Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak "Bizitzan behin bizitzen dugun esperientzia da kinto izatea"

Dokumentuaren akzioak

"Bizitzan behin bizitzen dugun esperientzia da kinto izatea"

2020/02/03 11:15
"Bizitzan behin bizitzen dugun esperientzia da kinto izatea"

Lorea Mateos, Eñaut Beltran de Heredia eta Laura Igartua kintoak, Aretxabaleta, 2020-01-31. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Hirurogei kinto edo Santa Ageda neska-mutil inguru irtengo dira dantzara Aretxabaletako plazara. Umetatik itxaroten egon diren momentua iritsi zaie eta gogo handiz bizi dituzte Santa Ageda bezperako egun hauek Aretxabaletako kintoek. Laura Igartua, Eñaut Beltran de Heredia eta Lorea Mateos kintoekin elkartu gara eta datozen egunetan dituzten eginbeharrak azaldu dizkigute.

Aretxabaletako kintoen entsegua
Kintoen entsegua, Aretxabaleta, 2020-01-31. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

18-19 urteko Aretxabaletako gazteek kintoen jaiak ospatzen dituzte Santa Ageda bezperatik inauterietako igandera arte. Garai batean, soldaduska joan behar izaten zuten gazteen festa izaten zen. Joan aurretik, despedida modura antolatzen zuten jaia.

Aurten 2001ean jaio ziren neska-mutilak dira kintoak. Santa Ageda bezperan, otsailaren 4an, baserriz baserri kantuan eta eskean aterako dira. Santa Ageda egunean, berriz, herriko kaskoan egingo dute eske erronda eta iluntzean herriko plazan aurreskua dantzatuko dute. Santa Ageda egunetik inauterietarako igande guztietan irtengo dira plazara kintoak. Eskean bildutako diru eta janariekin bazkariak egingo dituzte igandero.

"Gainean dugula ikusten dugu eta nerbioekin gara", baina izugarrizko gogoa dute, aurpegian igertzen zaie. Herritar askok kalean gelditzen dituztela diote, iritsi dela eguna edo txintxo portatzeko esaten dietela diote. "Aretxabaletako gazteek bizitzan behin bizitzen dugun esperientzia da kinto izatea".

Aretxabaletako kintoen entsegua
Kintoen entsegua, Aretxabaleta, 2020-01-31. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Banan-banan plazara

Jan-edanaz aparte, kintoek herriko plazan aurreskua egiteko ardura dute. Desafioa, banangoa, agurra, fandangoa eta arin-arina dantzatzen dituzte Santa Ageda egunean eta inauteriak bitarteko igande guztietan. Ia 60 gazte elkartu dira aurtengoan eta askok lehen aldiz dantzatuko dute jende aurrean. Sokan irten eta kinto guztiek banan-banan plazaren erdian banangoa dantzatzen dute.

Aretxabaletako kintoen entsegua
Kintoen entsegua, Aretxabaleta, 2020-01-31. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Urtarrileko ostiraletan elkartu dira dantzak ikasi eta prestatzeko. Aurreko urteetako bideoei begiratuz eta elkarri erakutsiz ikasi dituzte dantzatu beharreko zatiak. Azken bi entseguetan txistularien laguntza ere izan dute. Urteetako esperientzia dute txistulariek eta askotan beraiek izaten omen dira gazteak arrastoan sartzen dituztenak. "Aurtengoak finak dira, hasieran entsegu bat gehiago eskatu ziguten eta beldurtu ginen, berde samar egongo ote ziren edo... baina guztiz kontrakoa zintzo eta txukun ikusi ditugu", diote txistulariek.

Aretxabaletako kintoen entsegua
Kintoen entsegua, Aretxabaleta, 2020-01-31. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Bigarrenez kinto

Bizitzan behin bizitzen den esperientzia da kintoena, baina badaude bi urtez jarraian kinto izateko ohorea duten gutxi batzuk. Eñaut Beltran de Herediak adibidez badaki zer den kinto izatearen esperientzia. Aurten bigarren aldiz irtengo dela azaldu digu. Izan ere, kintako zaharrenak urtebete zaharragokoen kintadan irteten dira eta gazteenak urtebete gazteagokoekin. Eñaut kintako bigarren zaharrena da eta aurreko urtean irten zen eginbeharrak ikasi eta bere kintakoei gauzak aurten errazteko. Kintako gazteena, berriz, hurrengo urtean ere irtengo da gazteagoak pixka bat gidatzera. Zaharrenen eta gazteagoen laguntzaz aparte, txistulariak beti alboan izaten dituzte eta udaletxetik ere jasotzen dute beharrezko informazioa eta laguntza.

Aretxabaletako kintoen entsegua
Kintoen entsegua, Aretxabaleta, 2020-01-31. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Txino-dantza ere bai

Inauteri igandean azken aurreskua dantzatzeaz gain, goizean txino-dantza ere egiten dute kintoek. Txilaba zuriak soinean, txapela buruan, aurpegia beztuta eta galtzerdi eta oinetako ezberdinekin dozena bat kinto txistularien atzetik txino-dantza abestuz eta kantatuz ibiltzen dira kalerik kale. Gerra aurretik galdu zen ohitura hasiera batean herriko dantza taldeak berreskuratu zuen, baina azken urteetan kintoek hartu dute dantzatzeko ardura.

Aretxabaletako kintoen entsegua
Kintoen entsegua, Aretxabaleta, 2020-01-31. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Aretxabaletako kintoen entsegua
Kintoen entsegua, Aretxabaleta, 2020-01-31. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Txino-dantza
Txino-dantza, Aretxabaleta, 2008-02-03. Argazkia: Arantza Uriguen - Dantzan CC-BY-SA

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.