Dokumentuaren akzioak
Aspaldiko partez, Maulen!
Aipatu genuen aurrekoan. Taldeko egungo dantzari beteranoenek ere ez zuten gogoan Zuberoan dantzatu izana eta horregatik, berezia izan da urriaren 10ean Maulen izan dugun emanaldia. Eta ez horregatik bakarrik! Batetik, maskak jantzi behar izan gabe dantzatzerik izan dugun lehen emanaldia izan da urte t'erdian —"Maskekin dantzatzea ez da ongi ulertua izanen" esan ziguten—. Bestetik, urriaren 10a data berezia da Iruñeko kontu txikien frikiondako, 1590. urtera arte, egun horretan hasten baitziren garaiko sanfermin bestak. Gisa batez, eta lehenagoko maneran, sanferminak ospatu ditugu nolabait ere!
Baina urriaren 9an abiatu gara Zuberoara, biharamunean sobera goiz esnatu behar ez izateko. 'Ainerak' izeneko festibala ospatzen baitzen Maulen, ikusgarri eta kontzertu ezberdinak gozatu ahal izan ditugu, asteburu pasa etorri diren Elgoibarko Haritz dantza taldeko dantzari-lagunekin batera. Hebentik elkarteak duela hamarkada bat eszenaratutako "Ekialde" ikuskizun arraberritua entzun eta ikusterik izan dugu. Mixel Etxekopar, Jean Christian Irigoien 'Galtxetaburu' eta Jean Charles Sans musikan, Amaren alabak kantuan eta Pette Jaragoien eta Bastian Ligetx dantzan. Delicatessen bat.
Baina goiz joan gara ohera, biharamunean eginkizun handia dugu-ta!
Egunak eguzkitsu argitu du. Mauleko Herriko-etxeak gosari paregabea eskaini digu. Iruñetik atabala eta gaita jotzeko autoz espres etorri behar zuen Julen, onik heldu da. Zer atera liteke gaizki?
Mauleko merkatu plazara hurbildu gara arropaz aldatu-eta. Topa-Noka-ko dantzarien ikuskizunaren pasartetxoak ikusi ditugu berotu bitartean. Iruñetik, Elgoibartik, Eibartik, Biarritzetik hurbildu diren lagunak agurtu ditugu eta haiekin bi solas gurutzatu. Andüraine-ko gazteluaren aitzinean talde argazkia hartzeko ere probestu dugu itxaronalditxoa.
Dantzarako tenorea heldu zaigu guri ere, halako batean. Abiatu gara kioskoaren aitzinaldetik, Mauleko Herriko-etxearen plaza helburu. Iruñeko udal plaza bailitzan, zortzikoarekin sartu gara, meatze zubiak egin eta arrosa ehuntzeari ekin diogu. Shanti Diaz-ek maisuki dantzatu dut bandera, Aritz buruzagia goratzen genuen bitartean. Ondotik Leire Leza, Bittori Elizalde eta Iñaki eta Mikel Tristan ezpata-txikiek zortzikoa dantzatu dute.
Merkatuko plazako lanak bukatu eta karriketan barna abiatu gara. Ühaitza ibaia Mauletik pasatzen dela profitaturik, gure banderaren azpitik eta errekaren gaineko zubitik lasterka egiteko probestu dugu.
Victor Hugo karrika hartu dugu. Zuberoan gara eta bestela ezin zitekeenez, bi barrikada prestatu dizkigute karrikako bi ostaturen parean. Baina ongi etorria zuberotar dantzariek eman beharrean, portugesek eman digute. Dantzan agurtu gaituzte eta dantzan agurtu ditugu. Ondotik, jan eta edan amini bat eta berriz ere martxa!
Xerbero lorategian amaitu dugu gure ibilaldia. Baina gure lanak ez dira fini eta arropak azkar aldatu behar izan ditugu trokeo-dantzak gogotik emateko. Dantza sail osoa eman dugu, giza-dorrea barne. Niko Etxarten 'Muga gainetik' doinua erabiltzen dugu gure dorrea eraikitzeko eta Altzürüküar ezaguna han agertuko ote zen amestu izan dugu, gailurretik Biba Niko! oihukatu ahal izateko. Tira, beste batean beharko du!
Zuriz jantzita egindako dantzak amaitu ditugu. Xerbero lorategi berean bazkari ederra eskaini digu Mauleko Herriko-etxeak eta giroa ezin hobea izan dugu. Dantzaldi luzea egin dugu orduan ere. Hokiko maskaradetara joatekoak ginen arratsaldean, baina nahikoa maskarada sortu dute gure txistulariek ere! Reda, Algeriar jatorrizko paristarrak flipatu du "basque party" horrekin, Maulera itzultzeko beste gonbidapen bat izan dugu, baita Garazira joateko beste bat ere, agian! Emanaldiak ekartzen dituzten emanaldiak, horiek dira onenak!
Eskerrak eman nahi dizkiogu Mauleko Herriko-Etxeari hain asteburu goxoa proposaturik eta gu horren ongi harturik. Eskerrak ere Julen Leuzari, Iruñea-Maule-Iruñea kilometrokada eginez, emanaldia salbatu baitigu. Igor Martinezi, txistuan eta gaitan beste behin laguntzeagatik. Eskerrik hanitx ere Ihitz Iriart-i, antolaketa lanetan laguntzeagatik eta azken orduko ezpata-dantzari lanak dotore eginik!
Bukatzeko, hementxe Amaia Loiolak eta Iñaki Zugastik hartutako argazki sorta ederra (eskerrak haiei ere!):
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05