Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Dantza da giltza, dantza da parrandarako baldintza

Dokumentuaren akzioak

Dantza da giltza, dantza da parrandarako baldintza

2024/01/18 12:40
Dantza da giltza, dantza da parrandarako baldintza

Lakuntzako kintoak, alkate-dantzako entsegua, Lakuntza, 2024-01-15. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

“Ez baduzu dantzatzen San Saastin jaietan badakizu ezin duzula parte hartu inauterietako festan eta parrandan”, idatzi gabekoa, baina horixe da araua Lakuntzan. Hala azaldu digute kintoek, aurten 18 eta 17 urte beteko dituzten lakuntzar gazteek.

Batzuk gogotsu, beste batzuk alferkeria pixka batekin, baina badakite plazan dantzatzea dagokiela beren adinekoei eta prestatzen dabiltza. Badira 11 bat urtera arte herriko Elai Alai dantza taldean aritutakoak, baina gehiengoak inoiz dantzatu gabeak dira. Hala ere, alkate-dantza ez zaie arrotz, umetatik ikusi baitituzte kintoak dantzan plazan. Nahiz eta gazte guzti-guztiek ez duten parte hartzen, gehiengoa animatzen da. Datorren larunbatean, San Sebastian egunean aterako dira dantzara, eta fin dabiltza entseguetan, azken egunetan egunero-egunero elkartzen dira Kultur Etxeko dantza-gelan. Zertxobait lehenago zita jarri dugu azpiko tabernan.

Alkate-dantza entsegua
Lakuntzako kintoak, Lakuntza, 2024-01-15. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Jubilatu Elkartearen taberna da. Beteta dago, baina gazterik ez. Lehenengo mahaian lau emakume partxisean, berdin bigarrengoan, hirugarrengoan bi berriketan eta azkenengoan kuadrillatxoa puntua egiten. Halako batean agertu dira sei gazte, bat-batean jaitsi egin da batezbesteko adina, kintoak izan behar dute. Eta bosgarren mahaia hartu dugu, sei kinto eta ni zazpigarrena: Maddi Gastamiza (2007), Nerea Askarai (2006), Amets Allam (2006), Lide San Sebastian (2007), Iker Alegria (2008) eta Bakarne Arregi (2006).

Kintoak Lakuntzan

Kintoak eta prekintoak bereizten dituzte, horixe izan da eman didaten lehen azalpena. Aurten 18 urte betetzen dituzten gazteak eta urtebete gutxiagokoak. Alkate-dantza plazaratzen dute San Sebastian egunean, Korpus igandean eta Lakuntzako Pertzaren Egunean (abuztuaren 15aren ondoko igandea). Lehengo bietan guztiek eta azkenengoen prekintoek bakarrik. Korpusetan, ordea, pare bat urte ba omen dira dantzatu ez direla, justu selektibitatearen data antzekoetan tokatzen da, orduan kintoei pare-parean egokitzen zaienez ba...”. Herritar batzuk pixka bat haserre daudela edo kargu hartu dietela diote.

Alkate-dantza entsegua
Lakuntzako kintoak, alkate-dantzako entsegua, Lakuntza, 2024-01-15. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Korpusetakoari eutsi ez badiote ere sansebastianetan ateratzeko ardura zintzo jarraitu dute. “Hasi ginen pixka bat prestatzen abenduaren hasieran eta Gabonetan serioago. Hasieran hiru egun edo astean, eta orain egunero. Ez daukagu irakaslerik, zaharrenek, gazteagoei erakusten diegu. Edo aurreko urteetako bideoak begiratzen ditugu, eta zalantzaren bat izanda kinto izan den edonori galdetzen diogu”. Entseguak audio grabazioekin egiten dituzte, baina egunean bertan herriko bi txistulari gaztek laguntzen diete. Azken urteetan Jokin El Marhoum eta Gaizka Sagartzazu ari dira lan horretan.

Alkate-dantza entsegua
Lakuntzako kintoak, alkate-dantzako entsegua, Lakuntza, 2024-01-15. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Alkate-dantzan parte hartzeaz gain, inauteriak elkarrekin ospatzen dituzte kintoek. Zaharrenak arduratzen omen dira inauteri astelehenean eta asteartean egiten duten festaren antolakuntzaz. Hasteko, kintoen artean zozketa egin eta bi izen ateratzen dira. Astelehenean gosaria lehenengoaren etxean egiten dute eta asteartean bigarrengoarenean. Bi goizetan diru eskean ibiltzen dira herriko etxe, baserri eta enpresetan. Diru horrekin bazkaldu, afaldu eta irteera antolatzen dute astelehenean Tolosako inauterietara eta asteartean Altsasukoetara.

