Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Lorenzo San Juan: Andra Mari eguna Bakion 1951-1955

Dokumentuaren akzioak

Lorenzo San Juan: Andra Mari eguna Bakion 1951-1955

2014/12/18 11:40

Prozesioa, dantzarien emanaldia eta aurreskua edo soka-dantza ageri dira Bakion ospatutako Andra Mari egun honetan. Ez dakigu zein urte zehatzetan egin zen grabaketa hau, baina Lorenzo San Juanek 1951 eta 1955 bitartean egin zituen sorta honetako filmazioak, beraz, epe horretan kokatu daiteke hau ere.

Abuztuaren 15a, Andra Mari eguna, festa egun handia Bakion. Udaletxetik elizarainoko prozesioa egiten zen txistulariaren laguntzaz eta udaleko bandera buru zela. Hauek udaleko kargu nagusiek eta Guardia Zibilak jarraitzen zituzten. Meza nagusiaren ostean dantza erakustaldia egiten zen eta hau amaituta dantzaldi irekia eta udaletxera bueltako prozesioa, oraingoan ere txistulariak lagunduta.

Elizako eskaileretan behera datozenean txistularia eta udaleko kargu nagusiak argi ikusten dira. Lehena Eugenio Aranzamendi mungiarra da, garai horretan Mungiako bandako zuzendaria zena eta kasu honetan txistulari nagusia. Ondoren udaleko bandera pasa eta kargu nagusiak ikus daitezke: ezkerretan, txapel eta betaurrekoekin Ciriaco Egia idazkaria, erdian, Jabier Bidegain alkatea eta apur bat atzerago datorren txapelduna zinegotzia zen, Orube de San Pelayo. Azken hau, Orube de San Pelayo, Begibakarra gaitzizena gogoratzen zuten irudietan agertzen direnak identifikatzen aritu diren Bilbao Bilbao anaiek eta baita Otsategitsun irudiak ikusi eta identifikazioak egiten elkartu zirenek ere.

Meza nagusitik irtetean, plazan bildutako jendeak dantza emanaldia ikusi eta udaletxearen eskutik ardo zuria eta galletak jateko aukera izaten zuten zenbait testigantzaren arabera.

Irudietan agertzen den dantza taldeari dagokionez, Bakion garai horretan izan zitekeen dantza talde batekoak izan daitezkeela pentsatzen da. 1958an Gaztelugatxe izeneko dantza talde bat izan zen Bakion, eta horren aurretik beste bi talde ere izan ziren, beraz, horietakoren bat izan daitekeela pentsa daiteke, kanpoko talde bat baino lehenago, nahiz eta hori ukatzeko daturik ez dagoen.

Lau dantzariz osatutako taldea da. Banangoa egiten dute lehenengo. Bati prakak apurtzen zaizkio eta horiek konpontzen saiatzen dira dantzarekin jarraitu ahal izateko. Horren ondoren Don Pantaleon apaiza ageri da eta plazan bildutakoak Angelusa errezatzen ageri da. Bi gizon ageri dira horma baten ondoan. Eskuinekoa Maximo Zabala errementaria da, Butroitik ekarritako egurrez eta burdinez gurdien erroberak egiten zituena. Lau dantzariak ageri dira berriz, eta oraingoan makila bana dute, makil jokoa egiteko moduan hartuta, baina txotxongiloaren urratsa eta mugimenduak egiten ageri dira. Azkenik zahagi-dantza eginez ageri dira, Markina-Xemeingo eran, zahagia mutil koskor batek eusten duela. 

Aurreskua, soka-dantza edo sokako aurreskua da ageri den hurrengo eszena. Baina dantzan ageri direnak ez dira aurreko lau dantzariak. Berriemaile batzuek diotenez, zenbait kasutan, Bilbotik Bakiora uda pasatzera joandakoak ziren aurreskua egiten zutenak, baina oraingoan ez dago hau baieztatuko duen frogarik. Beste berriemaile batzuek diotenez aurreskularia Jose Mintegi "Txistu" herriko dantzari ezaguna izan daiteke, Lorenzo San Juanek egindako grabazioetan beste zenbaitetan, dantza txapelketa batean zein erromerietan agertzen dena.

Aurreskularia eta atzeskua izan daitezkeena ageri dira elkarren ondoan aurrera begira dantzan, eta ondoren horietako bat zerbitzariek aurrera atera duten emakumearen aurrean ageri da dantzan. Sokako irudiak ditugu segidan, eta horietan, aurreskularia erregelak izan daitezkeenak dantzatzen ageri da. Kalejirako irudiekin eta zubiekin bukatu, eta jota edo/eta porrua dantzatzen dute soka-dantzan parte hartu dutenek. Horretarako borobil handi bat egin dute sokako aurreskuan parte hartu duten guztiek, baina gizonezkoak alde batean eta emakumeak beste aldean, aurrez aurre dantzatzen dute soltean.

Dantzak amaituta bildutakoak udaletxera bueltako prozesioan ikusten ditugu. Haurrek bidea irekita berriro ere Eugenio Aranzamendi dago buru, udaletxeko banderadun eta kargu nagusiek jarraituta.

Bizkaiko kostaldean hainbat erromeria eta dantza filmatu zituen Lorenzo San Juan bakiotarrak 1951 eta 1955 bitartean. Irudi horiek dantzari eta dantzazaleon esku jarri nahi izan ditu bere familiak eta atalka argitaratzen ari dira Dantzan-en. Bakio, Mungia, Lekeitio eta inguruetan festa, eztei eta erromerietan hartutako irudiak dira, soka-dantza edo aurresku, jota eta dantza taldeen emanaldiak erakusten dituztenak. Irudien testuinguruaz Dantzak eta erromeriak Lorenzo San Juanen grabazioetan sarreran bildu dira xehetasunak, eta baita bideo honen argibideak eta identifikazioak eskaini dituztenen izenak ere. 

Lorenzo San Juan, Andra Mari eguna Bakion, 1951-1955 inguruan.

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean
Deskargatu

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.