Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Ezpata-dantza karrikara hamabosgarrenez

Dokumentuaren akzioak

Ezpata-dantza karrikara hamabosgarrenez

Ezpata-dantza karrikara hamabosgarrenez

Argazkia: Nahia Garat

Begi klixka baten denboran joan zaizkigu hamabost urte. Aurten ezpata-dantzan aritu izan diren dantzarietako batzuk 2 urte eskas zituzten 2009 hartan. Dantza hau betidanik ezagutzen dugu esaten hasten ahal dira batzuk behintzat. Kontua da irailaren 24ean Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza karrikara atera dugula hamabosgarrenez, baten bati atzo izan zela iruditzen ahal bazaio ere. Zeinen azkar joan den hamarkada t'erdi!

Sanmigelen uda txikiak eragin bete-betekoa du Aldapako Sanferminetan ere. Eguzkitsu iratzarri zaigu eguna, goizeko 9:30etan Aldapaburun zita jarri dugunerako. Batzuk ordua aitzin, besteak berant pixka batekin, baina aleka-aleka agertu dira dantzari (ia) guztiak. Egunak eskatzen duen zehaztasun eta patxadaz jantzi gara, txistulariek ohiko hamaiketakoa egiten duten bitartean. 54 dantzari aterako gara dantzara, baina bat ez zaigu agertzen. Hainbat telefono dei eta kudeaketaren ondotik erremedioa jarri diogu azken-ordukoari eta 11:00tarako prest gara denak! Baita argazkilaria ere! Hori probestuz udal plazan egin beharrekoari azken gainbegiratua eman eta Aldapako kapera aitzinean hilezkortu dugu aurtengo taldearen irudia.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 01
Argazkia: Nahia Garat

Geroago aldapan gora igotzeko, aldapan behera egin behar lehenago. Txistularien karrikainguruaren doinura jaitsi gara Nabarreria zokotik, Arrotxaperaino. Ttunttuneroetan, bi fitxaje berri ditugu. Batetik, Irene Rezusta, taldeko txistulari berria, eta bestetik, Igor Martinez, azken urte luzeetako ataka konplikatuetako salbatzaile eta aurtengo gure gonbidatu berezia. Dantzarietan ere hainbat debutari: Adriana Ilzarbe, Berezi Jimenez Garazi Astibia eta Maialen Indakoetxea. Arrotxapeko zubira hurbiltzen ari garelarik, jadanik jendetza sumatzen dugu bidetik. 

Nahi baino denboraz doiago heldu gara gure abiapuntura. Aritz Ibañez buruzagiak azken ohar eta adore hitz batzuk bota eta elkarri eman dizkiogu ezpatak. 11:30etan ttanko hasi dira Igor Martinez eta Iñaki Sagardoi txistulariak bandera-arbolaren doinua xaramelatzen eta Shanti Diaz, haien arabera bandera dantzatzen.
Argazkia: Nahia Garat 
Banderaren azpitik lasterka egin-eta, aldapan gora abiatu gara, second line izugarria atzetik dugula. Hor hasi gara ikusten Sestao, Añorga, Andoain, Urdiñarbe, Maule, Eibar eta abarreko xokoetatik hurbildutako lagunen aurpegiak, bertako lagunenekin batera, noski. Zoriontasun txutea erripan gora!

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 03
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 04
Argazkia: Nahia Garat

Iruñean gatazka izaten da tarteka: entzierroa zuri-gorriz korritu behar dela, ez dela tokirik kolore-bizitako tixertendako. Gurean ez da zalantzarik. Entzierro zuri-gorria Santo Domingo karrikan goiti dator. Entzun arren San Fermin, zu zaitugu patroi... kantatzen duten horma-hobiaren azpira heldurik, Jon Benito, Bittori Elizalde, Aitor Puig eta Ainara Ranera kapitainak tropelaren atzekaldetik aitzinera pasa dira zubien petik eta belauntxingoa dantzatu dute bertan. Nafarroako Museoko eskaileretan ere, gure entzierro berezia ikusteko hamarnaka lagun bildu dira.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 05
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 06
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 06
Argazkia: Nahia Garat

Zezenek egiten duten ibilbidetik segi, baina Merkaderes karrikan txurro gutizia heldu zaigu eta ezkerrera egin dugu derrapea. Mañueta karrikara tira, txurro-denda parean errespetuzko zubia egin —zerratua zen, baina— eta merkatu bazterretik goiti egin dugu, Nafarroako Artxibategi Nagusi ondora, Aldapako Sanferminen kaperara. Txurroen ordez piperropilak eta moskatela zain genituen han. Meza finitu artean, senideak eta lagunak agurtu ditugu eta tartar goxoan aritu gara batekin eta bestearekin. Heldu dira! —esan du baten batek— eta tropela eliza aitzinean kokatu dugu, lau ezpata-txikiak aitzinean. Oier Otano zerbitzari txikiak piperropila eskaini dio Sanferminen irudiari, eta kapitainen belauntxingoaren ondotik abiatu da segizioa.
Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 07
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 08
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 09
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 10
Nahia Garat

