Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Aurreskuaren burbuilak eztanda egingo du inoiz?

Dokumentuaren akzioak

Aurreskuaren burbuilak eztanda egingo du inoiz?

2015/04/14 11:00

Edozein ekitalditara hurbildu eta zaila da aurreskurik ikusi gabe etxera bueltatzea. Astean zenbat aurresku ikusiko dituzte diputatu nagusiak? Eta Lehendakariak? Industriagune baten kanpoaldean egindako bidegorri baten inaugurazioak aurreskua behar al du? Bere ohore zentzua galtzeraino esplotatzen ari al gara aurreskua? Honen inguruan idatzi du Pablo Martinez Zarracinak El Correo egunkarian Hiperinflación del aurresku izeneko artikuluan.

Kezka aspalditik dator. Badira 10 urte horri buruz idatzi zuela Oier Araolazak Aurreskuaren ohorea artikuluan. "Aurreskuaren booma bizi dugu" zioen orduan, eta hamarkada baten ondoren berdin edo okerrago gaudela dirudi. Eraikuntzaren burbuilak eztanda egin zuen, baina aurreskuaren inflazioak puzten jarraitzen du. "Eraikin, errepide edo errotonda baten inaugurazioan, porlan tona batzuen aurrean jarri eta dantza egitea baino gauza ergelagorik nekez bururatzen zait" zioen Araolazak. Pablo Martinez-ek hauteskunde kanpainaz dio: "Sigue uno a un partido vasco en una campaña normalita y termina de aurreskus hasta las narices".

Inflazioak debaluazioa dakar, eta aurreskua ere halaxe dago noski, erabat debaluatuta. Jonmikel Intsaustik honela salatu zuen Nik ez dut aurreskurik nahi artikuluan: "Aurreskua ohorea eta esker ona adierazteko dantza izatetik, ezkontza eta beste zenbait ekitalditan hornidura gisa erabiltzen den ekitaldi folkloriko hutsa bihurtu da… hasierako ohorezko mezu guztia galduz alegia. Izan ere, aurreskuaren bitartez egun ez da ia inor omentzen." Oier Araolazak ere debaluazioa aipatu zuen eskilara mekaniko bati aurreskua dantzatzearen absurdoa salatzean: "Aurreskua egin beharraren beharraz, erabat debaluatu eta desitxuratu dugu". 

Nola bizi duzue gai hau dantzariok? Aurreskuaren inflazioan zenbaterainoko ardura dugu dantzariok? Zer egin dezakegu?

Dokumentuaren akzioak

2015/04/14 11:56
Ni gero eta ipurterreago naiz kontu hauekin. Kokoteraino nago gizarte honetan dantzarioi ezarri diguten loreontzi funtzioarekin eta amorratuta funtzio horren inflazioan geuk dugulako ardura puska eder bat. Dantza batere axola ez zaien politikari, protokolo arduradun, kudeatzaile eta antolatzaileei ohore egiten diegu behin eta berriz, zergatik eta zertarako inork ez dakiela, eta kontrara, haiengandik inoiz ez dugu sumatzen gu ez gure alorrarekiko inolako interes, kezka edo gertutasunik. Gure dantza zahar eta ederrenetakoa, soka-dantza, zatikatu eta prostituitu dugu aurreskua eskaintzeko, eta trukean gutxiespena eta mespretxua baino ez ditugu jaso.
2015/04/14 12:43
Ni ere kokoteraino. Baina agintariei edo 'gizarteari' begira baino, hobe gure baitan arakatzea. Zenbat dantzari edo dantza taldek eskaintzen dute agurra ezkontza eta ospakizunetan, finantziaketa iturri bezala? Hori ere prostituzio merkea da. Seguru asko ezagutza faltagatik edo injenuoki kasu askotan. (Bide batez: Ze ohore merkea, erositako 'aurreskua')

Berdin, dantza talde batek onartzen duenean udalaren edo dagokion erakunde ezjakinaren exijentzia, bixita eta inaugurazioetan eskatu ahala agurra dantzatu beharra, dagokion dirulaguntza jasotzeko tratuaren baitan.

Dantzariek eta dantza alorreko agenteek planto egiten ez dugun bitartean, jarraituko du 'aurresku' lorontziak.

Zer egin dezakegun?

Hezi (ezagutu) eta zentzuz jokatu.

Agurra, bere testuinguruan!!

Lehenbizi, dantzari / dantza agenteok arduraz jokatu, eta hezitzaile izan: gure jarreraz, eta eskatzen duenari azaltzen hori ezetz, eta zergatik.

