Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Pas de Basque, Urbeltzen ikuskizun berria

Dokumentuaren akzioak

Pas de Basque, Urbeltzen ikuskizun berria

2002/09/13 18:21

Miarritzeko “Maitaldia” dantza egitarau zabalean aurkeztuko du Donostiako Argia Dantza Taldeak “Pas de Basque” ikuskizun berria. Gare du Midi antzokian eskainiko da ikuskizuna irailaren 15ean, igandean, arratsaldeko 17.00tan.

Hiru zati izango ditu ikuskizunak eta 50 dantzari eta musikarik aurkeztuko dituzte Juan Antonio Urbeltz folklore ikertzaile eta koreografoak prestatu dituen dantzak. Proposamen berri honen zati bakoitzak gai baten inguruan jardungo du. Lehenengoan nor-gehiagokako dantzak izango dira. Bizkaiko dantza tradizioan oinarrituta dantzarien arteko norgehiagoka eta desafioek hartuko dute eszenatokia. Bigarren zatian patua edo zoriaren inguruan dantzatuko dute dantzariek. Nafarroako ingurutxoak, zinta-dantzak eta esku-dantzak aurkeztuko dira. Hirugarren zatian Inauterietako dantzak antzeztuko ditu Argia dantzari taldeak.Zuberoako inauterietako giroan kokatuta Branlea eta karakoiltziaren ondoren Buhamesen eta Zamaltzainaren arteko harremana ikusiko, dantza garaikidearen lengoia erabiliz. Dantza eta korrika saio eroen artean, Kauter eta Buhamiek Zamaltzainaren heriotza eta berpiztea dantzatuko dute.

Argiako dantzari eta musikariekin batera Añorgako Arkaitz, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeetako dantzariek dantzatzen dute. Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, Marian Arregik gidatzen du musikari taldea, Iñaki Arregi, Jexux Larrea eta Fernando Aristizabal izan dira dantza tradizionaleko maisuak eta Ana Remiro izan da dantza garaikidekoa, eta Amaia Bueno arduratu da jantzigintzaz.

Juan Antonio Urbeltz eta Argia Euskal Dantzari Taldea

Bi aldi nagusi bereiz daitezke Juan Antonio Urbeltz dantza zuzendari bezala egindako ibilbidean. 1965 eta 1987 bitartean tokian tokiko dantzak egiten jarraitzen zen herrietan bilketa lana egin eta jatorrizko bertsioak berreskuratzen jardun zuen Argia dantzari taldea gidatuz. Herrialde bakoitzari buruzko ikuskizun monografikoak aurkeztu zituen Argiak 70eko hamarkada osoan zehar eta iturrietara jo beharra eta erreprodukzioekin zorrotz izan beharraren garrantzia zabaldu zuen Argiak hainbat dantza taldetan.

1987an, bildutako material etnografikoa barneratu ondoren, 20 urte lehenago Argiaren zuzendaritza hartu zuenean iragarri zuen sormen gogoari heldu zion. Lehen emaitza Irradaka izan zen, eta 1988an euskal dantzen sintesi bat proposatzen zuen Zortziko aurkeztu zen Confolens-eko Nazioarteko Jaialdian. Urtebete beranduago, bigarren zati bat gehitu zion, mairu eta kristauen ertaroko antzezlanetan inspiratutako Muriska sormen lana. Zortziko, 200 lagun inguruk osatzen zuten ikuskizun erraldoia zen. Argia eta Goizaldi donostiarrak, Añorgako Harkaitz, Beskoitzeko Oinak-Arin¸ Antiguo, Añorga eta Astigarragako haur taldeak, Iturengo Zanpantzarrak eta Elgoibarko Haritz dantzari taldeek parte hartzen zuten bertan. 1988 eta 1991 bitartean Zortziko ikuskizunaren 45 emanaldi egin ziren. Zortzikoren ereduan gehiago sakonduko du Urbeltzek 1992an estreinatu zen Alakiketan ikuskizunarekin.

“Kondharian. Irulea eta Itzaiaren ezteiak” 1997ko ekainaren 28an aurkeztu zen Bilboko Arriaga antzokian. Juan Antonio Urbeltz-ek zuzentzen duen Donostiako Argia euskal dantzari taldearen ekoizpena da Kondharian, Koldo Ameztoy kontalariak lagunduta dantza, musika, ipuinak eta mitoak elkarlotzen zituen ikuskizuna. Bost urte ondoren, 2002ko irailaren 15ean estreinatuko da “Pas de Basque”.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.