Sanfermin handietako segizioarekin konparatuz, laburra da Aldapakoa. Ordu erdi luzetxoan, fini! Aldatzen ez den gauzetarik bat da, bietako batean ere ez dagoela udaltzain bakarra ere bidea irekiko diguna, erraldoien atzetik segiziorik badenik ere usaintzen ez duen jendetzaren artean. Kexatu egiten gara, baina finean maite dugu jendearengandik horren hurbil dantzatzea —eta beharrezkoa bada, baita bultzakadaren bat ematea ere—. Eskerrak Itxaso Martinez lantzariak, eta Maria Izal eta Kote Goñi boboek haien lana ederki egin dutela, herensuge zuri-gorriari arnasa emanez.

Hango eta hemengo lagunez gain, jende ilustrea(goa?) ere ikusi dugu ezpata-dantzari so. Denen artean musikarien gremiokoak gailendu dira: Amaren Alabak-eko talde erdia, Xabi Bastida Su ta Gar-eko kitarjolea, Amets Aranguren Ibilbedik kantaria edo Burutik taldeko Jokin Barriola, besteak beste.
Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 11
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 12
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 13
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 14
Argazkia: Nahia Garat

Sanferminen irudia urtebeteko lozorroan utzi eta udal plazaruntz abiatu gara. Urduri gara, ez baitakigu ziur bertako ostatuek haien terrazak erretiratuko ote zituzten eta beraz, gure dantza bere zabaltasun osoan ematerik izanen ote dugun. Badirudi soka-tira psikologikoa irabazi dugula eta Viva Sanfermin jatetxeak, Pompaelo hotelak eta The Cookie Shop kafetegiak oihalak plegatu dituzte! Eskerrak haiei! Calceteros karrikan behiti sartu gara herriko-etxe parera. Gero eta ikuslez beteagoa den plazan, gero eta dantzariz beteagoa den ezpata-dantza. Egin ditugu mehatze-galeriak, muntatu dugu arrosa eta herensugea sigi-sagaka ibili da, danborrak azken kolpea jo arte. Banderariak bandera goxoki kulunkatu du eta kapitainek belauntxingoa eman dute adorez eta kemenez. Agertu bezala desagertu da dragoi zuri-gorria esku-zarta artean.
Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 15
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 16
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 16
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 17
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 18
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 18
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 19
Argazkia: Nahia Garat

Udal plazako une berezia behin pasatuta, halako hustuketa eta bare sentsazio batek hartzen du taldea. Egin beharrekoa egin dugu eta orain ospatzera goaz! Estafeta karrikako galtzadarriak Beasainen zapalduak genituenez, berriz ere ezkerrera egin dugu eta Mañuetan beheiti abiatu. Taldean halako zurrumurrua zabaldu da, presta gaitezen! Joxe Miel Bidadorren gurasoek jaki denda zuten karrika horretako azken etxeak egiten duen ixkinean. Hortik eskuinera hartuta, Merkatu karrika meharrak ez ditu bi metro ere egiten. Joxemielen omenez estuasun bihurri horretan egiten dugu ezpata-dantzako zubirik kaotikoena. Lau lerroak zortzi bilakatzen dira uneka eta beraz, zortzi ezpata-dantzari eta haien ezpatak, bi metrotan hertsatu behar izaten dute. Hori gaindituta, bai, aldapan gorako besta, nora eta Aldapaburura iristeraino. 

Han Aritz Ibañez Buruzagiak eta Oier Otano zerbitzariak zortzikoa dantzatu dute buruz-buru. Batek erakutsi du hamabost urte joanagatik ere ez dela guztiz herdoildua. Besteak aldiz, dantza-maisuen odola daramala zainetan. Sanfermin Aldapakoaren elizaren ataurrean soka-dantza eskuz-esku dantzatuz eta kantatuz, amaiera eman diegu 2023. urteko ezpata-dantzaren dantza aferei.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 19
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 20
Argazkia: Nahia Garat


Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 21
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 22
Argazkia: Nahia Garat

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2023 - 23
Argazkia: Nahia Garat

Aurtengo ezpata-dantza joan den bezain ongi joan dadin lagundu gaituzten guztiei eskerrak emanez, bukatu nahiko genuke kronika hau. Elgoibarko ezpata dantzariei, senide ditugun Eibarko eta Arizkungo ezpata-dantzariei, eta Argia dantzari taldeari! Esker mila zuen eskuzabaltasun mugagabearendako!

... heldu den urtean berriz!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.