Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Ijitoak Euskal Herrian jardunaldien kronika berantiarra

Dokumentuaren akzioak

Ijitoak Euskal Herrian jardunaldien kronika berantiarra

 

Hi tzigano entzün ezak 
Gilikeautüko deiat 
Bidez bide hebentik harat 
Honki jin hire etxerat!

 

Joandako maiatzaren 16 eta 17an egin genituen Iruñean "Ijitoak Euskal Herrian" izenpeko jardunaldiak Zaldiko Maldiko, Euskaldunon Biltoki, Karrikiri eta Duguna elkarteok, eta ordutik dugu kronika hau zorretan. Heldu da beraz, nahiz eta berant, zorra kitatzeko garaia. Egun bakoitzean hitzaldi sorta bana entzuteko aukera izan genuen eta Ederlezi pastoral xiberotarrak jarri zion merezi bezalako amaiera zikloari.

Mapa ofizialetan agertzen ez diren bi herri: ijitoa eta euskalduna. Noiztik harremanean? Nolakoa izan da harreman hori? Ijito euskaldunak, ijitoa metafora gisa euskal ohituretan... galdera eta kontzeptu horien inguruan ari izan ginen jardunaldietan zehar.

Lehen saioa ostiral arratsaldearekin egin genuen, eta bertan hizlari izan genituen Ricardo Hernandez, Nafarroako ijitoen elkarteen GAZ-KALÓ Federazioko kidea, Juan Antonio Urbeltz Ikerfolk-eko zuzendari eta folklorean aditua eta Mikel Aranburu txistulari eta ikertzailea.

hitzaldia

Ricardo Hernandez-ek ijito herriaren historia eta errealitatea hurbildu zigun, hasteko. Gaur egungo egoeraren zirriborroa egin zigun lehenbizi: Ijitoak europako gutxiengo etniko handiena dira, 10 miloi pertsonekin. Horietatik 25 mila inguru Euskal Herrian bizi dira. Europan bazterketa eta arbuio gehien pairatzen duen populua da.

Baina noiz heldu ziren ijitoak gurera? 1000. urtean atera omen ziren Indiatik errari eta Florencio Idoate eta Genaro Iraizoz-ek bere garaian idatzitakoaren arabera, 1435. urtean sartu ziren lehenbizikoz Nafarroako erreinura. Egipto txikiko kondetzat aurkeztu zuten haien burua, Oliteko jauregian.

Ijitoak Nafarroako Erreinuan sartu zireneko testigantza idatzia.
Ijitoak Nafarroako Erreinuan sartu zireneko testigantza idatzia.

Ordutik pairatutako jazarpenen lekukotzak etengabeak dira. 1549. urtean, esaterako, ijitoak Nafarroa Garaitik kanporatzeko legea onartu zuten agintariek. Ondorioz, XVI. mende horretan Nafarroa Beherea eta Gipuzkoara zabaldu ziren buhame horietarik aunitz. Bateko eta besteko ijito horietatik asko euskaldundu egin ziren. Kalo eta euskararen arteko nahasketatik sortu zen erromintxela, Romani hizkuntzak euskararekin harremanean hartu zuen forma.

Ijitoen kontrako erasoak ohikoak izan ziren XX. mendera arte ere. Mende horretako bigarren erdian ijitoak herri-konzientzia garatu eta elkartzen hasi ziren. Hartara, 1971. urtean Ijitoen lehen Nazioarteko Kongresua egin zuten, Londresen. Bertan bandera, ereserkia eta romani hizkuntzaren batasuna adostu zuten, besteak beste.

Bere solasaldia bukatzeko, Hernandez-ek bi ijito nafarren irudia azpimarratu zuen: Javier Etxeberria ttunttunero Artzibartarra eta Agustín Campos “Sabicas” gitarrajole Iruindarra.

Juan Antonio Urbeltz-ek hartu zuen hitza ondotik. “Zuberoako maskarada eta Mihail Bajtin” izenburu misteriotsupean, inauteriak eta Zuberoako maskaradak izan zituen hizpide, eta zehatzago, horietan buhame eta kauterek jokatzen duten metafora.

