Dokumentuaren akzioak
Donibaneko soka-dantza, Kezkari esker onez
Ekainaren 23an Donibane bezperako soka-dantza atera dugu plazara, Santa Anan bigarrengoz. Iaz pentsatu genuen, soka-dantza urtean zehar, honengatik edo hargatik, gorazarrea merezi lezakeen pertsona, erakunde edo taldea(k) omentzeko baliatu genezakeela eta ildo horretatik jarraitu dugu aurten ere.
20 urte dira aurten, Eibarko Kezka dantza taldearekin dugun harreman emankorra abiatu genuela. 2003an, Dantzan.com atari orduan mustu berriaren bitartez, lotu genuen lehen harremana haiekin. Gero, haien entsaioetakoren batean izan eta beste egiteko modu malguagoak, irekiagoak baina aldi berean zorrotzagoak erakutsi zikiguten parez-pare. Haiei esker hasi ginen ere Argia dantzari taldearekin elkarlanean eta zerbait behar izan dugunero eskuzabalki partekatu dute gurekin. Haien eskuzabaltasuna ez da horretara mugatu, 2009an eta 2016an Arrateko ezpata-dantzara ere gonbidatu gintuzten —baita azken urte horretan San Juanetako haien soka-dantzara ere —eta beste hamarnaka aldiz ere izan gara Eibarren dantzan, beti ere ezinhobe artatuak. Haiek abiatutako Ezpalak jaialdia Iruñera ere ekartzea onartu ziguten eta elkarrekin antolatu genuen 10 urtez. Gure dantza-errepertorioak sortu ditugunean, beti pazientziaz, proaktibitatez eta borondate onenez entzun eta lagundu gaituzte. Gure dantza taldea gaur egun denaren erruaren parte handi bat Kezka dantza taldearena da eta zor eternalean izanen gara haiekin!
Eibarren San Juan festak direla-eta, ezin izan da talde guztia etorri, nahi izanen genukeen bezala, eta hartara, aspaldiko bi lagunek egin dituzte ordezkari lanak: Ane Sarasketak eta Enrike Izagirrek. Beraz, aspaldiko haien bi lagun hautatu ditugu gorazarrea egin diezaieten. Aritz Ibañez-ek egin ditu aurresku lanak eta Leire Lezak atzeskuarenak. Soka atera dute, belauntxingoarekin plaza agurtu eta ondotik, sokako dantzari bakoitza —28— pasa da soka-burutik, axeri-dantzan.
Axeri-dantza eta gero, zerbitzariek Ane eta Enrike gonbidatuak sartu dituzte plazara eta Aritzek eta Leirek gure esker ona adierazi diete belauntxingoarekin.
Ondotik, banan-bana, sartu ditugu gainontzeko gonbidatu guztiak sokara: taldekideak, lagunak, senideak eta plazan ikusle soil zirenak ere. Ingurutxoaren lehen partean plaza bete dugu habanera dantzariz, erromeria eder batean bezala. Eta bigarren partean fandango bizian ari izan gara, plazan hara eta hone eta gure bikotekideekin soltean. Kalejira alaiean bukatu ditugu soka-dantzako lanak.
Musikarien azken doinuekin fini!
Santanako plazan batzuekin eta besteekin tartarrean aritu gara eta handik, arropaz aldatzera. Merendua prest genuen Aldapaburun eta han ere izan dugu zer konta, gonbidatu, musikari eta dantzariok! Iluntzen hasi delarik, palet bat hartu eta Santa Anara abiatu gara berriz, sua piztu eta jauzi egitera. Alde zaharreko auzoekin ere une goxoa partekatu dugu, suaren inguruan dantzan eta kantan! Sarnafuera, lagunen goxotasunean, uxatu ditugu urte baterako gaitzak!
Mila esker, beraz, Kezka dantza taldeko lagunei. Baita beste bi mila ere! Izanen dugu heldu diren hilabeteetan urteotako elkarlana behar den bezala ospatzeko aukera!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05