Dokumentuaren akzioak
Eta trokeo dantzak plazaratu genituen!

Erditze luzea izan da baina joandako ekainaren 25ean plazaratu genituen azkenik, hondar hilabeteetako lan ordu gehienak hartu dizkiguten trokeo-dantzak. Dugunako dantzarion egunaren baitan izan zen. Iaz hasi ginen egun hau ospatzen, urtean zehar dantzari txiki zein helduek landu dugunaren lagin gisa. Lagun giroak sekretua Sanfermin bitarte gordeko zigun bermearekin hautatu genuen emanaldia, trokeo-dantzak plazaratzeko. Hala ere, taldeko gaztetxoen txanda izan zen aurrena. Bigarren taldeko ikasleek Arizkungo sagar-dantza eta Baztango zortzikoa dantzatuz abiatu zuten emanaldia.
Bigarren taldekoen ondotik hirugarren taldekoen txanda. Ez ziren Baztandik asko urrundu. Bidasoa ibaiari segi eta Bortzirietan barruratu ziren, Beraraino heltzeko. Bertatik, Bordon-dantza dantzatu zuten.
Adin tarte ezberdinetan jauzika aritu ginen gero. Hirugarren taldekoek lehenego taldekoei (txikitxoenei) pasa zieten lekukoa. Hauek Lasarte Oriako Sorgin-dantza dantzatu zuten, adin horretako haurrek izan ohi duten lotsagabetasun eta graziarekin!
Txikienek koxkorxenei eman zieten txanda. Hauetako zenbaiti aste gutxi geratzen zaie gure txikien taldean, urrian hasiko baitira helduekin dantzan eta hartara, haien doaiak erakutsi nahi izan zizkieten plazan bildutakoei. Luzaide aldeko jauzi, kontra-dantzak eta dantza-luzea eman zituzten, fanfarrearen doinuei segiz.
Txikiek haien lanak bukatuta, horrenbeste irrikatutako momentua heldu zen guretako. Eginak genituen trokeo-dantza batzuk sortzeko beste saiakera batzuk, baina ez ziren guk nahi bezala atera. Abendutik ekainera 6-7 lan-hilabete luze eta bizi, aurretik huts egindako saiakerek utzitako hondartxoak ahantzi gabe. Oraingoan plazara ateratzeko modukoa iruditzen zitzaigun gure lana, baina ikusteke zegoen jendeak nola hartuko zituen. Estreinaldi ofiziala uztailaren 7an iragarrita zegoenez, familia-giroko emanaldi hau izan genuen esperimentu saio.
Julen, Beñat eta Shanti gaiteroen lehen notekin abiatu zen taldea.
Sarreraren ondotik heldu ziren 'Iruñeko ferietan' makil-handien mazurka, 'Arre-arre mandoko' zinta-dantza, 'Betroaiarena' makil-txikien dantza, 'Ama begira zazu' brokel-ezpatena eta 'Pinpirin eta florian' arku-dantza. Dantzak bukatu eta hasi arau, dantzariek haien kirioak menderatu zituzten eta momenturen batean disfrutatzera ere heldu zirela dioenik bada. Ikusleen aurpegietan —senide, lagun, gertukoak, noski— ez genuen keinu arraroegirik ikusten, aldrebes!. Ez zen gaizki!
'Muga gainetik' du izena gure giza-dorrearen doinuak, akaso han goitik mugaz-gaindi ere ikus daitekeelako zerbait. Dorrea osatu eta goratu beharreko guztia goratu ondotik, egindakoa desegin eta emanaldia bukatutzat eman genuen.
Gero, ikusle lagunekin bildu eta haien kritiken zain hortzak estutu. Zorionez, saioa ikustera bildu zirenen hitz goxoen errepikarekin erretiratu ginen bazkari legea egitera, Sanfermin eguna begipuntuaren xedean eta gure dantza berriek gutxi gora behera funzionatzen zuten lasaitasunarekin!
To be continued...
Mikel Tristanek hartu zuen argazki sorta ikusgai duzue hemen azpian:
Dokumentuaren akzioak
Orain arte San Lorentzoko dantzanteen trokeo-dantzak nituen begi-niniko. Orain biak ala biak, Dugunarenak ere bai.
Erantzun

Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05
- Elai Alai Kultur Elkartea on Dantza propioak izanen dituzte Iruñeko Sanferminek aurtendik goiti 2017/06/27
- Aritz Ibañez Lusarreta on Hara, Olentzero!!!! 2014/12/24
- Fernando Oiartzun on Hara, Olentzero!!!! 2014/12/24
- Iker Tubia Barberia on Iruñeko dantzarion agenda Sanferminetarako 2016/07/05
- Jesus Romo Uriarte on ...ozenki esan dezagun, eskerrik asko Bidador!! (Barañain, Gotaine eta Bilbo: kronika hirukoitza) 2016/04/29
- Patxi Montero on Soka-dantza, euskararen eguna ospatzeko 2015/10/27
- Aritz Ibañez Lusarreta on Joxemiel Bidadorren omenezko pastorala prestatzen ari gara Iruñean, urrirako 2015/05/07
- Xabier Etxabe on Joxemiel Bidadorren omenezko pastorala prestatzen ari gara Iruñean, urrirako 2015/05/07
- Iñaki Zugasti on Miarritzeko San Martinen ezpata-dantza 2014: Ezpata esku batean ta gure geroa bestean 2015/05/04