Mustu dugu 75. urteurreneko erakusketa

2024/03/27
Mustu dugu 75. urteurreneko erakusketa

Arratsaldeko seiak hogei gutxietarako hasi da jendea biltzen Kondestablearen Jauregiko atari zein ezkaratzean. Dantzari eta dantzari izandako, senide, musikari, udal ordezkari, Argiako lagunak... taldetxoetan ari dira solasean. Kuxkuxeroenak jauregi barrura sartu dira erakusketaren lehen ddasta bat egiteko.

Argazkia: Josu Santesteban

Argazkia: Patxi Cascante - Diario de Noticias

Baina txistu doinua hasi denean denak gerturatu dira barrenera eta abiatu da soka-dantza. 

Itziar Gonzalez buru, sokara batu dira Angel Arana Dugunako lehendakaria, Juan Antonio Urbeltz Argia dantzari taldeko zuzendaria, Maider Beloki Iruñeko Udaleko kultura zinegotzia, Maritere Paños, Pili Casales eta Rosa eta Maribel Azkona Dugunako dantzari ohiak, Hasier Moreno eta Itxaso Martinez dantzari helduak eta Leire Labat txikien taldeko dantzaria. Iñaki Tristanek egin ditu atzesku lanak, baina bere atzetik oraindik ere metro batzuk luzatu da soka Argiako dantza-maisuekin eta Dugunako garai ezberdinetako dantzariekin. 

Argazkia: Patxi Cascante - Diario de Noticias

Argazkia: Josu Santesteban


Itziarrek eta Iñakik belauntxingoa dantzatuz eman diote akabera soka-dantza xumeari. 

Hitzartzeen txanda heldu da ondotik. Aniana Alfaro dantzariak egin ditu aurkezle lanak eta erakusketari buruzko xehetasunak aletu-eta Joseba Asiron alkateari eman dio hitza. Honek adierazi du Duguna Iruñeko ospakizun garrantzitsuetako partaide bilakatu dela eta gainera, dantza taldearen sormen lana azpimarratu du, "Nafarroako dantza eta koreografia maparen parte garrantzitsu bihurtuz". Dugunaren ibilbidea irudikatzeko baliatutako soka-dantzaren izaera sozial eta kolektiboak taldeak hiriari egindako ekarpena ederki adierazten duela esanez amaitu du bere hitzartzea. 

Argazkia: Patxi Cascante - Diario de Noticias

Ondotik, Aritz Ibañez Dugunako zuzendariak hartu du hitza. Norbere hiriko dantzari izatearen edertasunaz eta arduraz mintzatu da Ibañez eta azpimarratu du Dugunaren 75 urteko soka-dantza luzea adiskidantzan eginiko bidaia izan dela. Bidaia partekatua. Izandako bidaide guztietarik, Argia dantzari taldea nabarmendu nahi izan du Aritzek eta azken 60 urteotan talde bien ibilbideak zenbatetan korapilatu diren aletu du segidan. "Iruñeko dantzarien azken hamarkadetako jarduera ezin da Argiaren ekarpenik gabe ulertu". Esker honez, Dugunak Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltz taldeko ohorezko kide izendatu ditu, Argiako dantzari guztien ordezkari. Angel Arana Dugunako lehendakariak oroigarria eman dio Juan Antonio Urbeltzi.

Argazkia: Patxi Cascante - Diario de Noticias

Urbeltzek gogora ekarri du 1953ko San Ferminetan ikusi zuela lehenbizikoz Iruñeko Udal dantzari taldea dantzan eta halako errebelazio bat izan zela beretako. Dugunako ohorezko kide izendapenarekin zirkulua biribildu egin dela adierazi du Juan Antoniok, taldearen dantza-jarduna goraipatzeaz gain. Hunkituta jaso du 1953. urtean dantzan ikusi zituen dantzari haien irudia, Angel Aranaren eskutik.

Eta ekitaldia bukatzear dela, sorpresa txiki bat ere izan da Aritz Ibañez Dugunako zuzendariarendako. Dantza-kideek eskertu eta aitortu nahi izan diote bere 30 urteko dantzari ibilbidea eta dantza taldea gidatu izana azken 22 urtetan. Lore sorta eman diote txikien taldeko Maier, Iare eta Leirek eta agurra dantzatu diote Itziar Gonzalez eta Iñaki Tristanek Dugunako txistularien doinura. 

Argazkia: Patxi Cascante - Diario de Noticias


Hartara, zabalik da Duguna - Iruñeko dantzarien 75 urteko ibilbidea aztertzen duen erakusketa, heldu den apirilaren 14ra arte, plazer duen edozeinen jakinminaren asegarri.

Argazkia: Patxi Cascante - Diario de Noticias

Argiako eta Dugunako kideak, adiskidantzan. Argazkia: Josu Santesteban