Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Olaiz Agirrebeña Lekaio-dantza Arraten 1620an: soka-dantzatik ezpatetara

Dokumentuaren akzioak

Lekaio-dantza Arraten 1620an: soka-dantzatik ezpatetara

2015/01/07 09:00
Lekaio-dantza Arraten 1620an: soka-dantzatik ezpatetara

"armaron dança que llaman lecaio" aipamena XVII. mendeko ofizio autuan. Eibarko Udal Atxiboan. Eskribautza Funtsa. Sig. C/291-14

Lekaio dokumentua moztuta
Eibarko Udal Artxiboan. Eskribautza Funtsa. Sig. C/291-14
Herrietako artxibo historikoak paper zaharrez betetako toki bezala ikusten dira askotan, baina paper zahar guzti horiek dira gure historia eta tradizioa ezagutzeko dugun altxorra. Yolanda Ruiz Urbón Eibarko udal artxibozaina izan da oraingoan altxor horietako bat gure artera zabaldu duena.

Gertaerak

1620ko Arrateko Amaren bezpera egunean, irailaren 8a asteartean, aipatutako eskribaua zein alkatea meza entzuten ari ziren. Halako batean, kanpotik zarata eta istiluak entzun eta zer gertatzen ari ote zen ikusteko elizatik irten ziren. Elgoibar eta Eibarko gazteak borrokan zebiltzan, baina hura ez zen haratago joan. Alkateak, bakea berrezarri ondoren, hauetako bi denbora batez atxilotu eta gainontzekoak libre utzi zituen.

Istiluak, ordea, ez ziren Arrateko Amaren bezpera egunean gelditu. Hurrengo igandean, Kofradia eguna ospatzen zen Arrateko zelaietan, eta horietan joko eta dantzek protagonismoa hartzen zuten. Jokoan zebiltzan Elgoibartarrak hain zuzen ere, mutil gazte bat hurbildu eta dantzarako deia egin zienean. Hauek mahaitik jaiki eta “lekaio-dantza” antolatu zuten: "armaron una danza que llaman Lecaio". Hogeita hamar bat elgoibartar ziren dantzan hasi zirenak, baina dantzak ez zuen askorik iraun. Joan de Cutuneguita Eibarko baserritarra dantzan sartu eta liskarra sortu zen. Elgoibartarrek ezpatak atera eta eibartarrak erasotzen hasi ziren; “ con gran colera y rabia de manera que a quien topaban que pareciera de heivar le acesachan y le seguían diciendo muera muera”.

Egoera lasaitzen saiatu zirenak ere erasotu zituzten elgoibartarrek, “salieron muy mal tratados y heridos de malas heridas en las cabezas y otras partes ” eta askok ez zuten elizan babestea beste aukerarik izan. Horra ere elgoibartarrak segika joan omen zitzaizkien baina kanpaiak jotzearekin batera gazteek bertan behera utzi zuten beraien helburua. Dena den, ez ziren oso lasai gelditu, Yolandak agertzen duen bezala, herrira bueltako bidean mallabiar batekin topo egin eta hau ere erasotu baitzuten,“cuchillada en el cogote, de la que le corria sangre sin que hubiese ninguna culpa mas que poner paz porque era tanta la rabia que tenian contra los de Heivar que a todos los que metian paz sacudian como si fueran enemigos”.

Borroka hauen erdian Juan Martin de Muscotegi Çabala elgoibartarraren esklabu beltza zegoen eta bera omen zen eibartarren kontra gogo handienaz zebilena; "a qualquiera que topaban que entendian ser de la villa de Heivar le seguian para matarle y entre ellos y el que mas insistia en hacer mas hera un negro esclavo de Joan Martinez de Muscotegui ". Yolanda Ruizen hitzetan hau da, oraingoz, inguruotan gizon beltz bati buruz ezagutzen den lehen testigantza.

Autuak batzen duen testigantzan iskanbilaren jatorria non egon zitekeenaren pista bat ematen duela dio Yolandak. Dirudienez Joan de Cutuneguita Eibarko baserritarrak aurretik ere zenbait iskanbila izan zituen elgoibartarrekin eta egun horretan lekaio-dantza zeritzotena egitera hauekin batzean aurretik izandako liskarrekin lotuta egon zitekeen. Hona lekaio-dantza aipatzen duen 1620ko dokumentu originalaren argazki eta transkribapena.

Honaino egun haietan gertatutakoak, baina ze dantzaren aurrean gaude? Eta zergatik horrenbeste haserre dantzara Eibarko baserritarra dantzara batzen zaienean?

Lekaio-dantza

Lekaio-dantza aipatzen du testiguak. Ematen dituen datuen arabera, badirudi soka-dantza baten aurrean gaudela, baina ezin dezakegu honen erabateko baieztapenik egin. 'Lekaio' hitzak bi esanahi har ditzake testuinguru honetan; lehenak 'lekaio' jaunaren laguntzailea bezala ulertzen du, jauna zaldiz zihoanean oinez laguntzen zuena, garraiatzailea, gizonezko gaztea normalean. Iztuetak gizonen, neskatxen edo galaien esku-dantzak aipatzen dituen moduan, izan liteke lekaio-dantza hau lekaioen esku-dantza izatea?

