Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Pedro Esat: Otsagabiako dantzak

Dokumentuaren akzioak

Pedro Esat: Otsagabiako dantzak

2011/11/07 11:36

Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeak beste bideo interesgarri bat sareratu du. Otsagabiako dantzei buruzkoa da, 1980ko hamarkadan, Otsagabian, Pedro Esat "El Barbero" dantzari eta dantza-maisuari egindako elkarrizketa, eta zenbait dantza eta urratsen azalpena. Elkarrizketa egin zitzaionean 51 urte zituen Esat-ek. Aitor Zamalloak elkarrizketatzen du, eta garai bateko dantzari onak, modorroaren bueltak, zirikak egiterakoan eskuen posizioak agertzen ditu, makilen kolpeak, eta jotaren urratsak dantzatzen ditu kamera aurrean. Andra Mari dantzari taldea: http://www.andramaridantzataldea.com

Etiketak
1984
pedro-esta
xxmendea
tradizionala
el-barbero
jota
otsagabia
nafarroa
andra-mari
elkarrizketa

Dokumentuaren akzioak

2011/11/07 17:33

Ahaztu jata esatea, bideo bietan Pedro Esat ikusten da. Baten Bobo bezala arkestu dau Maisuak, eta bestean dantzari bezala

2011/11/08 05:09

Egia da Arrarás-ek dantzan gauzak egin eta desegin behar zirela esaten zuela, baina hau esatean ez zen soilik koreografiaz ari, bai eta musikaren neurketaz ere. Antza, 8-16 konpasetako esaldiak derrigorrez egin behar zirela uste zuen, eta horrela nola bait musikan ere egite-desegite arau kuadrikulatu hori beteko zela. Honek zentzurik izan zitekeen, adibidez, Frantziako gorteetako Dantza Suite-etaz mintzatuko bagina (den-dena 8-16 konpasetan), baina Euskal Herrian hamaika kasu ditugu araua beti betetzen ez dela konprobatzeko (Jauziak, Erregelak, Soinu Zaharrak, Mutil Dantzak...).

Modorroaren kasuan, Arrarás iritsi arte Otsagabian buelta bakarrarekin egiten zen, eta ezkerrera (Oier-k esan bezala, oraindik talderen batek mantentzen duena). Honek, musikari begiratuz, dantza 12 konpasetako esaldietakoan (4+4+4) bihurtzen zuen. Gizonak botere konstituzional gehiegi zuela eta, bigarren buelta hori sartzea lortu zuen, eta honekin bai koreografian eta bai fraseo musikalean egite-desegite araua aplikatzea lortu zuen. Nik bigarren buelta beti eskuinera ikusi dut (Otsagabian horrela egiten dute ere), ez nuen bi bueltak ezkerrera egiteko modu horren berririk. Hala ere, uste dut hori egitea (eta barkatu) Arrarás-ek esandakoari kasu egitea dela berdin-berdin (gutxienez fraseo musikal kuadratuaren teoriari begira).

Katxutxa ere aldatzen saiatu zen, baina herrian gutxienez ez zuen lortu. Konturatzen bagara, Katxutxaren lehenengo esaldia (hasierako errepikapenak ez ditut kontuan hartzen) 8 konpasetakoa da (4+4), birritan egiten dena, baina bigarrena, ordea, 10 konpasetakoa (6+4), birritan ere egiten dena. Azken esaldi hau borobiltzeko lehenengo bi konpasak kendu zizkion (gaitaren notetan: re mi re mii mi), eta horrela dena 8 konpasetako esaldietakoa izango zen. Orain egiten ez den arren, badaude hau egiaztatzen duten irudiak, eta niri Iruñeko Gaiteroek garai batean dantza taldeei horrela jotzen zietela esan zidaten ere.

Arrarás-en kuadrikulazioaren inguruko obsesioaren beste adibide bat, besterik ez. Gainera, ez dugu ahaztu behar binarioaren perfekzio hau guztiz subjektiboa dela (Frantzian XIV. mendean sortutako "Ars Nova" estiloaren konposizio tekniketan neurketa perfektuena ternarioa zen, adibidez).