2014-02-02_Maskaradak-Zalgize_IZ_7529

Maskaradetan gorriak eta beltzak ezberdintzen ditugu, baina Urbeltzendako ez dira kontrajarritako bi talde, baizik eta osagarriak. Nola liteke bestela, pastoraletan turko -eta beraz, gaizto- papera jokatzen dutenak (satan/txerreroa) maskaradetan onak izatea? Maskaradetan ere, gorriek gordintasuna, garraztasuna, laztasuna irudikatuko lukete beraz, eta beltzak (buhame eta kauterak) gordintasun horren ondorio lirateke, mundu ilun eta itzalez betetakoa, izurritea bera. Kontrolatzea beharrezkoa den mundu basa da hori, beldurgarria eta arriskutsua.

Mikel Aranburu izan zen lehen saio honi amaiera emateko arduraduna. Ijito musikariei buruz, eta zehazki ttunttuneroei buruz aritu zen. Ijito musikariak ohikoak izan ziren Iruñeko ospakizunetan XVI. menditik XX. mendearen hasierara: Corpus eguneko prozesioetan jotzen zuten eta baita San Ferminetan ere. Iruñeko udaleko eskribauek argi utzi zuten musikari haien ijito izaera, gehienetan kutsu txar samarrarekin. Urtero toki ezberdin batetik heltzen zirelako ezagutu zitezkeen bestela. Horietako zenbaitzuen izenak heldu zaizkigu egundaino: Francisco Jimenez, Martín Santxotena, Martin Ezponda edo Miguel Antonio Abadiano. Baita Etxeberriatarren familia ere.

Lehen Etxeberriatar ezaguna Matias dugu. XVIII. mendeko azken herenean azaldu zen idazkietan eta ttunttunero izateaz gain ardi moztailea ere bazen. Bere semearekin eta anaiarekin jo izan zuen. Iruñeko San Gregorio kalean bizi zen eta 1783. urtean isuna jarri omen zioten udal baimenik gabe, kalera jotzera usu ateratzeagatik.

Matiasen semea ere Matias izan zen, Eskiroz-en sortua. Esan bezala, aitarekin jo izan zuen lehenbizi eta gerora, bakarrik, 1827tik 1846ra. Azken 2 urte horietan bere seme Javier-ek lagundu zion ttunttunean.

Javier Etxeberria Narvalaz ttunttunero ezaguna da Iruñean gaur egun ere. Artzibarko Arrieta herrian jaioa, Eskiroz-en bizi izan zen, esan bezala. Euskalduna zen. 1845. urtetik 1909. urtera arte aritu zen Iruñeko erraldoiekin jotzen (63 urtez!!!). Nola ez da ba ezaguna izanen!

Etxeberria 1

1860an erraldoi berriak egin zituen Tadeo Amorenak eta garai hartan 8 txistularik eta 3 gaitarik jartzen zieten musika panpin dantzariei. Poliki-poliki gaitak tokia kendu zion txistuari eta Javier Etxeberria eta Antonio Artotxa soilik geratu ziren erregina beltzaren laguntzaile. Erraldoiekin jotzeaz gain Gazteluko plazako arratsaldeko dantzaldia ere girotzen zuen Javier Etxeberriak. Felix Urabayen-ek honela jaso zuen idatziz Etxeberriaren berri:

En un banco retirado, Javier Echeverría, el gran chunchunero de Esquíroz, un gitano de noventa años, solitario y melancólico, desgranaba las notas indígenas de lento compás. Solía tener más mirones que bailarines. Frente a la Diputación poníase el chunchunero de Anoz. Sus purrusaldas y zorzicos acusaban ya el mestizaje de la transición artística; sabían un poco a jotas y polcas. Al fin Anoz es un pueblo de la cuenca...

1911ko San Ferminetan hil zen Javier Etxeberria. Bere ttunttuna Iruñeko Udal Artxibategian gordeta dagoela kontatua zigun Mikelek eta ijito eta ez-ijitoen arteko elkarkidetzaren sekretua, agian Etxeberriaren ttunttun barruan gorderik izanen dela esanez bukatu zuen bere hitzaldia.

Tambor


Ohiko solasaldia ere izan genuen mintzaldien ondotik eta bukatzerako, afaltzeko tenorea ere bagenuen. Taldeko gazteek prestatutako menua sabeleratu ondotik, Mixel Etxekoparren txülüla doinu eta kantuak izan genituen postrerako!

