailes tradicionales no eran válidos porque no eran La Danza".
Paxton-ek Madrilen esandakoen laburpena egin dute 33 Fouettes blogean, eta merezi du irakurtzea, mamitsua izan baitzen bere hiz-jarioa. Nik hauek nabarmenduko nituzke:
- Gainontzeko kulturetan dantza ez dago egina antzoki batean ikusteko.
- Dantzariak beti beste artistengandik bananduta bizi izan dira, baita musikariengandik aparte ere.
- Behin John Cage-ekin haserretu nintzen. Eztabaida izan genuen, ea jendea naturala zen ala ez. Ni denbora osoan naturalaren bila aritzen nintzen eta berak esaten zuen natura gizakiengandik kanpo dagoela eta gizakiak naturatik kanpo daudela.
- Kultura desberdinak ezagutzean, esperientzia pertsonalak zartatu egiten du pentsamenduaren zurruntasuna. Horixe da orain bizi dugun mundua: zure telefonoa hartu eta 400 dantza mota ikus ditzakezu.
- Oinez ibiltzea ez da errepikapena, urrats bakoitza berdina dela esanez gure burua engainatzen badugu ere.
- Lan bat errepikatzeak ez du esan nahi berdin egiten denik... badakizue, inoiz ez zara ohera joaten birritan pertsona berarekin.
- Inprobisatzen hasi nintzenean nire gorputzak mugimenduak errepikatu nahi zituen. Entrenatu egin behar izan nintzen hori saihesteko.
- Ez daukat telebistarik. Ordenagailua daukat munduan zer gertatzen den jakiteko. Ez zait gustatzen dantza bideoak ikustea, jaki azkarra (fast food) bezalakoa da.
- Dantzariek bizitza pasatzen dute besteen mugimenduak kopiatzen. Hartzen duzun klase bakoitzean horixe da zure misioa, beraz, normala da pertsona ezezagunen mugitzeko forma erreplikatzea.
- Dantzarik gabeko kultura bat jokorik izan gabe arauak izatea bezalakoa da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?