Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Joana Artza Santa Ageda bueltako kinto dantzariak

Dokumentuaren akzioak

Santa Ageda bueltako kinto dantzariak

2021/02/05 08:10
Santa Ageda bueltako kinto dantzariak

Kintoen aurreskua, Aretxabaleta, 2020-02-05. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Santa Ageda bezperan eta egunean, otsailaren 4an eta 5ean, ohitura da Euskal Herriko herri askotan eske-errondak egitea: jan-edana, kantua eta dantza. Puska biltze horiek, zenbait herritan, kintoek egiten dituzte, urte horretan 18 urte beteko dituzten gazteek. Izan ere, garai batean, urte horretan soldaduskara joatekoak ziren gazteak bildu eta egunetako festak egiten zituzten, despedida moduan edo. Usadio horri eutsi eta eguneratuta txoko bat baino gehiagotan kintoek beren festak antolatzen dituzte adin nagusitasuna betetzen duten urtean.

Eskoriatza-kintoak-1969
1969, Eskoriatzako kintoak Santa Ageda bezperan. Argazkia: Eskoriatzako udal artxiboa.

Udan zein neguan ospatu ohi dira kintoen jaiak, baina Santa Ageda eta inauterien bueltan dezentek ospatzen dituzte. Besteak beste, Amurrio, Urduña, Oñati, Antzuola, Olazti, Bakaiku, Ziordia, Iturmendi, Urdiain, Eskoriatza, Altsasu eta Aretxabaletan. Azken lauetan, eskean eta festan aritzeaz gain, kinto guztiak banan-banan plazara ateratzen dira dantzara. Sokan ateratzen dira gazteak herritarren aurrera; Altsasun eta Urdiainen zortzikoa deiturikoa egiten dute eta Aretxabaletan eta Eskoriatzan aurreskua. 

Altsasu Kintoak
Kintoak, zortzikoa, Altsasu, 2019. Argazkia: Guaixe

Altsasu

Erregeen egunean, Santa Agedaren festarako errege-erreginak eta bigarren errege-erreginak hautatzen dira zozketaz kintoen artean. Lau gazte horiei festak antolatzeko ardura egokitzen zaie. Santa Ageda egunaren goizean eskean eta opilak saltzen ibiltzen dira kintoak. Eta arratsaldean, bazkalostean, zortzikoa hasten da plazan, erregea izaten da lehendabizikoa dantzatzen. Festak gazte guztiek zortzikoa banan bana dantzatu ahal izateko behar duten adina denbora irauten du. Mutilak arropa zuriz eta neskak baserritar jantziarekin, guztiek lau zapi lepoan dituztela ibiltzen dira jaietan.

Altsasu Kintoak
Kintoak, zortzikoa, Altsasu, 2019. Argazkia: Guaixe

 

Urdiain

Kintoen jaiak ospatzen dira Urdiainen. Hamazazpi, hemezortzi eta hemeretzi urteko gazteek elkarrekin ospatu ohi dute Santa Ageda bueltako asteburua. Hiru egun eskean, festan eta jan edanean pasatzen dituzte, eta, azkenik, igandean, zortzikoa dantzatzen dute plazan. Larunbatean, urte horretako kintoez gain, gainerako belaunaldietako herritarrak ere bazkaritarako elkartzen dira bakoitza bere kintoekin. Azken urteetan duela 25 urte kinto izandakoek ere zortzikoa dantzatu izan dute.

Urdiango kintoak 2018
Kintoak, Urdiain, 2018. Argazkia: Maialen Galarza

Urdiango kintoak 2019
Kintoak, Urdiain, 2019. Argazkia: Maialen Galarza

 

Aretxabaleta

Santa Ageda bezperan baserriz baserri kantuan eta eskean atera ohi dira baserritar jantziarekin. Santa Ageda egunean, berriz, herriko kaskoan egiten dute eske erronda, eta iluntzean herriko plazan aurreskuan dantzatzen dira. Egun horretan zuriz, txapela eta gerriko gorriekin eta koloretako zapiak lepoan daramatzatela irten dira kalera. Aurreskua Santa Ageda egunean eta inauteriak bitarteko igande guztietan dantzatzen dute. Eskean bildutako diru eta janariekin bazkariak egiten dituzte igandero. Inauterietako igandean, txino-dantza kaleratzeko ardura ere kintoena da.

