Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Munduko euskal dantzariak Euskal Herrian: GAZTEMUNDU

Dokumentuaren akzioak

Munduko euskal dantzariak Euskal Herrian: GAZTEMUNDU

2002/09/03 18:43

Ipar eta Hego Amerikako 38 dantzari eta dantza taldeetako arduradun izango ditugu Euskal Herrian 15 egun hauetan. Gehienak Argentinatik datoz (24), Ameriketako Estatu Batuetatik (9), Uruguaitik (2), eta Venezuelatik, Mexikotik eta Txiletik bana. Gazteenak 15 urte ditu eta zaharrenak 52, bataz besteko adina 32 urtekoa da.

Parte-hartzaile gehienek eskarmentu handia dute beraien Euskal Etxeko dantza taldean dantzari, dantza-maisu eta zuzendari lanetan. Euskal Herrian egingo dituzten 15 egun hauetan euskal dantza tradizionalaren alorrean jardungo dute buru-belarri.

Hainbat dantza saio zuzenean ikusteko aukera izango dute: Irailaren 8an, Muskildako Ama Birjinaren egunean Otsagabian izango dira bertako dantza ezagunak ikusten, Irailaren 14an Basauriko Dantza Agerketan izango dira eta bertan Markina-Xemein, Antzuola, Oion, Falces, Donibane Garazi eta Tuterako dantzariak ikusiko dituzte. Irailaren 15ean Miarritzeko Maitaldira joko dute Juan Antonio Urbeltzen azken ikuskizunaren estreinua, Pas de Basque, ikustera, eta Irailaren 20an Azpeitiko Itsasi dantza taldearen 25. urteurreneko Dantzari Egunean izango dira, Azpeitian bertan.

Baina dantzak ikusteaz gain ikastaro teoriko eta praktikoak jasoko dituzte euskal dantza tradizionaleko hainbat aditu eta dantza maisurekin. Besteak beste ondoko adituekin ikasteko aukera izango dute: Mikel Aranburu Urtasun, Iñaki Irigoien, Angel Murua, Juan Antonio Urbeltz, Claude Iruretagoiena, Iñaki Arregi, Dominika Errekalt “Titika”, Jose Inazio Ansorena, Gasteizko Folklore Akademiako irakasle taldea (Jon Fernandez, Pedro Elosegi, Garikoitz Mendizabal), Sabin Egiguren, Juan Mari Beltran, Joxemiel Bidador, Patxi Laborda, Patxi Larralde...

Dantza eskola trinko eta serioa izango dute beraz 15 egunetan, baina izango dute festarako astirik ere, edo gutxienez jai giroan dantzatzeko aukerarik. Izan ere, Irailaren 9an, Zarauzko Euskal Jaian izango dira erromeria eta dantzarako prest, Irailaren 17an Bilboko Kafe Antzokian Patxi Perez-ekin Dantza Piko izango dute, eta aukera duten guztietan frogatuko dute dantzariak direla.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.