Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Erakusketa bat baino anitzez gehiago

Dokumentuaren akzioak

Erakusketa bat baino anitzez gehiago

Joandako martxoaren 26 goizean, Kondestablearen jauregian muntaketa lanetan ari garen bitartean, horrelakoetan gertatu ohi den perspektiba galerarekin, ez dakigu erakusketa jendearen gustukoa izanen den ala ez. Lan handia egina dugu, gure heinean, eduki zein formak zaintzeko. Zalantza hori buruan joan gara bazkaltzera euskarri guztiak muntatu-eta. Dagoeneko arratsaldeko inaugurazioan, jaso ditugu lehen iruzkin baikorrak eta hor lasaitu gara. Ekitaldia bera xumea baina hunkigarria izan dela esan digute taldeko beteranoenek. Erakusketaren xehetasun guztiak barneratu ahal izan gabe ere, itxura behintzat gustuko dutela adierazi digute hainbat taldekidek.

2024-03-26_Adiskidantzan-inaugurazioa_01
Erakusketaren inaugurazioaren une bat. Argazkia: Josu Santesteban

Egunak joan, egunak etorri, Dugunako kide askorendako elkargune bilakatu da Adiskidantzan erakusketa. Kondestablearen jauregiko lantaldeak ez du bermatzen bertan jartzen diren erakusketen zainketa, eta taldekideok 90 bat zaintza txanda bete behar izan ditugu erakusketak iraun dituen hiru asteetan. Garai ezberdinetako dantzari eta musikarien inplikazioa argi uzteaz gain, horrek parada eman digu erakusketan zen laguna bisitatzera joateko. "Ordu erdi dut mandatu hau egin aitzin. Kondestabletik pasako naiz". Eta han beti bazen beste norbait egoera berean. Gazte zein heldu. Dantza taldeko belaunaldi guztietako dantzarien elkargune izan da erakusketa eta harremanak trinkotzeko balio izan du. Eta panelei edo argazkiei begira sortzen ziren solasaldietan hainbat iruzkin eder: "Ah ze lana hartu duzuen horrenbeste argazki eder biltzeko", "Iruñearen azken 75 urteotako historia azaltzen zaigu dantza taldearen historiaren bitartez", "Ze zainduak eta zintzoak diren testuak, ez duzue deus ezkutatu", "Bada nik ikus-entzunezkoa maitatu dut, arrazoi berarengatik. Ez da dena taldea loriatzea"... Poztu gara iruzkin horiek jasota, horixe izan baita gure asmoa: 75 urteko taldearen ibilbidea agertaraztea, deus ezkutatu gabe, argi-ilunak erakutsiz, gero bisitariak bere ondorioak atera ahal izan ditzan.

Adiskidantzan_erakusketa_02
Hainbat bisitari, KOndestableko sarreran ikusgai zen dokumentaltxoa so egiten. Argazkia: Hasier Moreno

Erakusketa_01
Argazkia: Julen Santamaria

Eta jende asko pasa da erakusketa bisitatzera. Aste Santuak lagunduko zuen, noski, baina lan egun ala asteburu, egunero bildu da jendetza erakusketara. Ez diogu guk bakarrik. Kondestableko arduradunek badute horrelako eskarmenturik eta haiek ere hori bera azpimarratu digute. Bisitari gehien-gehienak iruindarrak izan dira noski, turista atzerritar despistaturen bat ere ikusi dugu, baina erakusketa ikustera espreski etorri diren baztandarrak, baigorriarrak, miarriztarrak, bakiotarrak, larrabetzuarrak, eibartarrak, durangarrak eta iurretarrak ere gurutzatu ditugu bertan. Eta hori oparia izan da guretako. 

Ekitaldi guztiak lepo!

Erakusketaren aitzakian antolatu ditugun gainontzeko ekitaldiak ere arrakastatsuak gertatu dira. Esaterako, Patxi Laborda eta Xristos Sidiropoulos-en dantza tailerretan jarrita genuen matrikula kopurua (berroogeina lagun) kasik ohartu gabe bete ditugu. Edukien aldetik, gozamen hutsa izan dira bata zein bestea. "Urte guztian egin beharko zenituzkete horrelakoak!" esan digute ikasleek. Apuntatu dugu!

