Oñatin izan gara dantzan, Oñatz taldearen 50. urteurrenean
Oñatin dantzatzeko aukera izan dugu aurreko larunbatean, apirilak 17 eta energia positibo txertoa izan da, garai hauei lotutako hitz jokoa eginez! Berez 2020rako gonbitea luzatu ziguten Oñatz dantza taldeko lagunek, haien 50. urteurrenaren karietara dantzatzeko, baina ordukoan ezinezkoa izan zen. Orain behar izan du. Iurretako dantzariekin partekatu dugu plaza, beraz ohorea bikoitza izan da —Oñatzen urteurren borobilerako gu gonbidatu izana eta norekin eta Iurretako gure aspaldiko lagunekin dantzatzeko—.
Autobusean gindoazelarik, aspaldian ez bizitako sentsazioak —eta ez bakarrik fpp2 masken ondorioz—. Noiztik ez dugu halako bidaiarik egin, dantza aitzaki? Eta konturatu gara Iruñetik kanpoko ia azken emanaldia Iurretan berean izan genuela 2019ko urrian, duela 560 egun, Oñatiko lagunak ere ikusle genituela. Ufa!
Udal pilotalekuan atondu dute oñatiarrek dantzarako plaza ederra, berezko harmailen parean eta beste hainbat aulki gehituta ohiko edukierari. Dena segurtasun neurri zorrotzenekin, erakutsiz gisa honetako euskal dantza emanaldiak egitea guztiz bideragarria dela, baita pandemia egoera honetan ere!
Aurkezpenen ondotik, emanaldia abiatu dugu Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantzarekin. Txistulariek herdoilik ez dutela pilatu bistan da eta haien doinura egin ditugu zortzikoa, zubiak eta arrosa. Shanti Diaz-ek egin ditu banderari lanak lehenbizikoz eta gurina ogi gainean igurtzeko erraztasun berarekin dantzatu du gure bandera ederra, dotorezi eta kemenez. Ezpata-txikiek haien zortzikoa dantzatu dute ondotik, arrosaren inguruan. Hemen ere aurpegi berri zenbait. Bittori Elizalde eta Oier Santamaria estreinatu dira ezpata-txiki lanetan, Itziar Gonzalez eta Mikel Tristanen ondoan, guztiek ere haien eskarmentua erakutsiz.
Iurretarren txanda izan da gero. Dantzari-dantzako dantza guztiak eman dituzte bata bestearen atzetik, haien sasoi paregabea erakutsiz. Ikaragarria!
Sanferminetan dantzatzen ohi ditugun trokeo-dantzak eman ditugu gure bigarren saioan. Makil-txikiak, makil-handiak, arku-dantza, brokel-dantza eta zinta-dantza amaitzeko. Dantza bakoitzaren aurretik sarrera banaz apaindu dute Ibai Indart, Julen Leuza eta Shanti Diaz gaiteroek dantza bakoitza, ikusleen txaloak eraginez. Ez da gutxiagorako! Dantzari batzuei oilo ipurdia ere jarri zaie aditu bitartean. Eta musikaren indar horrekin errazago dantzatzen baita, dagokien tokian, plazan, ikusleen hein berean, gogoz eman ditugu aipatutako dantzak. Ikusleek gozatuko zuten, agian, baina ez guk adina!
Bukatu dugunean Iurretarren txanda heldu da berriz, soka-dantzarekin. Eta haiekin batera sokako parte izatera gonbidatu gaituzte, hasieratik. Amaia Elizaran aritu da aurresku eta Elene Uribelarrea atzesku. Oñatz dantza taldeko kideak atera dituzte gonbidatu gisa eta amaitzeko, fandangoa, arin-arina eta kalejira dantzatu dugu denok elkarrekin.
Bihotzez eskertzen diogu Oñatz dantza taldeari emanaldi honetarako gonbidapena egin izana. Esanen genuke garai hauetan, are beharrezkoagoa dugula dantzatzea, besteak beste terapeutikoa baitzaigu. Zorionak eta aunitz urtez!!! Mila esker Iurretako dantzariei ere, beti plazerra eta ohorea baita haiekin plaza partekatzea.
Hurrengoa Iruñean, protagonista berdinekin (gutxienez), maskarik gabe eta dantzaldi ondoko besta eta guzti! Esana dago!
Mireia Bikuñak (Goiena.eus), Asier Egañak eta Oñatz dantza taldeak hartutako argazki sorta ederra ikusteko sakatu hemen behean.
