Orain arteko ekarpenak
2002/10/04
Dagoeneko martxan dago Euskal Dantzarien Biltzarraren webgunea: http://www.euskaldantzarienbiltzarra.com
2002/09/30
CIOFF-en Espainiako atalak eta INAEM-ek, kultura tradizionalaren eremuan ikerketa lanak sustatzeko, Folklore Ikerketa beka baten deialdia egin ohi du ondoko gaiak harturik: Dantza, kanta, musika, janzkera, ipuin eta ele-zaharrak, artisautza, kirolak, jaiak eta ohiturak, hizkuntza eta literatura eta gastronomia.
2002/09/13
Euskal Dantza tradizionalean oinarritutako koreografia berriak prestatu ditu Argia dantzari taldeko zuzendariak.
2002/09/07
Munduko dantza konpainia garrantzitsuenetakoak izango dira datozen 15 egunotan Miarritzen, baina horrekin batera, hainbat ikastaro prestatu ditu Maitaldiaren antolaketak. Hona hemen ikastaroen zerrenda:
2002/09/03
Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen GAZTEMUNDU egitarauak aurten munduko Euskal Etxeetako euskal dantzariei Euskal Herrira etortzeko gonbidapena luzatu die. Hamabost egunez, irailaren 7tik 21era, Euskal Herrian bertan dantzak ikusi eta ikasteko parada izango dute.
2002/09/02
Irailaren 14 eta 15ean ospatuko da Basauriko 30. Dantza Agerketa. Tokian tokiko dantzak mantentzen dituzten taldeak, garai batean autoktonoak bezala izendatu zirenak, dantzatu ohi dute Basauriko Dantza Agerketan.
2002/08/30
Irailaren 7tik 21era bitartean egingo da Maitaldia Miarritzen. Euskal Herriko dantza jaialdi garrantzitsuena da Miarritzekoa eta aurten ere puntako konpainiak izango dira bertan. 12. Maitaldi honetan Errusiar Baletei omendu nahi zaie.
2002/08/20
Baigorriko Arrola dantza taldeak 60 urteurrena ospatu du abuztuaren 18an. Euskal Herri osoko dantzekin jaialdi bat eta kabalkada bat antolatu zituen ospakizunaren egun handirako.
2002/07/27
Eusko Ikaskuntzaren Folklore Sekzioak "Jentilbaratz" aldizkariaren 7.
zenbakia argitaratu du.
2002/07/21
Hiru kontinentetako 8 herrialdek parte hartuko dute Portugaleteko Elai-Alai dantzari taldeak antolatzen duen 28. Nazioarteko Folklore Jaialdian.
Orain arteko erantzunak
2015/05/11
Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izan da Martin Garitano azken lau urteotan, eta agintaldia bukatzen ari zaion honetan Berrian elkarrizketatu dute agintaldiari errepasoa eginez. Elkarrizketa bukaeran kontatzen duenak konfirmatzen ditu aurreskuaren burbuilari buruz esandakoak. Zenbat aurresku "egin" dizkioten lau urteotan kontatu omen du: «Ahaldun nagusi naizenetik 297 egin dizkidate».
http://www.berria.eus/[…]/kazetari_bat_agintean_tarte_batez.htm
2015/04/14
Bai Patxi, nire erantzunean jarri dudan bezala "amorratuta" nago "funtzio horren inflazioan geuk dugulako ardura puska eder bat". Dena den, "prostituzio merkeari" buruz, niretzat okerrena merkea izatea da. Ondo ordaindua bada, ni alde nago. Nik bi arrazoigatik ondo ikusiko nuke aurreskua dantzatzea:
1. Dantzariak dantza hori eskaini nahi dio beste pertsona bati, esker-onez, zoriontzeko, aitortzeko, balioan-jartzeko, e.a.
