Horra, horra, gure Olentzero!
"Nork esan du Olentzero soilik gizona izan daitekeela? Zergatik utzi behar dugu emakumea Mari-Domingiri eman diogun laguntzailearen bigarren plano horretan eta ez da izanen emaztea Olentzero bera?" Galdera horiekin plazaratu zuten orain bi urte Iruñean Olentzero emakumea Duguna dantza taldeko kideek.
Honela dio Fernando Oiartzun-ek Leitzako Orantzaroari buruz:
Gaur egun Olentzero gizonezko eta ikazkin bezala soilik irudikatzen bada ere, garai bateko Olentzero emakumezko zein gizonezko itxurakoa izan zitekeen eta eginkizun ezberdinetan irudikatzen zuten:
Izan ere, ez baitago Olentzero irudikatzeko eredu bakarra. Leitzan, Lesakan, Oiartzunen, Donostian edo Zarautzen, izena aldatzen duen bezala (Orantzaro, Olentzero, Orantzago, Gomezago, Onentzaro...) ezaugarri berezi eta berezkoak ere izaten ditu Olentzerok.
Garai bateko argazki eta irudietan ere tankera oso desberdinekin ageri zaigu Olentzero. Adibidez, Donostian 1931an ateratako Olentzero hau ile luze horiarekin ageri da:
Beste Olentzero hau, Oiartzungo ume talde batek egindakoa da XX. mende hasieran.
Traje eta korbataz jantzitako beste Olentzero hau Leitzan egindakoa da, XX. mende hasieran.
1950. hamarkadaren amaieran, Lesakako ikazkinaren eredua hartuta, Olentzeroren kabalkada antolatu zuen San Antonioren gazteriak Iruñean. Ondoren, 60ko hamarkadan, Ikastolen elkarteak herriz herri zabaldu zuen Olentzero eredu hori.

Azken hamarkadetan Olentzero ikazkinaren transformazio prozesua etengabe ikusten joan gara. Pertsonaia zarpail, zikin eta desatsegina izatetik, Santa Klaus txapelduna izatera pasa da Olentzero: pertsonaia bigun, politikoki zuzen eta ekonomikoki salgarria.

Zuzentasun politiko horretan azken urratsa, Olentzerori bikotea bilatzea, Mari Domingiren asmakuntza, alegia. Genero estereotipoak eta bikote eredu tradizionala irudikatzen dute orain Olentzerok eta Mari Domingik. Baina merkataritzak eta komunikabideek saldu nahi dutenaren kontrara, Olentzero emakume, gizonezko edo sexu jakinik gabeko pertsonaia izan daitekeela frogatzen du tradizioak.
Olentzero irudikatzeko modu bakarra ez dago. Ez ofizioz, ez itxuraz, ez generoz. Olentzero asmatzen dugun modukoa izango da aldi bakoitzean. Ez beti ikazkin, ez beti gizonezko. Espero dezagun emakume eta queer Olentzero gehiago ikustea gure karriketan aurtengo eguberrietan.