Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aitzen ama

Dokumentuaren akzioak

Aitzen ama

Agorrilean, hil zen Maite, Aitzen ama. Emakume euskalduna, Iparraldean errefuxiatua, euskaraz bizi, amestu eta eraiki zena. Okindegian, alkate frantsesarekin, nirekin eta edozeinekin euskaraz ari zena. Nire nerabezaroaz gogoratu naiz, larunbat arratsaldeko manifan gas negargarrien mina pairatu ondoren, tortila bat egin zigun, hartaz indarberritzeko. Gogoratu naiz bere begiradaz eskaileran, manifara berriz gindoazela. Metro eta erdiko emakume duin bat. Bere ehorzketan ere berea lortu zuena. Elizan, joaldunek, gaiteroek, txalapartariek, dantzariek... beren lekua izan zuten. Txominek aurreskua dantzatu zuenean, emozioa zabaldu zen elizan. Emakume puska bat agurtu genuen. Aurreskuak bere funtzioa bete zuen. Minduta, baina ongi egin izanaren sentimenduarekin atera ginen ehorzketatik. Doi bat harro. Komunitatean, gure kulturak minaz askatzeko duen tresneriari esker, gure heroi ikusezin bat agurtzeko moldea aurkitu genuen.
Egilea
Ximun Fuchs
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2019/10/13
Lotura
Berria

Hamabost egun ez ziren pasatu eta G7a kari, Ezpeletan, «Dama» famatu taldearen aurrean, aurreskua dantzatu zen. Ezpeletako piperra, Agur Jauna, gasna, urdaiazpikoa, eta aurreskua. Sabeleko mina. Ez dut auzitan ezartzen norberak prostituziorako duen beharra edo hautua. Hau norberak erabakitzen du. Bere gorputzarekin edo bere intimitatearekin bakoitzak egiten duenak niri bost. Baina hau ez da norbanakoarena. Dantza edo abesti hau euskal komunitatearena da. Egun horretan, nire lagunaren amaren gorputza zangopilatua izan zen.

Gure artea, gure komunitatearen existentzia beraren bermea da. Antzezlan bat gure hizkuntzan ikusten dugunean, edo film bat, Euskal Herri txiki bat gara. Askeak eta batuak. Gure komunitatea irriz ari da, edo negarrez, harritzen da, bizi da. Gure irudimena aberasten dugu. Komunitatea osatzen eta ureztatzen dugu. Hau ez badugu babesten, hau ez badugu ureztatzen, gure gizatasuna bera galtzen dugu, eta kontsumitzaile hutsak bilakatzen gara. Jan, edan, eta kaka egiteko artalde bat.

Euskal lurraldeetan, hauteskundeen sasoia dator berriz ere. Iparraldeko herriak, euskal autonomia, Espainiako estatuan diren erabaki guneetako hautagaiak jokoan dira. Programak bidean dira. Baina aurrekoetan bezala, kultura agertzen bada zeharka, kontzeptu hutsetan eta kontsumokoetan azalduko da, apaizeriaz josita: ongi izatea, elkarbizitza, aisialdia...

Gure artea ez da egina «ongi» pasatzeko. Ez da astebururako plan bat. Gure artea bizirauteko giltza da. Euskal jendartea ez da euskaraz mintzatuko behartua delako. Euskal jendartea euskaraz mintzatuko da euskaraz haserretu, maitemindu, kezkatu, poztu edo mundua pentsatzeko aukera baldin badu. Eta hau ez da behartzen, hau eskaintzen da. Arteak modeloak eskaintzen ditu apasionatzeko eta pentsatzeko. Estatu Batuek ongi ulertua dute soft power delakoa, eta aspaldian zinemako ekoizle indartsuena Estatu Batuetako armada da. Artearekiko maitasunagatik hartzen den erabakia da hau, edo eragiteko interesagatik? Zertarako gure herrian ezin dugu eskaini euskal komunitateak merezi duen artea eta kultura? Politika programak eraikitzen dituzten adituentzat agian ez gara aski duinak, eta, horren ondorioz, funtsezko eskubide hau debekatua izatea arazo bat ez dela uste dute? Noiz eta zertarako utzi zen gotorleku hau bazterrean? Edo zer, utzikeria da nagusi? Inkultura? Zeren funtsean, abertzalea izatea hau da: herria maitatzea eta ureztatzea. Zerk definitzen gaitu ez bada gure hizkuntzak, eta ondorioz gure arteak? Biluzik gara, bakar-bakarrik borrokatzen gara, eta eragile sozio politikoek beste norabait begiratzen dute. Eta euskaldunek ez dute euskaraz mintzatzeko eta bizitzeko aukera seriosik.

Euskal Herria existitzen ez denez, ez du historiarik. Kontakizunaren borroka hasi da, nahiz eta ez den benetan borrokarik. Gure lurraldeak ez dio eskaini kontakizun kontrastatuaren aukera bere biztanleriari. Serieak ateratzen dira Estatu Batuetako diruarekin, edo espainiar estatuak sustengaturik, eta, ondorioz, haiek erraiten digute zer pentsatu eta sentitu behar dugun. Guk film bat ateratzen dugu urtean, eta honi loraldia deitzera ausartzen dira batzuk. Barkamen eske gabiltza, ikusezin, itsu eta elkor gure herriari. Artistek berek onartzen duten egoera tamalgarri bat. Gaiak atera behar dira, eta urradura eragin, gizartean berriz josi ahal izateko. Familiek bizi izan dituzten traumak gizarteratu, elkarrekin, euskal komunitate gisa bakoitzak merezi duen babesa eskaini ahal izateko. Hautua hau da: ama agurtu, edo geratzen zaigun ondasun bakarra saldu.

 

Aurreskua dantzatu zieten Miarritzen egindako G7aren goi bilkurako agintariei eta haien bikotekideei.
Aurreskua dantzatu zieten Miarritzen egindako G7aren goi bilkurako agintariei eta haien bikotekideei. A. PARSONS / POOL / EFE

 

Dokumentuaren akzioak