Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Berastegin gurutzatu dira Tolosako bordoiak eta Iruñeko ezpatak

Dokumentuaren akzioak

Berastegin gurutzatu dira Tolosako bordoiak eta Iruñeko ezpatak

2025/10/13 10:05
Berastegin gurutzatu dira Tolosako bordoiak eta Iruñeko ezpatak

Tolosa eta Iruñeko Udal txistulari eta dantzariak, emanaldia aitzin

Sanferminak bukatuta Tuterako festak arte deskantsua hartu ohi dugu. Aurten ezin izan dugu ordea. 

Uztailaren 20an, Urmuga jaialdiaren baitan Gipuzkoa toponimoaren milurteurrena ospatzeko ekitaldi berezia antolatu dute Nafarroa Garaia eta Gipuzkoako mugan. Berez, Irumugarrietako maldetan egitea zen asmoa, baina bezperako euriek planak aldarazi dituzte eta Berastegira jaitsi dute plana. 

Ekitaldi-kontzertuak izan du protokolo parte interesgarria. Bi probintzietako erakundeetako ordezkariez gain, Tolosako bordon-dantzariek eta Udal txistulariek parte hartu dute batetik, eta bestetik, Iruñeko Udal txistulariek, Udal gaiteroek eta guk. Bateko eta besteko dantzariek eskutan zeramatzaten ezpaten bitartez, zubi egiazko zein sinbolikoak eraikitzea izan da ekitaldiaren gogoa.

2025-07-20_Urmuga-03
Iruñeko ordezkaritzaren parte bat. Udal txistulari eta dantzariak. Argazkia: Beñat Iturrioz

2025-07-20_Urmuga-04
Argazkia: Iker Azurmendi (NOticias de Gipuzkoa)

Hartara, ordezkaritza bakoitza herriko puntu batetik abiatu da alkate soinuaren doinura —Nafarrok Nafarroarako bidetik, Gipuzkoarrak Tolosaruntzko bidetik— eta koordinatu bagina bezala aldi berean heldu gara Berastegiko plazara. Han, probintzien arteko mugarena egiten duen hesi puska kendu dute plazaren erditik eta orduantxe abiatu ditugu korapiloak ehuntzeko ezpata-zubiak. 

2025-07-20_Urmuga-01
Argazkia: Urmuga

Zubien ondotik, ganbarak eraiki ditugu eta haien azpitik pasatuz, elkartu dira probintzia bietako erakundeetako ordezkariak, lurraldeen arteko besarkada irudikatuz.

2025-07-20_Urmuga-02
Argazkia: Gorka Estrada (Diario Vasco)

Ekitaldia Tolosako San Juan zortzikoaren aldaera berezi batekin borobildua izan da. Tolosarrek eta iruindarrok parez pare dantzatu dugu, tarteka buruzagiek, tarteka ezpata-txiki eta banderilleroek, tarteka tropel osoak. Hiri bietako txistulariek, Et Incarnatus Orkestrak eta Iruñeko eta Donostiko Orfeoetako kantariek jarri diete doinua gure urratsei. 

2025-07-20_Urmuga-05
Argazkia: Gorka Estrada (Diario Vasco)

Ondotik, fandangoa ere dantzatu dugu eta bukatzeko Larrain-dantza jendetsua ere bai. Plazerra eta ohorea izan da Tolosako (eta Iruñeko)  lagunekin emanaldia partekatzea. Ondokoa, geurean!

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.