Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Adio Larrain-dantza, edo aurtengo Sanferminetako kronika

Dokumentuaren akzioak

Adio Larrain-dantza, edo aurtengo Sanferminetako kronika

Adio Larrain-dantza, edo aurtengo Sanferminetako kronika

Argazkia: EFE

Badira behintzat 11 urte (eta 12 ez ote diren izan), Sanferminetako zortziurrenean Lizarrako Larrain-dantza dantzatu izan dugula Iruñeko udal plazan. Memoriak hutsegiten ez badigu, 2005ean dantzatu genuen lehenbizikoz. Urte hartan Turrillas maisuari egindako omenaldi batean, Iruñeko udal gaitero eta Pamplonesa musika bandaren doinura dantzatu genuen zezen plazan. Garaiko kultura zinegotziari gustatu eta uztailaren 14ean ere eman genuen. Oi zeinen polita gaita eta bandarako konponketa hori!!! Hurrengo urtean berriz! Eta tontamentian, nahi gabe —eta denborarekin, gogoz kontra— ohituratxoa sortu genuen urtero-urtero Larrain-dantza dantzatzekoa. 

Baina Larrain-dantzak Lizarran du zentzua, izatekotan, eta gehiago plazan eta kalez jantzita. Horregatik, jadanik duela urte batzuk aspertu ginen bahituta gintuen ohitura hortaz eta erremedioa jarri nahi izan genion. Aurten bai! Esaten genuen, ikasle txarren gisan. Aurten, Iruñerako dantza propio batzuk sortu eta zentzu osoa duen zerbaitekin ordezkatuko dugu Larrain-dantza! Tira, 'aurten bai' hori aurten izan da! Aurrekoan kontatu genizuenez, ekaina bukaeran, erdi ixilpean, aurkeztu genituen plaza erdian urtean zehar atondu ditugun trokeo-dantzak. Baina Sanferminetan dantzatuak izateko jaio ziren eta beraz, uztailaren 7an eta 14ean udal plazako publikoak goxoki hartzen ote zituen ikusi beharra genuen.

Uztailaren 7an, prozesio guztia buruan gauza bakarrari pentsa eman genuen tira, biri: trokeo-dantzei, doike, baina hamaiketakoari ere bai. Alde zaharreko karriketan goiti eta beheiti, arkua hemen, arkua han lau orduz ibili ondotik, Udaletxeko ezkaratzean sartu bezain fite arropak aldatu eta erraldoien balts batek irauten duen denboran prest ginen plazara ateratzeko. Jasota gera dadin, hauek izan ziren trokeo-dantzak eman zituzten dantzariak: Itziar Gonzalez, Mikel Tristan, Amaia Irigoien, Joseba Lorenzo, Maialen Ziaurriz, Jon Urmeneta, Leire Leza eta Hasier Moreno lehen taldean eta Ainhoa Urmeneta, Maria Izal, Maialen Etaio, Marta Zugasti, Itxaso Martinez, Irantzu Irigoien, Ainara Ranera eta berriz ere Leire Leza, bigarrenean. Aritz Ibañez, bobo lanetan. Estreinaldi guztiek eragiten duten urduritasunarekin, banan-bana eman genituen Kantatzen behar det hasi, Iruñeko ferietan, Ama begira zazu, Arri-arri mandoko eta Muga gainetik izeneko dantzak. Mila lorez eder genezakeen han gertatua baina onena, zuen begiz eta belarriz ikus eta entzutea:

Esan dugu lehenago, trokeo-dantza hauek bereziak direla guretako hainbat arrazoirengatik: lehenik, erditze luze baten ondorio izan direlako. Bigarrenik, amini bat ahantzirik dugun iparraldearekin lotzen gaituztelako. Hirugarrenik, azken urteotan sortu ditugun beste dantzekin senidetuta dauden trokeo-dantza batzuk sortzeko kapaz izan garela uste dugulako. Balegoke beste arrazoi bat ere.

Iruñeko trokeo-dantzak sanferminetan 01
Ezkerretik eskuinera: Julen Leuza, Ibai Indart eta Shanti Diaz

Leuza, Indart eta Diaz, Nafarroako gaitaren mundutxoan 3 abizen pisudun dira. Ez dugu uste Patxi Leuza, Xanleon Indart eta Tomas Diaz aitek elkarrekin jo izanen zutenik inoiz ere. Horregatik, esanen genuke haien seme Julen, Ibai eta Shanti gaita-danborrak elkarrekin jo izanak ere eman zietela berezitasun puntua gure dantza berriei. Guri behintzat ilusio berezia egin zigun! Julen Leuzak trokeo-dantzen sorkuntza prozesuan egindako lana ere azpimarratu nahi genuke hemendik.

Tira! Senide eta lagunak hurbildu zitzaizkigun ondotik, horrelakoetan senide eta lagunek esan ohi dituzten gauzak esatera. Bihotzez estimatzen dizkiegu, edozein gisaz. Eta aitortuko dugu, orohar, asebeteta geratu ginela gu ere.

Bi trokeo-dantza geratu zitzaizkigun uztailaren 7an eman gabe: Betroiarena makil-txikiena eta Pinpirin eta florian arku-dantza—. Uztailaren 14ean eman genituen beste pare bat trokeo-dantzekin batera Larrain-dantzaren ordez, esan bezala. Ez zitzaigu iruditu inork bere falta somatu zuenik. Eguzkia lagun, horrelako irudi ederrak utzi zizkigun lepo betetako udal plazako saioak.

Iruñeko trokeo-dantzak sanferminetan 02
Argazkia: Maite H. Mateo

Iruñeko trokeo-dantzak sanferminetan 03
Argazkia: Maite H. Mateo

Iruñeko trokeo-dantzak sanferminetan 04
Argazkia: Iñigo Alzugaray

Dantzan.eus-eko Eire Vila lagunak berriz ere grabatu zituen gure gora-beherak eta berari ere eskerrak!

Aspalditik egiteke duzun lan baten burutzeak ematen duen pozarekin bukatu genituen Sanferminak. Dantza gehiago ere egin genuen, uztailaren 6ean Foruen plazan, edo uztailaren 14ko Domingeran, esate baterako, baina oraingoan argazkiak ikustearekin konformatu beharko du irakurleak!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.