Aretxabaleta txino-dantza 2008 152
Txino-dantza, Aretxabaleta, 2008-02-03. Argazkia: Argazkiak: Arantza Uriguen - Dantzan CC-BY-SA

 

Eskoriatza

Santa Ageda bezperan eta egunean eskean ibiltzen dira baserrietan eta auzoetan baserritar jantzia soinean. Santa Ageda egunean, berriz, zuriz, gerriko eta txapela gorriekin eta koloretako zapia lepoan dutela irteten dira, eta eskea herriko kaleetan egiten dute. Kintorik zaharrenak eta gazteenek txapela eta gerrikoa beltza ibiltzen dituzte. Iluntze aldera, herriko plazara aurreskuan ateratzen dira. Santa Ageda Eguneko hurrengo igandean ere dantzatzen dira.

1949 Eskoriatza kintoak
1949, Santa Ageda egunean, Eskoriatzako Kintoak San Pedro elizako atean. Argazkia: Eskoriatzako udal artxiboa.

Kinto gehienak otsailean ateratzen dira plazara dantzara, baina ez da kintoek dantzatzen duten urte sasoi bakarra. Lakuntzarrek, esaterako, San Sebastian Egunean, Korpusetan eta Lakuntzako Pertzaren Egunean abuztuan dantzatu ohi dute alkate-dantza. Etxarri Aranazko kintoek, berriz, ekainean dantzatzen dute dantzakia, San Kiriko eta San Adrian egunetan.

Lakuntza

Kintoak hiru aldiz plazaratzen dira plazara alkate-dantzarekin. Lehenengoz San Sebastian egunean, eta, ondoren, Korpusetan eta Lakuntzako Pertzaren Egunean. Horrez gain inauteriak ere elkarrekin ospatzen dituzte. Eske errondak egiten dituzte, dirua bildu eta jan edanean aritzen dira egun osoan zehar. Hamaiketakoak, bazkariak, meriendak eta afariak egiten dituzte. Egun horietan Tolosako eta Altsasuko inauterietara ere joaten dira kinto guztiak elkarrekin parrandara.

2011-01-20_Lakuntza-Alkate-dantza-JI-321
Alkate-dantza, 2011-01-20, Lakuntza. Argazkiak: Jon Iraola.

Etxarri Aranatz

San Kiriko (ekainak 13) eta San Adrian (ekainak 16) egunetan dantzatu ohi dute dantzakia Etxarriko hemezortzi urteko gazteek. Sokan, denak elkarri eskutik helduta atera ohi dira dantzara. Gabon Gauean, inauterietan, San Kiriko eta San Adrian festetan eta Ama Birjinaren egunean hainbat ekintza egiten dituzte. Besteak beste, dantzatu, ekintzak antolatu, antortxero lanak egin, giroa sortu...

Etxarriko kintoak
Etxarri Aranazko kintoak txatarraz jantzitako 2020ko inauterietan.

Etxarriko kintoak
Etxarri Aranazko kintoak, 2019-12-24.

 

Egun, adin guztietako herritarrek ospatzen dituzten zenbait erritu garai batean herriko gazteen edo kintoen jaiak ziren. Kaskarotak dira Lapurdiko inauterietako tradizio nagusienetakoa; gazte koadrilak eskean, kantuan eta dantzan ibiltzen dira. Garai batean, gehienetan, kintoak izaten ziren urtarrila eta martxoa bitarteko asteburuetan etxez etxe festan ibiltzen ziren lapurtar gazteak. Gesaltza Añanan ere, Ostegun Gizen Egunean Kintoek dantza egiten zuten, kintoek baitziren inauteri garaiko festak ospatzen zituztenak.

Gesaltza Añana

Duela hainbat urte Gesaltza Añanako kintoak inauterietako lehenengo egunean, Ostegun Gizen edo Jueves de Lardero egunean, festan eta dantzan ibiltzen ziren kalez kale.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.