Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Adi, prest, sanfermin!

Dokumentuaren akzioak

Adi, prest, sanfermin!

2023/08/31 11:30
Adi, prest, sanfermin!

Argazkia: Malkovic

Iazko sanfermineka normaltasunez-edo bizi izan bagenituen ere, aurtengoak izan dira horien berrespena. Iazkoak oraindik ere oin puntetan ibiliz bizi izanaren sentsazioarekin, aurtengoetan urrats sendoz sartu gara. Eta gozatu ditugu, gozatu ditugunez! Gauza bat eta beste, sanferminek irauten duten egunen erdietan baino gehiagotan dantzatu gara. Gainera, eguraldia alde izan dugu honakoan.

Izan ere, 2022an euriak uztailaren 6ko lehen dantza emanaldia zapuztu bazigun, aurtengoan ez da hala izan. Euriak festen lehen orduak errespetatu ditu behintzat eta iazko arantza kendu ahal izan dugu, Foruen plazan Lesakako ezpata-dantza dantzatuz, Iruñerriko gainontzeko dantza taldeekin batera. 17na dantzariko bi talde atera ditugu plazara, Maria Izal eta Oier Santamaria aitzinesku direla. Makil-gurutzea, Zeharkakoa, Agurra, Zubigainekoa eta Zantzo Monona dantzatu ditugu hurrenez-hurren. Dantza kontuak alde batera utzita, ohartu gara pandemiak noraino eragin dituen aldaketak. 3 urte ziren Foruen plazan dantzatzen ez ginela, eta hartara, belaunaldi aldaketa bistakoa egin zaigu, tunelpeko kantuak desagertu direla ohartu garenean. Bazela garaia!

2023-07-06_foruen-plaza_01
Argazkia: Mikel Tristan

2023-07-06_foruen-plaza_02

Bezperako beroketa lanak eginda, ahal bezain freskoen ekin diegu sanfermin egun handiko betebeharrei. Udalbatza berria mustu berritan, ikustekoa zen segizioan zehar zer giro izanen genuen. Esperientziaren aldeko hautua egin dugu eta Aritz Ibañez izan da kapitain eta Ainara Ranera banderazain.

Argazkia: Malkovic

Etxahun Irurik Ama zer duzu negarrez kantuan bidea da luze luze, idatzi zuenean Iruñeko segizioari buruz ari ez ote zen! Jota bat han, bestea hemen, El negro José eta zakurraren biolina! Eskerrak halako batean hamaiketakoaren ordua heldu den eta indarrak bildu ditugun berriz. Pamplonesa musika bandako zenbait lagunekin askaldu gara eta bazkalburuan Zuberoko kantu-kantari hasi ez dira ba! Kasik instrumentuekin bezain ongi moldatzen direla a capella.

Bidea da luze luze... Ekin diezaiogun eguneko lanen bigarren erdiari! Curia kaleko igoera uste baino lasaiagoa izan da eta beharrik! Katedraletik udal plazara jaitsi eta ordura arte ezezaguna genuen ziztuan aldatu ditugu arropak trokeo-dantzak emateko. Xenpelarrena makil-txikien dantza, Iruñeko ferietan, makil-handiena, arku-dantza eta dorrea eman ditugu, aldika zortzikotea aldatuz eta laurak jo hurren zirenean joan gara siesta egitera!

2023-07-07-prozesioa_02
Argazkia: Cristobal Puig

2023-07-07-prozesioa_03
Argazkia: Cristobal Puig

2023-07-07-prozesioa_03
Argazkia: Cristobal Puig

Ezin izan dugu Donibane bezpera gustatuko zitzaigukeen bezala ospatu, Eibarko Kezka dantza taldeko lagun guztiekin, alegia. Hartara, uztailaren 8an, sanferminetara gonbidatu ditugu Eibarko taldeko txikiak, maiatzean egin genien bisitaren trukean. Eta haiekin batera heldu da nagusien taldeko beste dantzari  saldo eder bat. Kezkako eta Dugunako txikiak elkarrekin ari izan dira dantzan Redin pasealekuan. Dugunakoek dantzari-dantzako hainbat ale eman dituzte eta Eibartarrek, Arrateko trokeo-dantzak. Ondotik, sanfermin giro goxoa: lagunekin bazkaldu, dantzatu eta besta egin. Ezin gehiago eskatu!

2023-07-08_Kezka-Duguna_01
Argazkia: Oier Araolaza

2023-07-08_Kezka-Duguna_02
Argazkia: Aritz Ibañez

2023-07-08_Kezka-Duguna_03
Argazkia: Aritz Ibañez

2023-07-08_Kezka-Duguna_04
Argazkia: Aritz Ibañez

Uztailaren 10ean txikien eguna da sanferminetako egitarauan. Dantza talde txikien kalejira eta emanaldia izaten da. Otsagabiko dantzariak gure egoitzan jantzi dira eta gure txikiekin batera egin dute karrika ingurua. Itzalik gabeko Gazteluko plazan, eguerdiko eguzki-galdan dantzatu behar izan dute txiki guztiek. Eskerrak, gero Aldapaburun freskatu garen! Otsagabiko dantzariek, esker onez jota dantzatu dute gure egoitzako atarian.

2023-07-10_txikien-eguna_01
Argazkia: Hasier Moreno

Eta kasik oharkabean, heldu zaigu uztailaren 14a. Karrikara atera garenerako desmuntatuak dira entzierroko hesiak, akaberaren seinale, eta egunari halako tristuratxoa dario goiz-goizetik. Jantzi gara eta zortziurreneko segizioan abiatu, goizeko 11:00etan. Ibilbide motxa da egungoa, dagoeneko indarrak falta balira bezala, eta ordu erditxo batean egin dugu udal plazatik San Lorenzo elizarainoko bidea. Hamaiketakoa hartu tristurari aurre egiteko ez da gaizki eta Pamplonesako lagunekin kantuan aritu gara gaur ere. Eta berriz San Lorenzotik udal plazara buelta. 

Dominguera jota dantzatu dute taldeko sei dantzarik, kilikiekin batera eta horrek eta erraldoien balts batek irauten duen denboran, arropaz aldatu gara trokeo-dantzak emateko. Brokel-dantza, makil-handiena eta zinta-dantza hautatu ditugu gaurko. 

2023-07-14_Zortziurrena_01
Argazkia: Malcovich

2023-07-14_Zortziurrena_02
Argazkia: Cristobal Puig

2023-07-14_Zortziurrena_03
Argazkia: Cristobal Puig

2023-07-14_Zortziurrena_04
Argazkia: Cristobal Puig

Arratsaldean, oraindik ere azken indar pindarrak xahutu ditugu kulturen arteko kalejiraren amaieran munduko lau bazterretatik Iruñera heldutako lagunei, agurra dantzatzen! Eta honekin bai, amaiera eman diegu 2023ko sanferminetako gure dantza betebeharrei.

Gutxiago falta da!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.