Bigarren adierak, aldiz, irrintzi bezala ematen du lekaio-ren ordaina. Biak jar daitezke esku artean darabilgun testuinguruan, mutilek osatu zuten dantza bat dela baitakigu eta, baina irrintziek ere dantzaren inguruan badute beraien tokia. Adibidez, Orotariko Euskal Hiztegian adibide hau eskaintzen da: "Salió a danzar toda la gente, comenzó a hacer son de lekaio, Joanot Mendiondo, jular, con su tambor y flauta", Irurita 1585 in Homenaje a J. Urquijo 456.

Lehen hipotesiaren bidetik jarraiki, eta lekaioz edo mutil gaztez osatutako dantza izan zitekeela pentsatuta, esku-dantza edo soka-dantza bat izan zitekeela irudikatu dezakegu. Arrateko zelaian gainera, zenbait mendetan soka-dantzak egiten ziren aztarnak ezagunak zaizkigu. Ondoko irudia, XVIII. mendeko grabatu baten zati bat da eta bertan gizon-emakumez osatutako soka-dantzaren irudia ikus daiteke Arrateko zelaian. 

Arrate grabatua
Arrateko XVIII. mendeko grabatuaren detailea . San Telmo museoan kontserbatua. (Juan San Martin: Aintzinako Eibar, Ego Ibarra 1993)

XVII. mendea, istilu garaia

Mota honetako istiluak eta dantzaren arteko loturak azaldu zituen Oier Araolazak soka-dantzari buruz egindako ikerketa lanean eta hauek Arrateko haserreen nondik norakoak kokatzen lagun gaitzakete. Dirudienez XVII. mendean ezpatak zorrotik erraz ateratzen zituzten, eta dantzaren testuinguruan maiz gertatzen zen hori, askotan dantza baten gidaritza izateak ohorea baitzekarkion dantzariari. Carlos Rilova Jericóren El honor de los vascos: El duelo en el País Vasco, fueros, nobelaza universal, honor y muerte (1999) lanean mota honetako istiluen hainbat aipamen jasotzen dira, horietako batzuk dantza giroan jazotakoak. Hona hemen adibide batzuk:

  • Errenterian 1688an Antonio de Verrondo soka-dantzako aurreskularia lanetan zebilen. Momentu batean autoritateen mezulari bat hurbildu eta dantza amaitzeko eskatu zion aurreskulariari, herriko agintariek beraien esku-dantza hasi behar zutela esanez. Antonio de Verrondok ez zion kasurik egin, eta bat batean bi soka-dantza topatu ziren plaza berdinean. Bata bestearengana hurbildu zenean borroka hasi zen eta laban, makila zein ezpatek dantzaren lekua hartu zuten plazan.
  • 1679an ere, Zumaian, antzeko gertaera bat eman zen. Bernardo de Idiaquez San Telmo gauean dantzatzen ari ziren soka-dantza batean sartzen saiatu zen, hau bere modura antolatzeko asmoz. Honen saiakerak, ordea, erantzun azkarra izan zuen Joseph Irureren eskutik eta biak dantza zeinek zuzenduko eztabaidan hasi ziren. Zumaiako alkatea birritan egoera lasaitzen saiatu bazen ere, azkenean Idiaquez eta Irurek dueluan amaitu eta lehenak bigarrena bere ezpataz hil zuen.
  • 1650ean Urnietan eta 1656an Oiartzunen ere soka dantzak eragindako gatazkak aurki daitezke.


Pasarte hauek ikusita baliteke Arrateko zelaian gertatutakoa antzeko arrazoiren batek eragin izana. Hasieran aipatutako Joan de Cutuneguita Eibarko baserritarrak lekaio-dantzan sartzeaz gain, akaso horren gidaritza hartu nahiko zuen, edo parte elgoibartarrek soilik beraientzat nahi zuten dantzan areriotzat zeukatena sartzea desafiotzat hartuko zuten... Batek daki, baina ikusten denez XVII. mendeko dantzariek sokatik ezpata-dantzara pasatzeko ez zuten aitzakia handiren beharrik izaten. 

Erreferentziak

Erlazionatutako elementuak
Arrate 1620 Autuaren transkribapena

Dokumentuaren akzioak

2015/01/08 11:47
Itzela da herrietako gazte kuadrilen arteko liskarretarako joera. XX. mende hasieran, Arraten bertan eibartar eta elgoibartar gazteek elkarrekin haserretzen jarraitzen zuten soka-dantzaren bueltan, batzuk txanda lehenago zutela soka ateratzeko, besteek aurrea hartu eta beren herriko neskak atera zituztela dantzara... Hirurehun urte beranduago antzeratsu jarraitzen zuten. 1620ko honetan ostera, ezpaten erabilerak eragiten du harridura. Ez ziren tontakerietan ibiltzen, letxe!

Azkenik, horrelakoak irakurri eta geure burua oraindik Arraten, dantzan, eta ezpatak eskutik eskura ditugula konturatzean, ostras, pasa gara belaunaldi batzuk han goitik!!
2015/01/09 10:41
Eskerrik asko Olaiz Eibarko historia hedatu eta zabaltzeagaitik!!!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Olaiz Agirrebeña

Olaiz Agirrebeña

Eibarko Kezka dantza taldean hasi nintzen txikitan. Bertan aritu izan naiz beti, nahiz eta Historia ikasketak burutzen ari nintzen garaiak apur bat urrundu ninduen dantza mundutik. Dena den, tarteak beti aprobetxatu ditut bueltatzeko eta horretan jarraitzen dut, aukera dagoen bakoitzean dantzan!