Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Ez dago aurreskurik sokarik gabe

Dokumentuaren akzioak

Ez dago aurreskurik sokarik gabe

Ez dago aurreskurik sokarik gabe

Lehendakariei aurreskua Gernikan, 2019-12-15. Argazkia: Irekia

Sinbolo kultural eta koreografikoekin despistatuta dago euskal egitura politiko eta kulturala. Eta ziur aski Lehendakaria bera ―eta Lehendakariaren protokolo zuzendaritza― dago galduen. Bizirik diren EAEko Lehendakariak batu dira Gernikan abenduaren 15ean, erbestean Lehendakari izan zirenak omentzeko, lehen Eusko Jaurlaritza erbestera behin betiko irten zeneko 80. urteurrena eta Leizaola Lehendakaria erbestetik bueltatu zeneko 40. urteurrena gogoan hartuta. Soka bereko katebegiak direla dantzan irudikatzeko aukera bikaina esku-eskura izan dute berriz ere. Eta guztiz oker aritu dira berriz ere.

Aurreskua Gernikan 2019
Dantzariak Lehendakariak agurtzen, Gernika, 2019-12-15. Argazkia: Irekia

Aurreskua bere jatorrizko forman, sokan, eskuz esku osatutako katean dantzatzeko abagunea zen. Baina horren ordez, berriz ere, soka etenda duen herri baten irudia eskaintzen duen aurresku indibidual eta hautsia irudikatu da. Dantzari soil bat lehenengo, eta bikote bat ondoren, Lehendakarien, agintari nagusien eta omenduen aurrean dantza erakustaldia egiten, euskal sinbolo koreografiko nagusiaren inguruko ezezagutza larria edo errefuxatze larriagoa berriz ere agerian jarriz. 

Agintarien aurreskuak

Euskal agintariak aspaldi ari dira aurreskuak dantzatzen. Baina aurresku horiek sinboloz, esanahiz, mamiz betetzen dituen tradizioa sokan dantzatutako aurreskuena izan da. Horrela ulertu eta bizi izan dute aurreko belaunaldiek eta baita gaur egungo hainbat agintarik ere. Hona adibide batzuk. Lehen irudiak guztiz lotuta daude Gernikan egin duten ospakizunarekin. Lehen Aberri Eguneko irudia da lehena, 1932koa, Eusko Jaurlaritza sortu gabe dago oraindik, baina sortuko dutenetako batzuk sokan ageri dira, Eusko Alderdi Jeltzaleko EBBeko kideak dira aurreskua dantzatzen ageri direnak sokan, Aberri Eguna ospatuz.

Lehenego Aberri eguneko soka-dantza
Lehenego Aberri eguneko soka-dantza. 1932-03-27, Bilbo. Argazkia: Aranzadi familiaren artxiboa.

Ze esan ondoko irudiari buruz. 1950eko hamarkadan, Donibane Lohizunen, erbesteratutako Eusko Jaurlaritzaren kideak dira. Jesus Maria Leizaola Lehendakaria tartean dela, aurreskua sokan dantzatzen ageri dira, Telesforo Monzonek gidatutako aurreskuan dantzan.

Aurreskua Donibane Lohizunen 1939 Aberri Eguna
Aurreskua Aberri Egunean erbesteratutako Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Telesforo Monzon, Jesus Maria Leizaola, Txomin Epalza, Javier Gortazar eta Manuel Irujo besteak beste aurreskua dantzatzen. Argazkia: Pako Suduperen Telesforo Monzon liburuan argitaratu da. Donibane Lohizune, 1939-04-02.

Juan Jose Ibarretxe, Lehendakaria sokaren buruan, diasporako euskaldunekin egindako aurreskuan. 

Ibarretxe soka-dantzan
Aurreskua Lehendakaritzan Gaztemunduko parte-hartzaileekin, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria sokaren burua dela, 2002-09-18.

 Eusko Ikaskuntzaren sorreran eta bere 100. urteurrenean ere sokan dantzatutako aurreskuak izan dira irudi sinboliko nagusiak.

Eusko Ikaskuntza I. kongresua 5
Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. Argazkia: Kutxateka / Ricardo Martin / CC BY-NC 4.0

Eusko Ikaskuntza I. kongresua 2
Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. Argazkia: Kutxateka / Ricardo Martin / CC BY-NC 4.0

Oñati EI 100 urte aurreskua
Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurreneko aurreskua, Oñati, 2018-11-24. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Oñati EI 100 urte sokaren irteera
Aurreskuaren irteera, Xabier Alkorta, Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko presidentea sokaren buru dela. Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurreneko aurreskua, Oñati, 2018-11-24. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Euskaltzaindiaren mendeurrena ere sokan dantzatutako aurreskuarekin borobildu berri da Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Diputatu Nagusia buru zuela sokan elkar-lotuz eta Euskaltzaindia bera sokan integratuz ospatu baitzuen efemeridea.