2. Ongi ordaintzen dute.
1. Lehena imajinatzen dut gehienek ontzat joko dutela, eta nik ostera, kasu horietan ahalegintzen naiz aurreskua egin beharrean soka-dantza bat antolatzen. Egokitasunagatik eta aurreskua bera debaluata, zentzua galduta, sentitzen dudalako. Eta soka-dantzatik aurreskua erauzterakoan dantzaren beraren balioa, indarra, interesa eraldatu eta hankazgora geratu delako. Soka-dantzan ohorea sokan zegoen, parte hartzean, sokan eskuz-esku dantzatzean. Aurreskua ostera erreberentzia moduko bat da, batek beste bati aurkezten diona. Aldaketa itzela da eta euskal dantzan izugarrizko atzerapausoa egin dugu horretan. Beraz, lehen kasua, onargarritzat izan litekeena askorentzat, ez zait batera atsegina gertatzen niri, eta aukera badut soka-dantza bat antolatzen dut ekitaldian bildutakoekin. Familiako ospakizun, lehendakariaren harrera edo ezkontza bat izan, denetan antolatu ditugu soka-dantzak azken urteotan.
2. Bigarren arrazoia defendatzeak denetarik entzuteko bidean jar nazake: mertzenarioa, prostitutoa, e.a. Egia esan ez dut inoiz dantzatu "ongi ordaintzen" zidatelako, baina hala balitz ez nuke kontzientzia txarrik izango. Uste dut aurreskurik okerrena dela gutxi ordainduta egiten dena. Debaluatuta eta funtzioa galdutako dantza desegoki bat itxurakeriagatik egiteko, gutxienez ondo ordainduko dute, ez? Baina... ondo ordaintzen al dute? Ba ez!!! Gehienetan nik entzun ditudan prezioek ez dute merezi prostituitzea. Eta horretan bai dugula errua dantzariok, gure lana ez dugulako balioesten ez baloratua izan dadin behar beste exijitzen. Are gehiago, esango nuke dantzarien arteko konpetentziak eta axolagabekeriak duintasunaren marraren azpira eraman duela aurreskua eta dantzaren balorazioa. Eta ondo ordaintzea ez da diru kontua soilik, balorazioa da. Besteak beste merkeegi (edo dohain) dantzatzearen ondorioz gertatu da inflazioa eta debaluazioa.
2015/04/14
Ni gero eta ipurterreago naiz kontu hauekin. Kokoteraino nago gizarte honetan dantzarioi ezarri diguten loreontzi funtzioarekin eta amorratuta funtzio horren inflazioan geuk dugulako ardura puska eder bat. Dantza batere axola ez zaien politikari, protokolo arduradun, kudeatzaile eta antolatzaileei ohore egiten diegu behin eta berriz, zergatik eta zertarako inork ez dakiela, eta kontrara, haiengandik inoiz ez dugu sumatzen gu ez gure alorrarekiko inolako interes, kezka edo gertutasunik. Gure dantza zahar eta ederrenetakoa, soka-dantza, zatikatu eta prostituitu dugu aurreskua eskaintzeko, eta trukean gutxiespena eta mespretxua baino ez ditugu jaso.
2015/04/01
Grabazio interesgarriak dira Alan Lomax-enak. Dena den, badira gauza bitxiak edo nahasteak fondo horretan. Adibidez, xiru-larru jotzaile hau:
http://research.culturalequ[…]oto-details.do?photoId=2758Zeanurin egindako argazkia dela jartzen du bertan, eta atentzioa eman diogu eta Juan Mari Beltrani galdetu diogu (bera aritu zen Aintzane Camararekin batera Alan Lomax-en bi CDen argitalpena prestatzen) eta esan digunez oker jarrita dago hori hor. Gaitari hori Zamora aldekoa omen zen. Era horretako hainbat akats daudela Alan Lomax-en fondo horretan ohartarazi digu Beltranek, eta tentuz begiratu behar direla fondo horiek. Bitxikeriak ere harrigarriak daudela. Adibidez, iparraldeko kantuak Gipuzkoan grabatuta, edo 50eko hamarkadan Euskal Herrian hain ohikoa zen esku-soinuaren grabazio bakar bat ere ez egin izana.
