Dokumentuaren akzioak
Tolosa-Iruñea konexioa biziberritzen
Duguna - Iruñeko dantzariak
Badira Tolosa eta iruñea lotzen duten zenbait hari —agian gehienontzako garrantzia handiegirik gabeak—. Tolosa Gipuzkoako hiriburu izan zen eta Iruñea Nafarroa Garaikoa izaten jarraitzen du. Iruñeko Udalak 1913an deitu zituen Tolosako Udal txistulariak lehenbizikoz, San Ferminetan jo zezaten eta orduz geroztik, urtero berritzen dute engaiamendu hori. Iruñeko Udalak bere txistulari banda sortuz geroztik ere, san Juanetan itzultzen diete bisita iruindar ttunttuneroek tolosarrei. Dantzari dagokionez ere, gure taldeak aspaldiko harremana du Tolosako Udaberri dantza taldearekin. Haiekin ikasi genituen Tolosako bordon-dantza, Berastegiko San Juan dantzak eta Lizartzako inauteri dantzak. Haiek gurekin, aldiz, Otsagabikoak.
Azken urte hauetan harreman hori lausotuz joan zen harik eta aurtengo udan Berastegin topo egin genuen arte. Orduan pentsatu genuen aukera polita izan zitekeela aspaldiko loturak estutzeko eta azaroaren 8an `Plazara dantzara' emanaldi partekatuen sorta horretako beste bat antolatu dugu Burguen plazan.
Goibel esnatu zaigu eguna, euri langar baina etengabearekin. Oraingo honetan bai, emanaldia arriskuan ikusi dugu. Baina behin Iruñera etorrita, euri fintxo batek ez dituela geldiaraziko erabaki dute tolosarrek eta gu haien atzetik. Parioak zorte ona ekarri digu, emanaldia hasi dugunerako atertu du. Alta, zipatutako espartin sorta berria ezin ekidin.
Eguerdiak pasatxo, Bordon-dantzari taldea iruñeko Udal plazan muntatua eta txistularien doinura abiatu dira tolosarrak. Zubi pare bat egin eta Burguen plazarunzko ibilbidea hartu dute. Eguraldi goibelari aurre eginez, ikusle saldo dotorea bildu da azkenerako eta haien aitzenean plazatuta, Tolosako Bordon-dantzaren pasarte batzuk erakutsi dituzte Udaberrikoek.
Tolosarrek ehundutako ganbararen azpitik atera dira Dugunako trokeo-dantzariak plazara. Karrika-inguruaren ondotik, hurrenez-hurren eman dituzte, Xenpelarrena eta Betroiarena maki-txikien dantzak, Ama begira zazu ezpata-brokelena eta Iruñeko ferietan makil-handiena. Karrika-ingurua berriz dantzatuz lekukoa utzi diete dantzari gipuzkoarrei haiek ere haien troke-dantzak eman ditzaten.
Esan bezala, Udaberriko Gipuzkoako dantzen sistemako trokeo-dantzak eman dituzte ondotik. Haiek dantzakera berezkoa eta joko batzuetan dituzten berezitasunak —errepikapenetan edo erramintekin jotzeko maneretan— apreziatzeko balio izan digu. Boastitzea, Makil-brokelena, Uztai-txikiena, eta zinta-dantza erakutsi dituzte, bata bestearen ondotik.
Haien emanaldia bukatu dutenean, soka-dantza atera dugu Dugunakook plazara. Udaberrikoen etorrera eskertzeko eta gure errespetu eta miresmena erakusteko baliatu nahi izan dugu. Maialen Indakoetxea tolosar iruindartuak abiatu du soka eta Mikel Tristanek egin ditu azkendari lanak. Plaza agurtu dute hasteko eta ondotik bilantzikoa dantzatu dute buruz-buru.
Sokako dantzari guztiak soka burutik pasa dira gero, banan-bana haiek zortzikoa emateko eta horren ondotik Udaberriko dantzariak gonbidatu ditugu sokara.
Belauntxingoa dantzatuz eskertu diegu, besteak beste, harlauza bustien gainean dantzatzeko gogo ona erakutsi izana. Elkarrekin fandangoa, arin-arina eta kalejira dantzatuz jarri diogu amaiera emanaldiari.
Guretako gozagarria izan da Udaberriko lagunekiko harremana biziberritzea eta espero dugu berandu baino lehenago izanen dugula elkartzeko beste aukerarik.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Kezka dantza taldea on Iñaki Dominguez Zilbeti joan zaigu
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.





