Dokumentuaren akzioak
Julietaren titia eta tradizio turistikoen asmazioak
Julietaren titia ukitzean sortu zaizkidan emozioak kontatzera nator. Ez, ez zen silikonazkoa, baina haragizkoa zenik ere ez nuke esango. Benetakoak ez baziren, guztiz gezurretakoak zirenik ere ezin esan, mundu bat batu baikinen bere etxean eskua bularrean jarri eta ukitu beharrekoa ukituz erretratatzera.
Orain urte batzuk Veronan izan ginen eta hiri errenazentista zoragarri batekin maitemindu ginen. Dozena bat urtera itzuli gara eta oraindik ederrago aurkitu dugu, baina Julietaren etxearen iruzurrak hartu duen dimentsio erridikuluaz harrituta geratu naiz. Erromatar garaiko, Erdi Aroko eta Berpizkundeko aztarna eta monumento zoragarriz beteta dagoen hiri liluragarrian, Romeo eta Julietaren ezinezko maitasunaren ustezko eszenatoki izan zen etxea atrakzio turistiko nagusi bihurtu da, eta Julietaren titia ukituz argazkia egitea hiriaren bisitari guztiek bete beharreko derrigorrezko errituala.
Ez utzi egiari istorio polit bat izorratzen
Verona Romeo eta Julietaren istorioaren antzokia izatera mugatzen du publizitate turistikoak. Erromatar garaiko antzoki, zubi eta opera-ikuskizun handiak eskaintzeko baliatzen den arena erraldoia, edo Erdi Arotik berpizkundera bitarteko katedral, jauregi, kale eta dorretxe ikusgarriak itzalean geratu dira Veronan.
Egunero milaka turista iristen dira Italiako iparraldeko hirira helburu bakarrarekin: Julietaren etxera joan eta bere titia ukitu. Propagandaren arabera maitasun egiazkoa aurkitzeko falta zaizun zorte beroa emango dizu Julietaren titi hotza ukitzeak. Hala ere, argazkia egin eta bertan izan garela erakustea nahikoa motibo da, maitasuna hitz larria baita oporretarako. Titia ukitu eta hala ere maitasuna aurkitu ez izan arren, inork ez du erreklamaziorik jartzen iruzur egin diotelakoan. Eta modu berean, inor ez da kezkatzen Julietaren etxea Hansel eta Gretelen txokolatezko etxea bezain egiazkoa eta gezurrezkoa delako. Shakespearek Veronan kokatu zuen Montesco eta Capuletotarren arteko ezinikusiak girotutako maitasun historia, baina hortik Julietaren titiraino dena da asmatua.
Gezurrezko etxea, gezurrezko balkoia
Julieta Capuleto fikziozko pertsonaia benetako mito argazkigarria bihurtzeko gezurrez gezur eraikitzen joan da turismo-atrakzioaren eskilara. Shakespearek asmatu bazuen, zergatik ez besteok? Hasteko, gezurra da Montesco eta Capuletotarrak Veronan bizi izan zirenik. Ez dago hori frogatzen duen inolako testigantzarik. Shakespearen istorioari lekukotza historikoa eman nahirik historiagileak lanean jarri zituzten Veronan, eta dokumentazioa eta harriak, denak jarri zituzten hankaz gora arrakastarik gabe, ez baitzuten aztarnarik aurkitu.
Ez zuten amore eman ordea, eta Dal Capello familiaren XII. mendeko etxea hautatu zuten Julietaren mitoaren egoitza izateko. Verona zaharrean, Piazza delle Erbe ederretik gertu kokatuta, "Dal Capello" horrek "Capuleto"rekin zuen antzekotasuna aski izan zen Julietaren familiaren, eta beraz, Julietaren etxe izendatzeko.
Hurrengo pausoa balkoia jartzea izan zen. Ez, etxeak ez zeukan balkoirik. Baina Romeoren bisitak Julieta balkoian zela irudikatu izan dira eta iruditeriarekin bat etortzeko etxeari balkoia jarri zioten 1930eko hamarkadan. Beraz, Julietaren gezurrezko etxean, Julietaren gezurreko balkoia bisitatzen dute egunero milaka turistek. Ondoren, balkoiaren aurrean Julieta irudikatzen duen brontzezko estatua zutitu zen. Brontzea urteekin iluntzen joaten da, baina halako batean, Julietaren eskuineko titia ukitzeak maitasunean zori ona izatea ekarriko zuela zioen zozokeria zabaldu zen. Orain, munduko titi ukituena da Julietetarena eta gainontzean beltzituta dagoen brontzezko bularra garbi eta distiratsu ageri da etengabeko igurtziei esker.
