Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Festak ez dira ospatu, baina alkate-dantza egin dute Lakuntzan

Dokumentuaren akzioak

Festak ez dira ospatu, baina alkate-dantza egin dute Lakuntzan

2021/01/22 11:00
Festak ez dira ospatu, baina alkate-dantza egin dute Lakuntzan

Alkate-dantza, kintoak, Lakuntza, 2021-01-20.

San Saastin jaiak bertan behera gelditu dira Lakuntzan, baina kintoek alkate-dantza dantzatzeko ohitura ez etetea erabaki dute. Hori horrela, San Sebastian egunean, arratsaldeko 18:30ak aldera plazaratu dira neska-mutil gazteak. Dantzari segida emateko erabakia hartu dute, baina osasun neurriak kontutan hartuta: musukoak soinean eta eskuetatik heldu beharrean zapiak hartuta.

Kintoen festa eta dantzak

Urtarrilaren 20ko arratsaldean ateratzen dira Lakuntzan kintoak lehen aldiz plazara, baina ez da hori urteko zita bakarra. Korpusetan eta Lakuntzako Pertzaren Egunean ere dantzatzen dira. Leire Sagartzazu lakuntzar gazteak azaldu dizkigu kintoen festak eta dantzak. Hiru aldiz plazara dantzara ateratzeaz gain, inauterietan eskean aritzen dira. Diru biltzea egiten dute, eta jan edanean aritzen dira egun osoan zehar. Hamaiketakoak, bazkariak, meriendak eta afariak egiten dituzte. Egun horietan Tolosako eta Altsasuko inauterietara ere joaten dira kinto guztiak elkarrekin parrandara.

Lakuntza kintoak 2021
Alkate-dantza, kintoak, Lakuntza, 2021-01-20.

Gozatzeko prestatu behar

Festan aritzeko, ordea, norbaitek lana egin behar izaten du. Inauterietako egun bakoitzeko meriendak eta hamaiketakoak prestatzeko ardura zozketa bidez banatzen dute; beraz, zozketan atera diren gazteen etxeetan egiten dituzte mokaduak. Bazkari eta afariak, berriz, herriko tabernetan enkargatzen dituzte.

Urtearen arabera, kintoen antolaketa aldatu egiten da. Dantzarako entseguen epeak eta kopuruak ere belaunaldi bakoitzaren fundamentuaren araberakoak izan ohi direla dio Sagartzazuk. Duela pare bat urte izan zen kintoa, baina urte batzuk lehenagotik ezagutzen du jaia. Kintoen bueltan ibili izan da oso gaztetxotatik, Sagartzazu txistularia baita, eta azken urteetan beste hiru lagunekin batera berak jotzen die gazteei dantzarako txistua plazan. Herriko dantza taldean ere aritzen da, eta azken urteetan, kintoek entseguetan dantzarekin laguntzeko ere eskatu diote.

Datak hurbiltzen ari direla kintoak elkartzen hasten dira, eta zaharragoen laguntzarekin edo dantza taldeko dantzariek erakutsita ikasten dituzte dantzak. Askok umetatik plazan ikusten dituztenez herriko gazteak dantzan, nahiko barneratuta izaten omen dituzte urratsak.

Lakuntza Kintoak 2021
Lakuntzako kintoak, 2021-01-20.

Ezpata-dantza, alkate dantza eta ingurutxoa

Lakuntzan hiru adierazpen koreografiko daudela esan daiteke: ezpata-dantza, alkate-dantza eta ingurutxoa. Azken urteetan hirurak elkarren segidan dantzatzen dira hainbat okasiotan. Ondorioz, Lakuntzan egiten diren dantzak alkate-dantzaren barruan kokatzen dira, eta San Sebastian egunean, Korpus Egunean eta Lakuntzako Pertza Egunean (Abuztuko Ama Birjinaren hurrengo igandean) dantzatzen dira.

Karlos Irujoren Lakuntzako ingurutxoak testuari esker jakin dugu 1930-40ko hamarkadetan galdu zirela dantzak eta 70eko hamarkadaren bukaeran Ortzadar eta Bihotz Alai folklore taldeen laguntzaz berreskuratu zirela; bereziki, Emilio Andueza lakuntzarrak emandako datuei esker.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.