Alan Lomax-ek 1952an grabatutako euskal dantzen doinu eta irudiak sarean
Alan Lomax etnomusikologo estatubatuarraren artxiboa sarean jarri du bere ondarea kudeatzen duen fundazioak. Lomax-ek berak sortutako Cultural equility elkartearen web guneak dagoeneko ikertzaileak mundu zabalean grabatutako 17400 audio sareratu ditu eta horien artean badira zenbait Euskal Herrian hartutakoak.
1930ean hasi zen ikerketa lanetan eta bere bidaietan Euskal Herriko soinuak ezagutzeko parada izan zuen Alan Lomaxek. 1952. urtean Euskal Herrira iritsi eta Zeanurin, Ondarroan, Zarautzen, Oiartzunen, Tolosan, Donostian, Lizarran, Huitzin, Iruñean, Lesakan, Arizkunen, Erratzun, Elizondon eta Otsagin egin zituen grabaketak. Txistulariak, gaitariak, bertsolariak, pandero-joleak zein abeslariak grabatu zituen besteak beste. Argazkiak ere egin zituen Euskal Herrian eta horien adibidetzat ditugu Arantza Goikotxea pandero-jolearen argazkia edo dantza soltean ari diren emakumeen argazkia, biak ala biak Zeanurin eginak.
Orain urte batzuk, 2004an, Euskal Herriko audioak argitaratu ziren, bi CDtan hain zuzen ere; batak Gipuzkoa eta Bizkaiko soinuak jasotzen ditu eta besteak, aldiz Nafarroakoak. Hona disken fitxak:
Cultural equility fundazioak Alan Lomaxen lana digitalizatu eta argitaratu du, etnomusikologoak egindako lana denon eskura jartzeko asmoz. Audio grabazioak, argazkiak eta irudiak aurkitu daitezke bertan. 1946an hasi eta 90. hamarkada bitartean egindako audioek osatzen dute bilduma osoa eta hauez gain, argazki, irudi, zein elkarrizketak entzun eta ikusteko aukera dago Cultural equility webgunean. Estatu Batuetan, Europan, Karibean eta Asian egin zituen Alan Lomaxek bere ikerketa eta grabazioak.
Informazioa: Alan Lomax-en ondarea (Cultural equility)
Dantzan