Alkate-dantza entsegua
Lakuntzako kintoak, alkate-dantzako entsegua, Lakuntza, 2024-01-15. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Zein da dantzarako motibazioa?

Hogei bat pertsonako kintak omen dira beraien belaunaldikoak Lakuntzan, “baina ez dugu parte hartzen denek, batzuek ez baitute nahi dantzatu”. Aurten 15 kinto eta 18 prekinto apuntatu dira. Alkate-dantzarako kopuru bikoitia elkartzea komeni izaten zaie, eta saiatzen dira nesken eta mutilen kopurua ere berdina izaten. “Kintaren arabera batzuetan neskak falta dira eta beste batzuetan mutilak. Aurreko urtean hiru neskek mutilaren lekuan dantzatu zuten, baina aurten erabaki dugu mutil gazteago bat gehitzea”.

Alkate-dantza entsegua
Lakuntzako kintoak, alkate-dantzako entsegua, Lakuntza, 2024-01-15. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Ni hauekin ibiltzen naiz, bi urte zaharragoekin, kuadrilla berekoak gara. Entseguak ikustera etortzen ari nintzen, beraz bat falta zitzaienez ba niri esan zidaten”. Hala kontatu digu Iker Alegriak, 16 urte ditu. Beraz, hiru urtetan parte hartzeko aukera izango du. Beste urteren batzuetan ere gazteagoei eskatu izan zaiela laguntza diote, ez dela lehen aldia.

Alkate-dantza entsegua
Lakuntzako kintoak, alkate-dantzako entsegua, Lakuntza, 2024-01-15. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Denek ez dute dantzatzen eta dantzatzen dutenenen motibazioak, ezberdinak dira. “Nik gogo handirik ez dut...”, baina animatu zara. Zergatik? Eta erantzuna ezin garbiagoa: “A, ni Tolosara joateagatik. Sortzen den giroagatik eta aitzakiagatik”. Parranda da giltza batzuentzat eta badakite dantza dela baldintza. Baina bestelako arrazoiek ere mugitzen dituzte gazteak: “Niri gustatzen zait. Txikitatik ikusi izan ditugu zaharragoak dantzatzen eta azkenean zu zara hor dagoena”. “Anaia zaharragoa daukat eta dantzatu zuen. Gurasoek dantzatu dute”. “Egin beharko da... guk ez badugu egiten dantza galduko da”. Motibazioa? Ba, bakoitzak berea.

Alkate-dantza entsegua
Lakuntzako kintoak, alkate-dantzako entsegua, Lakuntza, 2024-01-15. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Alkate-dantzak gazteak batzen ditu

Dantza kohesio-sozialerako tresna argia dela erakusten dute kintoen jaiak eta alkate-dantzak. “Ni berez Urdiaingoa naiz, baina ama lakuntzarra da, amona hemen bizi da”, dio Maddi Gastamizak. Umetatik asko ibili izan da Lakuntzan, kuadrilla du bertan, beraz kintoetan parte hartzen du. Antzeko kasu asko daudela diote, “badaude gurasoren bat Lakuntzakoa dutenak, baina Iruñean edo bizi direnak. Haiek ere dantzatzen dira. Koadrilakoak dira, asteburuetan eta umetatik etorri izan dira”.

Alkate-dantza entsegua
Lakuntzako kintoak, alkate-dantzako entsegua, Lakuntza, 2024-01-15. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Alkate-dantza entsegua
Lakuntzako kintoak, alkate-dantzako entsegua, Lakuntza, 2024-01-15. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Batxilergoko ikasketak egiten ari dira gehienak, Altsasun, Iruñean edota Ordizian. Horrek entseguen egunak eta orduak finkatzea zailtzen badie ere, alkate-dantzaren prestaketei esker sarri-sarri elkartzen dira. Horrela, eguneroko harremana gordetzen dute, nahiz eta hainbat ikastetxetan sakabanatuta dabiltzan.

Alkate-dantza entsegua
Lakuntzako kintoak, Lakuntza, 2024-01-15. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Urtebete zaharragoekin edo gazteagoekin harremanak hasteko edo sendotzeko ere balio izaten du. “Ez gara koadrilakoak, baina azken asteetan inoiz baino denbora gehiago pasatzen dugu elkarrekin. Justu guk bestela ere harremana izan dugu, baina beste zenbait adinetan diferentzia handiagoa egon da. Urtebete zaharragoekin distantzia handiagoa izan dugu, batzuekin hitz egin ere ez genuen egiten, eta orain, kintoei esker, askoz hobeto konpontzen gara”.