Dokumentuaren akzioak
Ezpeletako Gauargi festibalean aritu dira Dugunako dantzari txikiak
Aurreko batean aipatu genizuen moduan, munduko txoko ezberdinetako dantzak ardatz dituen Gauargi festibalen parte hartu dute gure dantzari txikiek uztailaren ondarrean. Urrundik etorritako dantza taldeekin batera —Kroazia, Polonia, Sri Lanka...— Euskal Herriko dantza talde bat izaten da egunero dantzan. Aurtengo edizio honetan, lehenengo hiru egunetan, Duguna - Iruñeko dantzarien dantza eskolako dantzariak izan dira euskal ordezkari gonbidatuak.
Gauzak honela, uztailaren 19an, goizean goiz, Arrotxapeko gure egoitzan elkartu, emanaldietarako materiala autobusean kargatu eta bideari ekin diogu. Goizeko 10:00etan Ezpeletara iritsi bezain pronto dantzarako atondu eta herrian kalejira eta dantza emanalditxo bat eman dugu. Honen ondotik, arropa erantzi eta bazkal aurretik jostetan aritzeko aukera izan dute gure txikiek.
Arratsaldean, herrialde ezberdinetako haurrak ezagutu eta haiekin aritu dira aitzin-gibel. Orduek aurrera egin ahala, agerraldia hurbildu zaigu eta, afal ostean, janzteko tenorea ere bai. Euria eginen ote duen ala ez argitzeko saiakeren ondotik, Ezpeletako aretora oinez igotzea hobetsi dugu. Eutsiko diola ematen duen arren, sekulako zaparrada bota du dantzan ari ginelarik. Dantzarako jantziak delikatuak baitira, ez da sobera egokia euripean ibiltzea. Hortaz, gure autobus gidaria korrika batean abiatu da arropa gordeta dugun lekura, autobusaren bila. Eskermil aunitz, Carlos, halako laguntza emanik!
Lehenengo emanaldi honetarako Ibai Indart, Beñat Lopez eta Aitor Huarte izan dira gure soinulariak, bai gaitarekin bai eta txistuarekin ere. Emanaldiaren lehen atala dantzari nagusiei egokitu zaie. Sanferminetako trokeo-dantzen zikloko bi dantza eman dituzte: zinta-dantza eta ezpata-brokelena. Hauen ondotik, gaztetxoen txanda iritsi da, Arizkungo sagar-dantza eta Baztango zortzikoa eman dituztelarik.
Uztailaren 20ean, bigarren egunean, kalejira programatu digute goizean, baina eguraldia ez dugu lagun izan eta bertan behera geratu da. Honek egunaren parte haundi bat jostatzeko, prestaketa mentala egiteko, elkar ezagutzeko eta konpainiaz gozatzeko aukera eman digu. Eta horrelaxe izan da. Ikasle bat bera ere ez da geldirik izan, futbolean, elkarri trentzak nola egin ikasten, beste herrialdeetako gazteekin solasean… aritu dira. Baina ez da dena aisia izanen! Lanerako unea ere iritsi zaigu. Gure dantzariak jantzi eta, honakoan, aurreikusle izanik, autobusean, Ezpeletara igo gara, aurreko eguneko areto berberean gure dantzak ematera. Bertan, Gipuzkoako hainbat dantza —Agurra, makila txikiena eta Uztai-txikiena— eman dituzte helduenek eta gazteendako sortutako soka-dantza txikienek. Azken honetan beste herrialdeetako dantzariak, festibaleko antolatzaileak eta gurasoak gonbidatu dituzte dantzara gure txikiek, modu literalean “dantzara gonbidatu”, haiek ere fandangoa eta arin-arina dantzatu behar izan baitituzte. Une berezia izan da benetan!
Azkenik, larunbata iritsi da, azken eguna. Honakoan formatoa nahikoa ezberdina izan da. Aurreko bi egunetan beste herrialdeetako dantzari askoren eremuan dantzatu izan gara, areto batean. Honakoan, aldiz, kalean dantzatu gara. Plazan. Gure ingurunean. Helduenek aurreko eguneko errepertorioa errepikatu dute: Agurra, Makil-txikiena eta Uztai-txikiena. Bestalde, dantzari txikienek dantza berezia eman dute. Berezitasuna dantzaren sorlekuan, sortzaileetan eta elkarrekin dugun harremanean datza. Hain zuzen ere, Gauargi jaialdirako gonbita helarazi diguten Iruretagoienatarrek, Jon eta Claude aita-semeek, sortutako Miarritzeko San Martinen Ezpata-dantzaren baitan aurkitzen den arku-dantza baita. Gainera, jaialdian aritu ziren hainbat dantzari 2017ko San Martin Ezpata-dantzan aritu ziren arku-dantza hau bera ematen.
Larunbatean Ezpeletan barna erronda pare bat egin ditugu eta, tarteka, dantza zenbait ere bai. Bi txanda izan ditugu eta, plazerrez, beste herrialdeetatik etorritako taldeetako bat edo beste ikusi ahal izan ditugu. Aipagarria da, jardunaldi honetan eguraldiak ez zituela bakarrik dantzariak errespetatu, baizik eta ederki portatu zela. Erran nahi baita, tenperatura eta argi ederrez lagundu duela ekiak Ezpeletan ospatu jaialdia.
Emanaldi guztiak amaituta, afaltzeko tenorea iritsi da eta honekin batera une gazi-gozo bati aurre egin behar izan diote gure dantzari txikiek. Batetik, etxera bueltatzea litzateke una gozoa, baina bertan ezagutu lagun berriak atzean uzteak tristura ekartzen duenez, denbora dexente hartu digu despedidak.
Aukera eder hau ederki profitatu dute, beraz, gure txikiek. Horrexegatik, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Gauargi jaialdiaren antolakuntzan ibili diren guztiei, horrenbeste talde eta jende mugitzea, kudeatzea eta dantzaraztea ez baita lan aisa. Milesker aunitz!
Eskerrak ere, hamaikagarre aldiz, Iñaki Zugastiri, horren argazki ederrak harturik! Hona hemen sorta zabal bat:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05