Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Dantzariak Jabier Aranburu
Jabier Aranburu

Jabier Aranburu

Jabier Aranburu (1960 - 1993)

Ordizian jaio zen Jabier Aranburu, 1960. urtean. Dantza ikasketak bere arreba Kontxi Aranbururekin hasi zituen Beasaingo akademian, hamalau urte zituela. Hamasei urte zituela London-eko Rambert Eskolan sartu zen, Kenneth Mason eta Angela Ellis irakasle izan zituelarik. Urtebete beranduago 200 dantzariren artean egindako audizio baten ondoren, Irango Balet Nazionalak aukeratu zuen eta urtebete egin zuen bertan dantzatuz. 18 urterekin Holandako Scapino Ballet-ean sartu zen, handik Holanda bertako Het Nationale Ballet-era pasatzeko. 1981ean Espainiako Ballet Nazionalean sartu zen, solista moduan, hain zuzen ere Nacho Duatok utzitako postuan, Victor Ullate zuzendari zela.

"Cantata 51" eta "Pastoral" balletak dantzatu zituen beste askoren artean, eta berehala nabarmendu zen bere dohainengatik. El Pais-en aipamen hau izan zuen 1981ean bertan "Javier Aramburu, un adolescente que baila como debió hacerlo Mihail Baryshnikov el día de su graduación en Leningrado y que se metió anoche en el corazón de los balletómanos madrileños para siempre".

Soldadutzarako etenaldia egin, eta berriz itzuli zenenean Maria de Avila zen zuzendaria. Bost urte egin zituen bertan, baina Espainiako Ballet Nazionalaren giroa gaiztotu egin zen. Alemaniara joan ziren dantza egitera, eta artisten munduan ohikoa den moduan, estreinaldirako txantxa bat prestatu zuten. Mutil batzuk puntako zapatilak eta tutuak hartu eta neska jantzi ziren. Eszenara atera eta neskak bailiran dantzatu zuten.  Maria de Avila zuzendariari ez zitzaion batere gustatu txantxa, eta 1986an zenbait dantzari espedientatu eta kanporatu egin zituzten, tartean Jabier Aranburu. Epaiketa egitera iritsi zen auzia, eta dantzariek irabazi zuten, baina Jabier ez zen berriz Espainiako Ballet Nazionalera itzuli.

Adierazgarria, garai iskanbilatsu horri buruz 1988ko El Pais-en jasotzen dena: "Otros, como Javier Aramburu -sin lugar a dudas la promesa más brillante de todos los chicos que han pasado por el Nacional-, no han tenido la suerte o el coraje para superar sus dificultades y simplemente han dejado de bailar."

1987tik aurrera, irakasle lanetan aritu zen. Gasteizko Sofia Abaitua eskolan irakasle hasi zen, eta aldi berean Dantza Akademia Nagusiko azterketara aurkeztu eta nota bikaina eskuratuta, Jesus Guridi Gasteizko Kontserbatorioan irakasle lan-postua eskuratu zuen. Eskolako zuzendaritzarekin arazoak sortu ziren eta Jabier depresio larri batean erori zen.

1993ko irailaren 25ean, droga gaindosi baten ondorioz hil zen Javier Aranburu, dohain harrigarri eta ibilbide gora-beheratsu bezain laburra izan zuen dantzari ordiziarra. Gasteizko Principal antzokian omenaldi goxo bat antolatu zioten bere lagun eta ikasleek agur esateko.

 

Joseba Juarez, Mikel Sarriegi eta Jose Antonio Begiristain-en artean osatu dute profil biografiko hau.

 


Azken urratsak