Gauargi jaialdian parte hartuko dute gure txikiek

2018/07/18
Gauargi jaialdian parte hartuko dute gure txikiek

Ezpeleta erdigune duen Gauargi gaztetxoen dantza jaialdian parte hartuko dute gure dantzari txikiek bihartik aurrera. Ez da gauza ohikoa, normalean ekaina ondarrean amaitzen baitugu txikien taldearen ikasturtea eta urrira arte ez dugu berriz hasten.

Maritzuli konpainiako Iruretagoiena aita-seme aspaldiko lagunen bitartez heldu zaigu nazioarteko haur dantzarien jaialdi honetan parte hartzeko eskaintza. Ostegunetik larunbatera (uztailaren 19tik 21era) ariko gara bertan, gure dantza-eskolako azken bi mailetako 19 ikaslerekin.

Gaztetxoenei dagokienez, Arizkungo sagar-dantza, Soka-dantza eta Miarritzeko San Martin Ezpata-dantzaren Arku-dantza emanen dituzte. Helduenek, aldiz, Gipuzkoako hainbat dantza —Agurra, Makila- eta Uztai-txikiena— eta Iruñeko trokeo-dantzen zikloko bi dantza; Arri-arri mandoko zinta-dantza eta Ama begira zazu ezpata-brokelenaren egokitzapena.

Taldeko txistulariak eta gaitariak bidelagun izanen ditugu. Hain zuzen ere, Aitor Huarte, Ibai Indart eta Beñat Lopez izanen dira Gauargin gu dantzarazteko soinuaren arduradun.

Gauargi festibalari gure esker ona, bertarako gonbidapenarengatik!