Hala ere, gaur egun Arrarás ez dago, eta gutxienez egiten duguna zergatik egiten dugun jakitea da garrantzitsuena. EDBk ateratako lehenengo dantza-diskoa 1981ean Iruñeko Fraile anai-gaiteroek grabatutako "Otsagiko Dantzak" izan zen (ez da bideoan entzuten den grabazioa, hoiek Lizarrakoak dira), eta Modorroa bi bueltekin egiteko moduan grabatu zuten. Agian hau izango da gaur egun talde gehienek horrela dantzatzearen arrazoia, ignorantziaren ordez. Nork daki, agian iritsiko da eguna noiz Otsagabian berriro buelta bakarrez egingo duten. Ordurarte, irudi goxo hauekin disfrutatzen jarraituko dugu, mila esker bideoarengatik!

2011/11/08 14:06

Eskerrik asko, Oier, azalpenarengatik!

Erritoaren teoria hori entzuna nuen ere, eta aldaketaren beste arrazoi handi bat izango zen ziurrenez.

Oso interesgarria da mugimendua azkarregia zela esatearena. Duela hamarkada batzuetako dantza taldeen Otsagabiako dantzetan ikusi dudanez, bi bueltekin egiteaz aparte buelten mugimendua oso oso motel egiten zuten (dantzaren gainontzeko dinamkika baino askoz ere motelago). Ez dut aurreko komentarioan jarri ez nekielako horren arrazoia, eta orain ulertu dut. Beraz, berriro ere, mila esker azalpen horregatik.

Bestetik, nik ere oso interesgarria ikusten dut dantza talde batzuk oraindik buelta bakarrarekin egitearena, eta espero dut hori ez galtzea bederen, zuk esan bezala, dantza beraren historia delako.

Eta dantza herrian bertan aldatzearena...nork daki. Arrarás iritsi zenean ere guztiz errotuta zegoen buelta bakarrarekin egitearena, ez? Oso zaila izan daiteke, noski, baina pentsa, buelta bakarrera itzuliko balira aldaketa honen zikloa osorik beteko zen, eta orduan bai konturatuko ginela etengabeko aldakortasun honetaz.

2011/11/07 16:52

Guk ere buelta bakarrarekin ikasi genuen Argia dantzari taldearekin, Urbeltz eta konpainia Otsagabian ikasten izan zirenean, 1969 inguruan, horrela egiten baitzuten. Irudi zaharretan modorroa buelta bakarrarekin egiten ikus daiteke, adibidez, Click "Navarra las cuatro estaciones" (1971) filmean eta "TVEko Raices (1970) programa honetan. Bide batez, mila esker dokumentu eder honengatik!

2011/11/07 17:32

Guk buelta bi emoten doguz. Pedrok diñon moduan, azkenean ea mareatuta akabetan ebien. Buelta biak ezkerrera. Beste hainbestetan bezala, Juanan Urbeltzek bideratu ostean hasi zan Andra Mari Taldeak Otsagiko Dantzak ikertzen. Gauza da, Otsagiko lehenengo hiru paloteauetan, Enperadore, Katxutxa eta Dantzan, zati bakoitza birritan dantzatzen da; errepikatu eiten da.Guk Modorron errespetatzen dogu gauza bera, eta bulta biak ezkerrera ematen doguz. Eta eskerrik asko; jarraituko dogu dokumento zaharrak argitaratuten, guztiok gure kulturea esagutzeko aukerea eukiteko