Larunbat goizean bagenuen berriz zeregina. Labrit Tours-eko Kike Diez de Ulzurrun-ekin Iruñeko buhame bideetan zehar ibilalditxoa egin genuen. Esanen genuke Mixel Etxekoparrek bere xirularekin lo egin zuela, izan ere, berriz bere doinuekin abiatu baikinen alde zaharreko karriketan barna. Zaldiko-Maldiko elkartetik partitu eta lehen geldialdia Merced kalean egin genuen. Kikek kontatu zigunez, han laketu ziren Iruñeko ijitoak hainbat urtez, zalantzarik gabe esku-pilotaren usaina darion tokian. Han ondoan zegoen Euskal Jai pilotaleku zahar bezain ederra (Iruñeko udalak eraitsia) eta han ondoan dago, Labrit-en atzealdean, "Jito-alai", izen salataria duen beste frontoia. Pilotazaletasun handiko ijitoen berri eman zigun Kikek, Arbizutarrak kasu.

IMG-20141214-WA0021

Merced kaletik, Mañueta kalera, eta han nola ez, beste pilotaleku bat! Ijito iruindarrek haien marka garbia utzi dute hiriaren hizkeran, bai gaztelaniazkoan baita euskarazkoan ere. Iruindarroi ezagunak zaizkigu "mol" (ardoa), "manró" (ogia), "pañi" (ura), "kurrar" (lan egin), "achantar" (ixildu, beldurtu), "mangar" (ebatsi), "baroja" (hotza), "Arajai" (apaiza) "balitxo" (zerrikia) edo "latxuri" (labana) bezalako hitzak. Horrelako bitxikeriak aditu-ta, itzuli ginen Zaldiko-Maldikoren egoitzara.

Nicole Lougarot eta Mixel Etxekoparren txanda izan zen orduan. Ederlezi pastorala taularatzeko dokumentazio lan eta sortze prozesuari buruzko xehetasunak eman zizkiguten.

2007. urteko Xiru jaialdiaren prestaketetan piztu zitzaion Nicole Lougarot-i buhameekiko interesa. "Lurra norena da?" leloa jarri zioten edizio hari eta Ijitoekin gogoratuta, pistoi banda edo fanfarre bat bilatu zuten. Buhameei buruzko informazioa biltzen hasi eta irakurri zuen, esaterako, 1802. urtean ijitoen arrestatze handi bat izan zela iparraldean. Horrek 2 galdera plantearazi zizkion Lougarot-i: Nondik eta noiztik dira buhameak gure artean? Eta zergatik agertzen dira Xiberoko maskaradetan?

Ikertzen hasi eta ikerketa horien ondorio izan zen 2009. urtean karrikaratu zuen "Bohemiens" liburua. Bertan, XV. mendean Euskal Herrira heldu zirenetik gaur egun arte pairatu izan duten jazarpenari buruzko kronika idatzi zuen Nicolek. Batzuk deportatuak izan ziren, beste batzuk herriz-herri ibili ziren eta beste zenbaitzuk integratu eta gure herrietan geratu ziren. Gaur egun, jende zenbaiten buhame jatorria atzendu badugu ere, oraindik mespretxuzko hitzak entzuten ahal dira Xiberoan, esaterako: "Hori buhametzarra"!

etxek.lougarot

Nicolendako, Euskal Herrira heldu eta bertan laketu ziren buhameek ekarri zituzten maskaradak. Europako beste hainbat txokotan topatu izan ditu antzeko ohiturak. 2010. urtean Moldabian izan zen bertako inauteriak ezagutzen, eta bidaia sinistezina izan zen beretako: Xiberoko maskaraden oso antzeko besta bat topatu zuen bertan. Han ziren jauna eta anderea, zamaltzaina, buhameak, kauterak, bedezia... (mascarades.eu webgunean ikus ditzakezue Fantanele-ko inauteriak, nahi baduzue). Han, hemen bezala, buhame eta kauterek pisu handia dute inauterian eta lizunki eta gizenki agertuak izaten dira. Horregatik, Lougarot-i iruditzen zaio urtero, negu oroz, xiberotarrak buhamez edo kauterez mozorratzen direlarik, ijitoenganako arrazismoa plazaratzen dela behin eta berriz, betiko ohituraren aitzakian.

Mixel Etxekopar Ederlezi pastoralaren sorkuntza prozesuaz zen hitzegitekoa, baina arratsaldean plazan plazaratuko zutela-eta, "spoiler"-arena ez egitearren, orokorrean pastoralari buruzko zenbait hausnarketa interesgarri bota zituen. Etxahun Irurik bere pastoralaren ikuskeran izan zuen garrantzia aipatu zuen hasteko. Pette Beretter pastoralean (1973) aingeru izan Mixel. Ximena pastoralean (1979) xirulari. Bi pastoral horiek Etxahun Irurik idatzi zituen eta beregandik jaso zuen Euskal Herriaren nozioa eta pastorala zerbait monolitikoa ez den ziurtasuna.