Hemen izan naiz
Julietaren etxe faltsuaren balkoi faltsura igo eta argazkia bertan ateratzea ere posible da gaur egun. Zer dira ba 6€ literatura unibertsalaren ikono nagusietako baten jatorrizko "etxean" zure burua jartzearen truke? Sarrera horrekin etxea eta museoa ere ikus daitezke, baina sarrera ordaintzen duten gehienentzat ikusi beharreko kontu bakarra nork bere buruarena da. Nahiz eta Julietaren balkoi azpian, Romeo gorteiatzen baino, Manolo dagoen, mugikorrarekin argazkia egiteko prest, inguruan ehunka turista txandaren zain dauden bitartean.
Patioan sartzeko ilada egin behar da, uholdeka iristen baitira mundu osoko bisitariak Veronako atrakzio nagusira, baina hori ez da ezer behin barruan, balkoiaren aurrean eta souvenir dendan dabilen jendetzarekin konparatuta. Balkoia eta Julieteta ongi daude, baina garrantzitsuena han egon naizela frogatzen duen bihotz formako giltzaria erostea da. Inori ez zaio ajola dena faltsua izatea, garrantzitsua norbera bertan egon dela erakustea baita, eta beraz, Julietari titia ukituz eta balkoira igota argazkia egin, eta souvenir bat erosteaz gainera, ezinbestekoa dena zure arrastoa bertan uztea da. Horretarako souvenir dendan eros dezakezu zure maitasuna lotuko duen kandadua eta han bertan lotuta utzi beste milioikarekin batera, edo Julietaren etxera sartzeko tunel-pasabidearen hormetan zure poema antologiako perlarik preziatuena itsatsita utzi post-it batean: Mariene x Segio.
Egiazkotasunaren negoziaketa
Antropologoek diotenez objetu baten autentizitatea, benetakotasuna, ez da objetuaren beraren berezko propietatea, baizik eta negoziatu egiten den ezaugarria. Tradiziozko festa, musika eta dantzei buruz ari direla azaltzen dute kontzeptu hori Comarofftarrek adibidez. Hemen asmakuntza turistiko baten adibidea ikusi badugu, esandako kontu guztietan aldatu tokia eta gaia eta gainontzeko guztiak berdin funtzionatzen du: dela danborrada, San Ferminetako janzkera zuria zein erraldoiak edo pintxo-kultura delakoa. Negoziaketa horren baitan, unibertsalki saltzeko modukoak eta aldi berean herriarekin lotzeko modukoak diren ezaugarri batzuk hautatu, merkantzia bihurtu, eta ustez komunitatearen identitatearen nahitaezko osagai moduan saltzen eta ugaltzen dira. Ekonomia, ergela, ekonomia!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?
Harrigarriena da, aipatzen duzun “negoziaketa” horren baitan, zein erraz irensten edo “kontsumitzen” ditugun ematen zaizkigun “ustezko komunitatearen nahitaezko osagai” horiek. Nik esango nuke Mitologia sortzen dela horien inguruan, eta nabarmena da mitologia hori oso gogoko duela herriak. Gainera, esango nuke batzuetan edo gehienetan sumatzen dela merkantzia horren faltsutasuna, baina berdin diola, hain baita ederra sortu berri dugun mitoa!
Aipatu dudan mitologia hori, sarri, abesti batekin lortzen da (Donostiako danborrada, Realaren ereserkia…), edo argazki batekin (Zamora Realaren gola sartzen Gijon-i, liga irabazteko), edo lelo batekin (“Lo que nos une”, Realaren kasuan), edo auskalo nork eta noiz asmatutako edozer ikurrekin (Donostiako Kontxako barandila), edo elementu horiek denak nahastuz. Dena libre, lortu nahi den helburua lortzeko.
Ulertu bedi ironia: dantza taldeetan ere ez gara beti fin ibili gure aurrekoen folklorea interpretatzeko lanetan eta ez ditugu beti elementu eta ikur egokienak aukeratu izan, baina ez dut uste inoren asmoa izan denik propio asmatutako elementuen gainean, zer eta… negozioa egitea.
Xabier.