Mintzaldiak pixka bat hanka-motz geratu zaizkigu Oier Araolazaren azken orduko eta nahitaezko faltarekin (Besarkada tinko bat hemendik). Oierrek esateko zituenak bikain osatuko zituzten Jesus Ramos-en eta Becky Sieguelen solasaldiak. "Dantza identitarioa" izendatu du Jesusek, Iruñeko dantza-maisuek utzitako ondarea. Becky Siegelek dantzaren komunikaziorako bertuteak izan ditu aipagai, besteak-beste —Xristos-en tailerrean ere gure hezur-mamitan dastatu ahal izan ditugunak. Eta horiei, bete-betean jarriko zien ginda Oierren mintzaldi praktikoak. Baina orain ez bada, luze gabe ekarriko dugu Oier, ginda hori jartzera. Edozein gisaz, bertaratutako 50 bat lagunek interesez jarraitu dituzte Jesus eta Beckyren solasaldiak.

2024-04-12_Jesus Ramos-en hitzaldia
Jesus Ramos-en mintzaldiaren une bat. Argazkia: Josu Santesteban

2024-04-12_Jesus Ramos-en hitzaldia_02
Argazkia: Josu Santesteban

Asisko Urmenetak marraztutako Koloreaga liburuari buruz ere zer esan? Iruñeko hainbat dendetara eraman dugu liburua, han ere erosgai egon dadin. Astea bukatu gabe beste sorta bana bidali behar izan diegu, hastapeneko liburu guztiak salduta baitituzte.

2024-04-08_Koloreagaren aurkezpena
Koloreagaren aurkezpen eguna, Asisko Urmenetarekin. Argazkia: Berria

Mingain-dantzari, musika, bertso eta dantza emanaldi esperimentala ere arrakastatsua gertatu da ikusle aldetik. Inoiz baino gehiago bete zaigu Burguen plaza. Eta emanaldiaren kontzeptuaren aldetik ere, ase geratu gara antolatzaile zein so-egileak. Dantzari eta bertsolarien parte hartzeen arteko oreka, Zazpiko Handia Brass Bandak dantza doinuei eman dien zapore berezia, Iurreta eta Eibarko dantzarien kalitatea, lagun izan dugun eguraldia... dena izan dugu alde! Eta iruditzen zaigu bertan saiatutakoa formula esportagarria izan daitekeela.

2024-04-13_mingain-dantzari_01
Duguna dantza taldea. Argazkia: Iñaki Zugasti

2024-04-13_mingain-dantzari_02
Eibarko Kezka dantza taldea. Argazkia: Josu Santesteban

2024-04-13_mingain-dantzari_03
Iurretako dantzariak. Argazkia: Josu Santesteban

2024-04-13_mingain-dantzari_04
Zazpiko Handia Brass Band. Argazkia: Josu Santesteban

2024-04-13_mingain-dantzari_05
Oihana Iguaran eta Sustrai Colina bertsotan. Argazkia: Iñaki Tristan

Eta Euskal Barrok Ensembleren kontzertua, guztiari goren mailako akabera emateko. Harrigarriki, Iruñean jo gabeak direla aitortu digute taldekideek, eta horrek plus bat eman dio emanaldiari. Goxoki bat izan da Euskel Antiqua laneko doinuak Kondestableko jauregiko patio zoragarrian entzun ahal izatea. "Arimarendako masaje batesan du baten batek. Eta halaxe izan da. Piezetako batzuk dantzan lagundu ditugu eta antza, horiek ere ikus-entzuleen gustuko gertatu dira. Honako honetan ere, guztiz bete da Kondestableko edukiera eta oraindik ere lagun batzuk zutik edo eskaileretan eserita jarraitu dute kontzertua.

2024-04-14_Euskal-Antiqva
Argazkia: Josu Santesteban

Hasiera duen guztiak akabera du beharrezko eta, pena handiz bada ere, itxi behar izan dugu gure 75. urteurreneko erakusketa. Ahoko zapore gozoa utzi digute azken hiru asteek eta agian, agian, izanen dugu aukerarik aurreraxeago ere, beste nonbaiten erakusketaren bertsio soilxeago bat berriz muntatzeko.

Jakinaren gainean atxikiko zaituztegu!

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.