Ohore egiteko dantza erabili nahi bada (ohitura ederra, portzierto), proposatu soka-dantza (laburra edo...), ohore egin nahi dutenek sokan parte hartuta, ohore egin nahi zaienak sokara gonbidatuta, eta hainbat hobe ohore egin nahi duenak berak agurra dantzatzeko esfortzua hartuta (edo ezkongai batek besteari, edo...)

Tira, ez dakit honek balio izango lukeen eskailera mekaniko baten inauguraziorako...


Halere, nik arazoa testuinguru zabalago batetan kokatzen dut, oso oso zabalduta jarraitzen duen eredu batetan: Euskal dantza = alardeak + txapelketak + 'aurreskua'????? Bueno, hori ere badaukagu, eta GU gara, ez dira agintariak bakarrik (agintariak, gehienetan ez dira jakitun).
2015/04/14 15:41

Bai Patxi, nire erantzunean jarri dudan bezala "amorratuta" nago "funtzio horren inflazioan geuk dugulako ardura puska eder bat". Dena den, "prostituzio merkeari" buruz, niretzat okerrena merkea izatea da. Ondo ordaindua bada, ni alde nago. Nik bi arrazoigatik ondo ikusiko nuke aurreskua dantzatzea:

1. Dantzariak dantza hori eskaini nahi dio beste pertsona bati, esker-onez, zoriontzeko, aitortzeko, balioan-jartzeko, e.a.
2. Ongi ordaintzen dute.

1. Lehena imajinatzen dut gehienek ontzat joko dutela, eta nik ostera, kasu horietan ahalegintzen naiz aurreskua egin beharrean soka-dantza bat antolatzen. Egokitasunagatik eta aurreskua bera debaluata, zentzua galduta, sentitzen dudalako. Eta soka-dantzatik aurreskua erauzterakoan dantzaren beraren balioa, indarra, interesa eraldatu eta hankazgora geratu delako. Soka-dantzan ohorea sokan zegoen, parte hartzean, sokan eskuz-esku dantzatzean. Aurreskua ostera erreberentzia moduko bat da, batek beste bati aurkezten diona. Aldaketa itzela da eta euskal dantzan izugarrizko atzerapausoa egin dugu horretan. Beraz, lehen kasua, onargarritzat izan litekeena askorentzat, ez zait batera atsegina gertatzen niri, eta aukera badut soka-dantza bat antolatzen dut ekitaldian bildutakoekin. Familiako ospakizun, lehendakariaren harrera edo ezkontza bat izan, denetan antolatu ditugu soka-dantzak azken urteotan.

2. Bigarren arrazoia defendatzeak denetarik entzuteko bidean jar nazake: mertzenarioa, prostitutoa, e.a. Egia esan ez dut inoiz dantzatu "ongi ordaintzen" zidatelako, baina hala balitz ez nuke kontzientzia txarrik izango. Uste dut aurreskurik okerrena dela gutxi ordainduta egiten dena. Debaluatuta eta funtzioa galdutako dantza desegoki bat itxurakeriagatik egiteko, gutxienez ondo ordainduko dute, ez? Baina... ondo ordaintzen al dute? Ba ez!!! Gehienetan nik entzun ditudan prezioek ez dute merezi prostituitzea. Eta horretan bai dugula errua dantzariok, gure lana ez dugulako balioesten ez baloratua izan dadin behar beste exijitzen. Are gehiago, esango nuke dantzarien arteko konpetentziak eta axolagabekeriak duintasunaren marraren azpira eraman duela aurreskua eta dantzaren balorazioa. Eta ondo ordaintzea ez da diru kontua soilik, balorazioa da. Besteak beste merkeegi (edo dohain) dantzatzearen ondorioz gertatu da inflazioa eta debaluazioa.
2015/04/15 10:59
Eztabaidaren txingarra piztuta mantentze aldera eta jakinminez... zer izanen litzateke zuendako ongi ordaindutako agurra bat eta zer ez? Ze agian, guk gure lanari prezio egoki bat jarriko bagenio (esaldi honek dauzkan ñabardura txar guztiez jabetuta), jendeak baloratuko luke zer den ongi dantzatutako agurra bat eta zer ez, edozeinek ez luke ez dakit zenbat sos (gutxi) gastatuko agurra-apaingarri bat jartzen bere lagunaren soltero despedidan... eta abar.
2015/05/11 11:35
Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izan da Martin Garitano azken lau urteotan, eta agintaldia bukatzen ari zaion honetan Berrian elkarrizketatu dute agintaldiari errepasoa eginez. Elkarrizketa bukaeran kontatzen duenak konfirmatzen ditu aurreskuaren burbuilari buruz esandakoak. Zenbat aurresku "egin" dizkioten lau urteotan kontatu omen du: «Ahaldun nagusi naizenetik 297 egin dizkidate».
http://www.berria.eus/[…]/kazetari_bat_agintean_tarte_batez.htm


Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.