2011/11/08 17:42

Gustokoa da ahalako estabaidak sortzea, eta zuok biok irakurtzean, konturatuten naiz, nolako garrantzia daukon eiten doguna zergaitik eiten dogun jakitea eta zein erreferentzi hartzen dogun. Argi dauana, hiru eratara egin dala dantzan Modorroko bueltak; Buelta bi ezkerrera biak, buelta bat ezkerrera, eta buelta bi, ezkerrera eta eskumara. Hirurak bertan egindakoak, eta hirurak dokumentatuta. Nik uste dot Oierrek nahiko arrazoia dekola esaten, hiru erak direzela egokiak dantzatzeko(jakin eskero zer egiten dogun)

2011/11/07 16:16

Zati baten, Modorrori buruz berba dauzela, Predo Esatek diño, gaztetan beti egiten ebazala bueltak ezkerretara, baina batan bat joan zan,(berak ez diño, baina Arraras izan zan) esanez, egiten dena desegin behar dala,ondorioz Modorron buelta bat ezkerretara eta bestea eskoietarara dantzatzen hasi ziran. Otsagiko Dantzatan ez da desegiten ezer; dantzak hasi eta bukatu egiten direz. Baina talde askok, dantza bakoitzaren erdia baino ez dogu egiten. Dantzak ezkerrerantza giratzen dabie, baina inola ez, egin eta desegin. Andra Mari Taldean beti dantzatu dogu Modorro, Barberuek eta Otsagiko Dantzariak egiten eben moduan, Arrarasek esandakoari kasu ein barik.

2011/11/08 12:15

Aupa Julen! Oso interesgarriak zure azalpenak!

Otsagabian Arrarasek egindako aldaketen inguruan informazio dezente Rosa Villafranca eta Angel Aldaia-ren "Las Danzas de Ochagavia. 300 años de historia" liburuan aurki daiteke. Bertan azaltzen dutenez, 1974an egin zituen aldaketak, eta modorroz gain beste dantza batzuetan ere egin zituen aldaketak, baina hurrengo urteetan aldaketa horietako gehienak atzera bota zituzten dantzariek eta aurrekora itzuli ziren. Modorro ordea horrela geratu zen. Jantzietan ere egin zituen aldaketak Arraras-ek, besteak beste galtza beltzak sartu zituen, eta jantzi berriarekin 3 urtez aritu ziren, baina 77an berriz aurreko jantzira itzuli ziren.

Modorron makilekin lurrak kolpatzeko tartea bikoizteko arrazoiari buruz, oso interesgarria da eman duzun interpretazioa, kuadrikulazioaren obsesioarena, Julen. Nik beste bat entzuna nuen. Arrarasen garaian oso indarrean zeuden folklorean Frazerren eskolako interpretazioak, alegia, errito eta dantza gehienak lurraren emankortasuna sustatzeko nekazarien konjuroak direla esaten dutenak. Ikuspuntu horretatik, makilekin lurra kolpatzea, Ama Lurra iratzarri eta loratu dadin egiten da, emaitza oparo eta emankorra eman dezan. Hortik begiratuta, buelta bakarreko mugimendua azkarra (azkarregia) zen, eta Arrarasek, dantzaren aldaketa keinu sinboliko hori areagotu eta bisibilizatzeko egin zuela entzuna nuen nik.

Eta orain zer? Otsagabian atzera egin? Ez, ez dut uste hori gertatuko denik. Dagoeneko ia 40 urte pasa dira ordutik, eta erabat errotuta dago. Zenbaitek uste du jatorrizko tokian egiten den moduan dantzatzen ez baduzu hanka sartze larria egiten ari zarela, eta nik ostera uste dut oso interesgarria dela "bertsio" desberdinak mantentzea. Adibidez, Otsagabian bi bueltakin egiten dutenez, beste talde batzuk buelta bakarrarekin egitea oso interesgarria da, dantza horren historiaren beste etapa baten oroitzapena gordetzen duzulako hor.

Dantza guztiak, guzti-guztiak, joan dira aldatzen denboran zehar, eta ari dira aldatzen gaur egun ere. Nahita ala nahigabe. Konturatuta ala konturatu gabe. Eta horrelako gauzek laguntzen dute kontziente izaten etengabeko aldakortasun horretaz.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.