Nongo dantzariak dira?
Dantzariak Oikiako Matzisidor zubia zeharkatzen. Egilea: Javier Carballo Berazadi
Denbora asko ez da igaro Erniopeko paraje ederretan kokatzen den Artaunsoro aterpetxean lagun taldea batu ginela asteburuaz gozatzera. Bai gozatu ere! Ez da hau, ordea, asteburuak eman zizkigunen zehaztasunik emateko txokoa. Baina bai akaso datorren beste honetarako, izan ere, ia alde egiteko ginela lagunak ohartarazita horman jarrita zegoen erretratu honi erreparatu nion:

Dantzariak Oikiako Mantzisidor zubia zeharkatzen. Egilea: Javier Carballo Berazadi
Argazkia sakelekoaz eta argitasun gutxirekin atera nuen eta ordenagailuan garbitzen ahalegindu arren ezin izan dut gehiagorik egin. Dantzariak zubi gainetik ibairen bat zeharkatzen ageri direla agerikoa da. Zuriz jantzita, bi puntadun gerriko gorriz, txapela eta makila luzeekin batzuek, zahagi-dantza edo puska biltzen ote dabiltzan pentsatu dugu baina... ez naiz gai beste zehaztasunik aurkitzeko eta jakin-nahiak hitzok argitaratzera ekarri naute.
Natorren bukaerara: inork lagun lezake argazkian ageri diren dantzariak nongoak ote diren eta zein zubi zeharkatzen ari diren argitzen? Nork daki, argazkigilearen izena ere aurki genezake...! Ea dantzazaleok, nork lagun gaitzake?