Dokumentuaren akzioak
Luis Mari Lopez de Goikoetxea: "Altsasuko gazte batentzat bizitzako festa garrantzitsuena da Santa Ageda"
Gaur, Santa Ageda egunez, Altsasuko kintoak zortzikoa dantzatzen hasiko dira. Berrogei urtean aritu da Luis Mari Lopez de Goikoetxea herriko gazteei zortzikoa erakusten, orain ardura beste batzuek hartu badute ere entsegu guztietara hurbildu da. Dantzaria, dantza-maisua eta herriko saltsa guztietako perrexila. Pixkanaka erreleboa hartzen ari dira atzetik datozen belaunaldiak; baina ezin du alde egin guztiz herriko festen eta ohituren sukaldetik; hortxe sentitzen baita gustura.
Gainean ditugu Santa Ageda jaiak, nola ospatzen dituzue Altsasun?
Otsailaren 5a, Santa Ageda eguna izaten da festetako egun handia. Goizean goiz, elkartzen dira kintoak eta eskean aritzen dira herrian zehar festak antolatzeko dirua eta opilak bilduz. Elkarrekin bazkaldu eta iluntzean lehenengo aldiz zortzikoa dantzatzen dute plazan. Lehenengo errege-erreginek dantzatzen dute eta gero beste kintoak hasten dira txandan. Kinto guztiek dantzatu arte ez dira bukatzen festak. Normalean, lau bat egun irauten dute. Egunero elkarrekin bazkatzen eta afaltzen dute kintoek eta gero 19:00ak aldera zortzikoa dantzatzera irteten dira. Santa Ageda egunean aurtengo kintoek ezezik, orain dela 50 urtekoek eta 25 urtekoek ere dantzatzen dute. 6an bezperan jasotako diruak kontatzen dituzte datozen egunetan festan eta zortzikoa dantzatzen jarraitzen dute. Azkenengo egunean, festetako egun guztietan kinto guztiek banan-banan dantzatu ondoren, berriro errege-erreginek dantzatuta amaitzen dira jaiak.
Beraz festetako protagonistak kintoak dira, ezta?
Bai, hala da. Urte horretan hemezortzi urte betetzen dituzten neska-mutilak dira kintoak. Lehen mutilak bakarrik irteten ziren, soldaduskara joan aurreko urtean. Orain dela hamar bat urte hasi ziren neskak ere parte hartzen.
Erregeak eta erreginak antolatzen dituztela festak esan duzu.
Bai, zozketaz aukeratzen dira. Errege egunean udaletxera aurkezten dira kintoetan parte hartu nahi duten gazteak. Horien artean, karta-sortako kartak banatzen ditu alkateak eta erregeak egokitzen zaizkien gazteak arduratuko dira festak antolatzeaz. Lehenengo erregea eta erregina izango dira arduradun nagusiak eta bigarren errege eta erregina, otsailaren 5ean opilak jasotzeaz arduratuko dira. Gazteek ez dute nahi izaten zozketan errege edo erregina postua egokitzerik, konpromisoa eskatzen baitu; baina festan parte hartu nahi izanez gero derrigorrezkoa da zozketan parte hartzea.
Nola gogoratzen duzu zure kinto urtea?
Kar, kar kar! Ba nire erara, mundiala! Altsasuko gazte batentzat bizitzako festa garrantzitsuena da Santa Ageda. Umetatik begiratzen genien dantzan irtetzen ziren gizon handi haiei eta azkenean gure urtea iritsi zen. Txarrena izaten zen, ondoren soldaduskara joan behar izaten genuela. Orain soldaduskara joan beharrik gabe, ezin hobeto! Gure garaitik hona aldatu egin da festa, lehen adibidez, neskak ez ziren irteten. Guk txuleta eta baratzuri-zopa gosaltzen genituen, orain ez dut uste horrelakorik jango dutenik goizean goiz, kar kar kar!
Eta hurrengo urtean zortzikoa erakusten hasi zinen.
Bai, hogeita hamar egun lehenago lizentziatu ninduten. Esan daiteke nire kinta berekoak zirela, ni baino urtebete gazteagoak ziren. Pentsatzen nuen, "hauek ze fundamentu izango dute nirekin?", baina horrela hasi nintzen eta berrogei urtean aritu naiz.
Aurretik inoiz dantzatu gabeko gazteak ere izango dira ezta?
