Dokumentuaren akzioak
Igorre: San Migel 1984
Dokumentu eder bat sareratu du berriz ere Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeak. 1984. urteko grabazio hau Igorren, San Migel ermitan San Migel egunez, irailaren 29an, ospatutako erromerian egindakoa da. Bonifazio Arandia "Fasio" trikitilaria ageri da soinuarekin. Bere aurrean lau emakume hasiko dira dantzan. Soineko gorria duena Damiana da, Fasioren emaztea. Soineko urdiarekin Juanita Artabe, Luis Bilbao "Luitxue"ren emaztea. Andra Mari taldeko kideek azaltzen dutenez, emakumeak dantzan ari direla, hara-honako eta puntapioetan arazo gabe dantzatzen dute, "baina baltseora heltzerakoan arazoak sortzen jakez euretariko batek ez dakialako bueltaka dantza egiten". Ondoren Luis Bilbao "Luitxue" dantzara animatzen saiatzen da Kepa Artetxe Andra Mariko dantza-maisua. Kepa Artetxek gogoan ditu umetako oroitzapenak, hamabi urte zituela San Migel ermitan bertan dantzan ikusi baitzuen Luitxue, eta pauso amaierak belaunekin markatzen zituela gogoratzen du. Kamera aurrean dela, kostata konbentzitzen du Kepak Luitxue jotaren pauso batzuk dantzatzera. Youtube, Andra Mari dantzari taldea, Igorre, San Migel, 1984-09-29.
Dokumentuaren akzioak