Dokumentuaren akzioak
Txatito, dantza egiteko jaioa
Javierri txikitatik zetorkion dantzari izateko gogo bizia, betidanik gustatu zitzaion mundu hau. Bere lehe npausoak Goierri euskal dantza taldean eman zituen. Baina Conchi, bere arreba, balleta ikasten hasi zenean, bera zoratu egin zen. Balleta ikasi behar zuela sartu zitzaion buruan, baina oraindik oso gaztea zen eta ikasketak bukatu egin behar zituen. Hala ere bere arrebak oinarrizko pausoak irakatsi zizkion eta berehala ohartu ziren Javierrek dantzari ona izateko behar ziren ezaugarri guztiak zituela.
Horrela ba, 14 urte zituenean hartu zituen balleteko lehen klaseak. Garbi utzi zuen bere dantza egiteko trebetasuna eta handik bi urtetara Londreseko Rambert eskolan onartua izan zen. Ez zuen inoiz zalantzarik izan, bera dantzari izango zen.
Eskola honetan urte bete egin zuenean, 17 urte zituela, Iraneko Ballet Nazionalarentzako froga batzuetara aurkeztu zen. 200 pertsonen artean gutxi batzu besterik ez zituzten behar, baina Javierrek talde txiki horren partaide izatea lortu zuen. Bere lehen kontratua izan zen. Oraindik adinez nagusia ez izan arren gezurra esan eta Iranera abiatu zen. Baina han hilabete batzuk besterik ez zituen egin, egun haietan Jomeiniren mugimendu islamikoak, Persiako Sha erregetzatik bota egin baitzuen. Errebolta eman zenean beldur asko pasatu zuten, bertakoak izango balira bezala jaztera beharturik aurkitu ziren behin baino gehiagotan. Javier, Iran utzi zuten azkeneko atzerritarren artean aurkitzen zen.
Itzuli eta berehala hasi zen lan bila Europan zehar. Horrela 18 urte zituenean, Holandako Scapino Balletean kontratatu zuten. Talde hau oso garrantzitsua izan zen gure dantzariarentzako. Batez ere haurrentzako lanak egiten zituzten, eskoletan ipuinak antzeztuz eta abar. Beraz ia egunero izaten zituzten funtzioak eta honek izaugarrizko esperientzia ematen dio dantzari bati.
Scapinon urte bete egin eta Holandako Ballet Nazionalarentzako froga batera aurkeztu zen. Kasu honetan ere bera hautatu zuten.
1981 urtean Espainiako Ballet Nazionalarekin harremanetan jarri eta garai hartan zuzendaria zen Victor Ullatek kontratatu egin zuen. Nacho Duato dantzariak talde hau utzi eta Javierrek bere postua bete zuen. Garai honetan "Cantata 51" eta "Pastoral" balletak dantzatu zituen beste askoren artean.
Soldaduzkara joateko eten bat egin eta berriz ere talde berean jarraitu zuen, baina oraingo honetan María de Avilaren zuzendaritzapean, Victo Ullatek bere postua utzi egin baitzuen.
Zuzendari berriarekin arazoak sortu ziren. Alemaniara joan ziren dantza egitera eta artisten munduan sarri egiten den bezala, estreinaldian broma bat prestatu zuten. Mutil batzuk puntako zapatillak eta tutuak hartu eta neska jantzi ziren. Eskenara irten eta neskak balira bezala, Serenadaren zati bat dantzatu zuten. Oso ongi atera zitzaien, baina María de Avilari ez zitzaion batere gustatu eta taldetik bota egin zituen. Epaiketa bat egin eta dantzariak garaile irten ziren. Dena dela Javier ez zen Espainiako Ballet Nazionalera gehiago itzuli.
1984.urtetik aurrera, irakasle lanetan aritu zen. Beasainen klase ugari eman zituen, eta baita Gipuzkoako Ballet elkarteak antolatutako ikastaro bat ere.
Azkenik Gasteizera joan eta Sofia Abaituan irakasle modura ibili zen. Garai honetan zenbait koreografia ere egin zituen, hala nola, "Romeo y Julieta" eta Bach-en kontzertu batzuk. Dantzako Akademia Nagusiko azterketetan sekulako nota onak atera eta Jesus Guridi, Gasteizko kontserbatorioan postu bat lortu zuen. Baina kasu honetan ere arazoak sortu ziren eskola honetako zuzendariarekin eta Javier depresio izugarri batean murgildu zen. Bere azkeneko klaseak Traspasos taldean eman zituen.
Javier Aranburu, "Txatito", gaixotu eta 1993ko irailaren 24an hil zen 32 urte zituela. "Principal" aretoan omenaldi goxo bat antolatuz esan zioten agur bere lagun eta ikasleek.
Dokumentuaren akzioak