Dokumentuaren akzioak
irudi-zaharrak etiketa duten bideoak
Lorenzo San Juan: Dantzak frontoian Bakion 1951-1953
Bakioko San Joan Doloz festetan, frontoian egindako dantza emanaldi baten irudiak dira hauek. Irudiotan dantza taldearen emanaldia ageri da, eta datozen egunotan toki eta egun berean eman zen dantza solte txapelketako irudi zoragarriak ikusi ahal izango ditugu.
Aurreskulari bat ageri da lehenengo agintarien aurrean aurreskua dantzatzen. Agintariak honakoak dira: Jabier Bidegain alkatea, Jose Maria Zirarda Medikua (jantzi iluna eta kapela altzoan duena), Ziriako Egia idazkaria, eta Raimundo Bilbao. Bakioko udaleko webguneak jasotzen duenez, azken biak, Egia eta Bilbao, gerra aurrean sokako aurreskuan aurresku eta atzesku aritzen ziren. Horien ondoan, Guardia Zibilak ageri dira eserita daudenen alde banatan.
Ondoren, zortzi dantzarik osatutako taldea dantzari-dantzaren zatiren bat egiten ageri da, banango, binango edo launangoari dagokion zortzinangoaren zatia. Mutil gazteek Jean-Petit qui danse edo SanPetrike dantzatzen dute ondoren, eta segidan neska gazteak, poxpolinak dantza-soltean eta arku-dantza egiten ageri dira.
Txistulariei dagokienez Eugenio Aranzamendi dugu berriro protagonista, baina oraingoan Victor anaiak lagunduta. Atzealdean agertzen den eraikineko leihoetako batean anplifikadore bat ikus daiteke. Honek gramolako musika soinuak plazan entzuteko aukera ematen zuen.
Abuztuaren amaieran ospatzen diren festak dira, eta gaur jai egun gehiago badira ere, XX. mendeko erdialdean abuztuaren 29, 30 eta 31an ospatzen ziren. Irudiok bigarren jai egunekoak izan daitezke, hau da, abuztuaren 30 goizekoak, egun horretan ohikoak izaten baitziren dantza solte txapelketak eta dantza emanaldiak.
Dokumentuaren akzioak