Dokumentuaren akzioak
Ramon Pelinski hil da
Musikari, etnomusikologo eta musika eta dantza ikertzailea, bart zendu da Ramon Pelinski (1932-2015). Argentinan jaio eta Argentinan bertan, Frantzian, Polonian eta Alemanian egin zituen musika eta filosofia ikasketak, eta doktore izendatuta Montreal-eko (Kanada) unibertsitatean katedratiko izan zen. Tango musika sortzailea, pianojolea, ikertzaile eta idazlea, orain 20 urte inguru Castellon-eko Todolella-ko dantza ikertzen hasi zen, eta bide horretatik ezpata-dantzen mundua aztertzen aritu zen luzaz.
Todolellako dantzaren hariari tiraka Euskal Herrian izan genuen Ezpalak jaialdian 2007. urtean. Interesez eta jakinminez jarraitu zituen emanaldiak, galderaz bete gintuen erantzunak guk baino hobeto jakinda ere.
Hurrengo urtean, 2008an Ingalaterran, York-en ospatu zen Sword Spectacular jaialdian ere topo egin genuen. Todolellako dantzaren ikerketak ezpata-dantzen mundua begiratzera eramana zuen, eta York-en ezpata-dantzen alorreko ikertzaile garrantzitsuak batu ziren: Stephen D. Corrsin, Elsie Ivancich Dunin, Ivor Alsop. Aditu handien itzalarekin uzkurtuta ni, Pelinskik irribarre bihurriz esaten zidan, "hauek penintsulako ezpata-dantzetaz ez dute ideiarik ere, Oier, guk esplikatu beharko diegu..."
Bere azalpenak La danza de Todolella: Memoria, historia y usos políticos de la danza de espadas liburukotean (515 orrialde) jaso zituen, bertan Todolellako dantzaren ikerketa sakonaz gain, Europako ezpata-dantzen ikusmira zabala eskaintzen du, eta Euskal Herriko zenbait ezpata-dantza, zahar eta berri (Xemein, Arrate, Beasain eta Iruñea, adibidez) jorratzen ditu.
2012. urtean, Caceres-en ospatu zen SiBe-ren kongresuan, ezpata-dantzen inguruko mahai batean berarekin izateko zortea izan nuen. Alemaniako ezpata-dantzen inguruko komunikazio interesgarria eskaini zuen Ramon-ek. Alemanez ez dakigunok nekez ezagutu dezakegun mundu zabal eta harrigarria izanik, Ramon Pelinskiren eskutik lezio bikaina jaso genuen.
Gizon atsegina, jakintsua eta beti entzuteko eta ikasketako prest ageri zena, 83 urterekin eman du azken hatsa Ramon Pelinskik.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?