Lehen plazan eta aritzen zenez jendea, zerbait jakiten zuten, baina orain... zerotik hasi behar da batzuekin. Batzuei asko kostatzen zaie, baina denetik dago, dantza taldeetan aritzen diren gazteak ere badira eta hori igarri egiten da. Aurten lehenengo aldiz, emakumeak ari dira irakasle lanetan; Txetxo Claver-ekin batera, Aitziber Etxaiz eta Marixabel Lopez de Uraldeari aritu dira gazteak prestatzen. Urtarrilaren 7tik otsailaren 4ra arte, asteburuak kenduta, egunero izaten dira entseguak.
Eta zuk nola ikasi zenuen?
Lehen Domingo Lumbier eskolako pasiloetan entseatzen zuten. Umea nintzela zaharragoen entseguei begira ikasi nuen; nire kinto urtea iritsi zenerako banekien zortzikoa dantzatzen. Orduan Demetrio Urizar aritzen zen gazteei erakusten. Hala ere, akademiarik onena plaza dela uste dut.
Beraz, umetatik aritu izan zara dantzan.
Bai, dantzan oso txikitatik aritu izan naiz, plazan gehienbat. Dantza taldean berandu hasi nintzen. Gerora Altsasuko dantzari txikien taldearekin, Gure Etxeko eta Aitzindari dantza taldeetan ibili izan naiz, arduradun lanetan.
Dantza kontuan ez ezik, herriko beste hainbat saltsatan ere ibili zara, ezta?
Askok, saltsa guztietako perrexila naizela esaten didate! kar kar kar!
Altsasuko inauteriak berreskuratu genituen. Altsasuko koadrila batek, bagenuen buruan herriko inauteriak berreskuratzeko nahia. Helduei galdetzen hasi ginen eta denak beldurtu zitzaizkigun, berriro hasi behar ote genuen basakeria harekin; baina gero pozik hartu zuten ideia. Horrela, testigantzen laguntzarekin, inauteriei forma eman, doinua egokitu eta dantza osatu genuen; 1982an atera genuen Altsasun. Horretan genbiltzala Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak 1978an Altsasuko inauteriak irudikatu zituen eta gero elkarlanean aritu ginen herrian bertan ateratzeko, asko lagundu ziguten.
Joaldunen erregea ere berreskuratu genuen. Joaldunak erregeen bila ateratzen ziren kalera, mendira... urtarrilaren 5ean. Ohitura indarra galtzen hasi zen eta orduan Enrike Zelaiak esan zidan zerbait egin behar genuela. 1976an, ohitura indartzeko ahalegin egin genuen eta lortu genuen. Orain opilak banatzen zaizkie umeei eta opil horietako batek panpinatxo bat izaten du barruan. Panpina egokitzen zaion haurra joaldunen erregea izango da. Hamabi joare janzten ditu, urteko hilabete bakoitzeko bat, eta horrela herriko beste haurrekin batera erregeei deika ibiltzen da herrian zehar.
Enrike Zelaia aipatu duzu.
Bai, hura ere nire moduan ez da geldik egotekoa. Inauterien eta joareen erregearen berreskurapenean elkarrekin aritu ginen, baita beste hainbat kontu eta saltsatan ere. Euskal Herri osoa zeharkatu dut Enrikerekin, bera soinuarekin eta ni dantzan. Ezkontzetan, hiletetan, omenaldietan, ospakizunetan... dantzatzen genuen; lau dantzari aritzen ginen. Hamar bat urtean ibili ginen herriz herri dantzan. Ordu txikietan, kotxean Altsasura bueltan ginela, ematen genien forma buruan genituen hainbat ideiei.
Datozen belaunaldiek jakingo al dute ohitura horiek mantentzen?
Ohiturak herrian ondo txertatu direla uste dut eta indartsu daudela. Dantza taldean ere ederki ari dira lanean, pena bakarra da, mutilak falta direla. Garrantzitsua da gure kulturaren mantentzea eta transmisioa, bestela behin galduta asko kostatzen da berreskuratzea.
Aurtengo jaiak nola ospatuko dituzu?
Ba aurten hiru bazkari ditut egun berean, kar kar kar! Hamaiketakoa denekin egingo dut eta gero gerokoak. Jaiak amaitzean deskantsua, inauteriak arte!
Dokumentuaren akzioak