Gipuzkoako Diputazioa soka-dantza Euskaltzaindia 2019
Aurreskua Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, Euskaltzaindiaren 100. urteurrena ospatzeko, 2019-10-05.

Aurreskua ezin bakarka egin

Aurreskua, 'aurreko eskua' da, alegia, esku-dantza batean lehen dantzaria, aurreko eskuan aritzen dena. Aurreskuaren ohoreak esku-dantza horretan parte hartzean datza, soka horretako kide izatean, eta soka horrek lotuta irudikatzen duen komunitatearen ordezkari izatean. Dantzaria bakarrik ―sokarik gabe ageri bada, ez dago aurreskurik, atzeko katea, esku-dantza beharrezkoa baitu aurreko eskua izan ahal izateko. Bakarrik dagoen dantzaria ez da ez aurreskua ez atzeskua, gidaria izateko ezinbestekoa baita taldea, bakarrik izanik, ez gidari, ez jarraitzaile, ezer ez baikara. 

Dokumentuaren akzioak

2019/12/20 10:49
Bai, baina bakoitzari berea ere bai. Gure agintari eta protokolo arduradunen ezjakintasuna, konplejuak, eta euskal kulturarako sentsibilitate gabezia ezaguna da, eta salatu izan da behin baino gehiagotan webgune honetan.
Baina aurreskua edo agurra edo dena-delako-dantza hori dantzatu zen bertan, dantzari batzuk dantzatu zutelako. Hau da, agintariak eta protokolo arduradunak behatzez seinalatu barik, seinala dezagun ERE geure burua, dantzarien edo euskal dantzaren komunitatearena. Dantzarien komunitateak eusten baitio zoritxarreko eredu honi. Dela ezjakintasun hutsagatik, dela 'ohartu gabe', dela konpromisoagatik (erakunde baten dirulaguntza jasotzen duelako, halako eskaerak onartuta ordaindu beharreko ordainsari bezala), dela dantza hau komertzializatu eta prostituituta diru-iturri bezala edozein eztei edo ekitalditan (dantza-talderako diru-iturri, edo norbere poltsarako).
Beraz, bakoitzari bere ardura. Eta... estratejia aldatuko bagenu? Hezi dezagun euskal dantzari komunitatea, izan gaitezen zentzudun eta arduraz jokatu, finka dezagun aho batez zoritxarreko erabilera honi behin-betirako uko egitea, planto egitea.
Baina, nago... errazago izango dugula, sentsibilitatea piztuko zaion eta protokolo-eredua aldatuko duen agintari edo protokolo arduradun bat etortzea, eta hortik hastea aldaketa, dantzari komunitatearen ardura, adostasuna eta plantoa lortzea baino.

Artikulu honekin lotura handia, gomendatu nahi dut Hemeroteka atalean jasota dagoen hausnarketa hauxe, Ximun Fuch-ek idatzia joan den udazkenean:
https://dantzan.eus/hemeroteka/aitzen-ama
2019/12/20 14:11
Jakina, lehen ardura gurea da. Eta horretan dihardugu. Orain gutxi adibidez:
https://dantzan.eus/[…]/hitzaldia-soka-dantza

Gai hau oso argi izan arren eta aurresku desitxuratu eskaerak zientoa izan arren, azken 25 urteotan maiz lortu dugu hori sokatik bideratzea, baina beste askotan amore eman dugu protokolo-zuzendari, agintari, antolatzaile, ezkonberri zein kultur-ustezko-jakintsuen itsukeria eta entzungorkeriaren aurrean.

Ardurak ez dira berdinak. Kirol elkarte baten bultzatzaileak ez dauka zertan dantza-protokoloen eta sinboloen inguruan jantzita egon, eta jakina, okertu daiteke. Are gehiago inguruan dituen dantzariak ere galduta dabiltzanean. Baina euskal agintari gorenak eta bere protokolo-zuzendaritzak baditu baliabideak ongi janzteko, gogoeta egiteko, aholkulariak bilatzeko.

Lehendakariaren eta bere protokolo taldearen ardurak ezin dira besteenekin konparatu euskal forma kulturalen sinboloei eta horien erabilerari dagokionez. Eta azken urteotan ikusi duguna da, euskal agintari sisteman, maila desberdinetan, Foru diputatuak, Batzar Nagusietako kideak, Alkateak eta erakunde-sistemako maila desberdinetako agintariak aurreskuak sokan dantzatzeak eskaintzen duen dimentsio sinbolikoarekin guztiz bat egiten dutela, eta gogotsu daudela, une berezietan soka horretan parte hartzeko.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.