Etxekoparrendako pastorala istorioak kontatzeko modu bat da. Gaur egungo pastoral erraldoi hori, azken hamarkadetako kontua besterik ez da, bere irudiko. Gauza jakina da erraldoiak urrutitik ongi ikusten direla, baina bestetik, mugitzea kosta egiten zaiela, eta hori gertatzen zaio oraingo pastoral ereduari Etxekoparren aburuz. Pastoral zaharragoei erreparatu eta konturatu zen, adibidez, Bereterretx pastorala 2 hilabetetan montatu zutela 1958an (hori oraingo ereduan pentsa ezina litzateke). Hori bai, arizale gutxiagorekin eta aurretik denak kantari on zirela jakinda montatu zuten!

Ondoren, zenbait ideia solte bota zituen Etxekoparrek arrapaladan eta berdin joanen dira hemen, ikastolako apunteen gisan: 1- Mamia ala forma? Forma ala mamia? zer ote da garrantzitsuena pastoralean? Istorio potente bat edo hau? (hau da, makilaren erritmoa eta koblaren errepikapen etengabea). Edozer joka daiteke molde horretan. Agian erritual hori bera da garrantzitsuena. 2- Tradizioa ez da objetu bat, baizik eta subjektua. Gu gara tradizioa! 3- Egia da araudi zorrotza eta mugigaitza duela pastoralak, baina era berean, izugarri modernoa da: dena da abstrakto, dena da "minimal". Oihal bat atzean eta aitzina! Libertatea bada zorroztasun horretan.

Hain zuzen libertate horretatik edan zuen Etxekoparrek Ederlezi pastorala idazteko. Izan ere, bere solasaldia bukatzeko bota zuen bezala, errespetu eta maitasun sobera dio pastoralari Etxekoparrek... dagoen bezala uzteko!

Kasik, bazkaltzeko tenorea genuen ordurako! Eta oraindik arratsalderako hainbat gauza prestatzeke! Arrotxapera jaitsi ginen bizpahiru lagun mandatu pare bat egitera eta... ez da egia izanen? zer dira auto dotoreegi horiek? Zer dira koloretako ehunka xingola horiek? Zer dira, soineko distiratsuz jantzitako hamarnaka lagun horiek? Eta hara!!!!

Ez da posible!!! Ezin liteke!!! Bada bai: ijitoen ezkontza bat!!

Doi-doi izan genuen iruditxo batzuk hartzeko denborarik. Berriz alde zaharrera igo eta bazkaldu ondotik, dena prestatu genuen Ederlezi pastorala Burgoen plazan joka zezaten. 500 lagun inguru bildu ginen arrats eguzkitsu bezain haizetsu hartan, pastoralzale. Haizeak, kantuak ez ezik, teloia ere eraman zuen berekin. Etxekoparrek esan bezala, ezin "minimal"ago! Baina xarma berezi zerbait ere eman zion horrek ikuskizunari.

2014-05-17_Iruna_Ederlezi-Pastorala-8565_IZ

2014-05-17_Iruna_Ederlezi-Pastorala-8500_IZ

2014-05-17_Iruna_Ederlezi-Pastorala-8758_IZ

2014-05-17_Iruna_Ederlezi-Pastorala-8391_IZ

Guk dakigula Iruñean pastoral bat egiten zen lehendabiziko aldia zen eta arizaleak pozik horrekin (uste dugu), baita ikusleak ere (gangardunak barne)!

2014-12-15 21.16.52

 Ijitoei buruzko zikloa, mahai inguruan bukatu genuen Zaldiko-Maldiko elkartean: mandró eta mol ugari, pañi gutxi eta xiberotarrak eta nafarrak dantzan. Buhame festa preparatzen det gogua dedan orduan...


Hurrengoa noiz?

*(Eskerrik beroenak Ricardo, Juan Antonio, Mikel, Kike, Nicole eta Mixeli, Labrit Tours-i, Zaldiko-Maldiko, Karrikiri eta Euskaldunon Biltoki elkarteei eta Iñaki Sagardoi-ri)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.