2015/02/19
Ederki! Misterioa argituta. Oikiako oilasko-biltzea da beraz! San Bartolome jaietan bi urtetik behin egiten dute. Mila esker Gari!
2015/02/19
Zahagi-dantzak eta puska-biltzeak Aizarna eta Oikian egiten dira, baina ez dirudi horietako bat denik, Aizarna ez behintzat, dantzarien jantziagatik. Goizuetako mozorroak izan litezke inauterietan? Berastegin egiten al da horrelakorik? Nik ez diot arrastorik hartzen.
2015/01/08
Arrazoi du Guilcherrek, "dantza ez da liburuetan ikasten den gauza bat", baina hala ere... zenbat ikasten den dantzaz liburuetan eta zenbat ikasi dugun gure dantzetaz Guilcherren liburuetan! ;-)
2015/01/08
Itzela da herrietako gazte kuadrilen arteko liskarretarako joera. XX. mende hasieran, Arraten bertan eibartar eta elgoibartar gazteek elkarrekin haserretzen jarraitzen zuten soka-dantzaren bueltan, batzuk txanda lehenago zutela soka ateratzeko, besteek aurrea hartu eta beren herriko neskak atera zituztela dantzara... Hirurehun urte beranduago antzeratsu jarraitzen zuten. 1620ko honetan ostera, ezpaten erabilerak eragiten du harridura. Ez ziren tontakerietan ibiltzen, letxe!
Azkenik, horrelakoak irakurri eta geure burua oraindik Arraten, dantzan, eta ezpatak eskutik eskura ditugula konturatzean, ostras, pasa gara belaunaldi batzuk han goitik!!
2014/12/10
Urteterdi pasa da Susana Beltran de Heredia bere aitonak 1950 inguruan egindako filmazio batzuekin etorri zitzaigunetik. Hura sorpresa dantza irudi eder haiek ikusita! Dantzan-en argitaratzeko baimena eskatu genion, eta baietz esan zigun Susanak, baina irudiak ondo prestatu eta dokumentatu behar genituela adostu genuen. Luze jo digu lanak, baina uste dut merezi zuela irudi hauek ahalik eta txukunen eta ongien dokumentatuta argitaratzea. Behin sareratuta oraindik zuzenketa, argibide eta osaketa gehiago iritsiko dira, eta horiekin borobitzen joango da irudiek duten balioa.
2014/12/04
Bideo hau (eta aurretik ikusi izan ditugun beste batzuk ere bai, baina hau oraindik era bortitzagoan) zaplazteko handi bat bezala sentitzen dut nik gure (irakur bakoitzak gure hori nahi duen eran, euskal dantzari edo jar ezazue nahi duzuen abizena...) dantzari aurpegietan. Gure dantzen zailtasun, edertasun, ikusgarritasun, berezitasun, bakantasun konparaezinaren aparretan ia itota ibiltzen gara maiz, eta hara, gure handikeria horiek eraikitzeko behar ditugun artifizio guztiak alperrikakoak eta trabazkoak izan daitezkeela esaten digu bideo honek. Emakume eta gizonezkoen debatea, jantziei buruzko kezkak, eszenaratzeari buruzko ardurak, gaitasun tekniko eta prestakuntza akademikoaren nahitaezkoei buruzko kaparradak... Azkenaldian telebista, facebooka eta uasapa, zein baino zein harrigarriagoa eta sinesgaitzago den ume akrobata-birtuoso-dantzariz betetzen zaigun unean bideo hau itxaropen izpi bat bezala hartzen dut. Posible da, bai, posible da edonork egiteko moduko dantza egitea eta gainera jendea hunkitzea. Biba dantza eta biba Igdireko erreginak!