Dokumentuaren akzioak
Joxemiel Bidador pastorala, gure ikuspegitik
Ez dugu gogoan nori entzun ote diogun honako esaldia: "proiektu berrien sorburu diren kultur ekimenak dira interesgarrienak". Ongi pentsatuta, ez dakigu inori entzun ote diogun ere, baina ados gara esaldiarekin.
Iruñeko Zaldiko Maldiko, Euskaldunon Biltoki, Karrikiri eta Duguna-Iruñeko dantzariak elkarteok 2014ean, Ijitoak Euskal Herrian jardunaldiak antolatu genituen eta programa horren baitan Ederlezi pastorala ekarri genuen Iruñera. Pastoral ondoko afalostean piztu zen Bidador pastoralaren txingarra, goiko esaldiaren izpirituarekin bat eginez bete-betean.
2014ko primadera hartatik beraz, ibili gara Dugunako hainbat kide pastoralaren proiektuan lanean.
Aritz Ibañez gure taldeko zuzendariari egokitu zitzaion pastoralaren errejentgo erdia, Ihitz Iriart-ekin batera bete duen ardura. Bien artean imajinatu zuten Jon Alonsok idatziko testuaren eszenaratzea: oihalen kokapen eta apainduretatik hasi, koreografien muntaketatik segi, doinuen aukeraketatik jarraitu eta dantzen eta kantuen atontzetik bukatuz.
Haien bitartez heldu zitzaigun gainontzeko taldekideoi proiektuan parte hartzeko gonbidapena eta lagun saldo ederra ibili gara saltsa honetan murgilduta.
Arizale nagusien artean, Martxelo Sotes izan da pastoraleko Jaun Mera ohoregarria eta Julen Leuza Makagorri zirikatzailea.
Julen Fagoaga eta Mikel Tristan izan dira Satan eta Saton, satan zirtolari eta dantzari finak.
Musikan aritu dira Iñaki Sagardoi (xirula), Osel Molinet (klarinetea), Eiande Aranburu (saxoa eta xirula), Beñat Lopez (atabala), Migel Fagoaga (bonboa) eta kasik etxekotzat dugun Roberto Antzano (akordeoia).
Arizaleen artean, ezpata-dantza gidari, makilarekin erritmoa ederki neurtuz Leire Leza. Biba zu! Eta Txantreako kantari bezala fitxatu bagenuen ere Juxe Kosta ere animatu zen abentura honetara. San Lorenzoko danzanteen artean ere zenbait infiltratu (Oskar, Juanjo, Joseba, Mikel, Iñaki, Carlos, Ricardo, Joselu...)
Ezin ahantzi plazaren erdira atera gabe, modu batean edo bestean laguntzen ibili diren taldekideak ere: Joseba Lorenzo zurgina, Itziar Zaldua jostuna, Aniana Alfaro arizale guztien makilatzailea eta bai entsaioetako nahiz emanaldiko egunetan muntaketa lanetan lagundu zutenak: Aitor, Itziar, Hasier, Maialen, Eder, Amaia, Izaskun, Itxaso, Bea, Angel, Angel, Gurutze, Kote, Marisa... (memoria motza dugu eta, barka inor ahantzi badugu).
Bi urte luzeko esperientzia aberasgarri, bizi eta ederra. Emaitzaz kontent bagaude zer esan bertara heltzeko egindako bideaz eta bide horretan topatutako lagunez! Oso pozik gaude ere Iruñeko beste dantza talde batzuetako kideekin lan egin izanaz. Ortzadar, Iruña Taldea eta Muthikoko Ana, Irantzu, Lina, Mintxo, Oier eta Peio, plazerra izan da eta hurrengo enbajadan ere gustora elkartuko ginateke zuekin berriz.
Pozik gaude ere Joxemieli, gure dantza taldeko dantzari, dantza-maisu eta musikari izandakoari, merezi bezalako omenaldia egiteko kapaz izan garelako.
Burgoen plazako emanaldi berezi hartaz zer esan! Gogoan goxoki iltzatua geratuko zaigu egun hura, plazan bildutako guztion gogoa bat eta bera izan zelako. Gogoan izanen ditugu Joxeangel Irigaraik bere aurkezpena egin bitarteko ixiltasun kasik zeremonial hura, pastoralari hasiera eman zioten bi baketa kolpeen ondorengo musika koloredu leherketa, arizale guztien (begi) dirdira berezia, Martxelok eragindako irri eta txistuak, Julenen tenore koplak, beste Julen eta Mikelen frijat garbi eta zorrotzak, Ihitz eta Mintxoren jotak nola oilo-ipurdiarazi zigun azala, arizale guztion kantuek nola hunkitu gintuzten malkoren bat isurtzeraino...
Baina Bidador pastoralaren proiektua amaitzear da. Ederra izan da, baina bada garaia pastoralaren orrialdea pasa eta hurrengo kapitulo bat idazten hastekoa! ;)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05