Dokumentuaren akzioak
Lantz: Inauteriak 1968-1969
Pio eta Julio Caro Baroja anaiek Lantzen inauteriak berpizteko sugarra astindu eta lau-bost urtera agertu zen bertara Jaime Albillos kamera eskuan hartuta. Arotzak, txatxoak, zaldikoa, Ziripot, Mielotxin eta beste hainbat mozorro ageri zaizkigu Jaime Albillosek Lantzeko inauterietan grabatu zituen irudi hauetan. Irudiak bi urtetan grabatuak dira, 1968an eta 1969an. Zehazki, otsailaren 26an eta 27an eta 1969ko otsailaren 25ean. Lantzen inauteriak berreskuratu eta oso urte gutxira hartutako irudiak dira, 1964an hasi baitziren berriro inauteriak ospatzen. Inauterietako astelehenean eta asteartean atera ohi da Lantzen inauteria kalera.
00:00 Sei mozorro elkarri bizkarretik helduta kalean behera doaz.
00:21 Herritarrak ostatuaren kanpoan mozorroak noiz aterako zain daude eta bat-batean Mielotxin dantzatuz batera korrika irteten dira denak eta txistularien laguntzaz kalejiran hasten dira.
03:35 Ostatura itzultzen dira Mielotxin eta txatxoak.
04:21 Plazako irudiak. Txatxoek plazan zortzikoa, fandangoa eta arin-arina dantzatzen dituzte.
04:46 Zortzikoa eta fandangoa dantzatzen dute plazan.
06:18 Txatxoak ikus daitezke, baita herritarrak ere, horietako asko lehioetatik begira.
07:01 Arotzak.
8:08 Mielotxin eta txatxoak kalez-kale dantzan dabiltza kalejiran.
10: 54 Mielotxin ostatura sartzen dute.
11:01 zortzikoa dantzatzen dute arotzek eta txatxoek plazan.
Jaime Albillos, Donostiako Goizaldi taldeko dantzaria izan zen. 1960ko hamarkadan hainbat euskal tradizio eta festa filmatu zituen eta horietako batzuk ikus daitezke Dantzan-en:
- Oñatiko Korpus dantzak (1967)
- Oñatiko aurreskua (1967)
- Xemeingo ezpata-dantza (1969)
- Bidarraiko Besta Berri (1969)
- Iturengo inauteriak (1969)
- Zubietako inauteriak (1969)
- Leitzako ingurutxoa (1971)
Irudiak: Jaime Albillos. Lantz, inauteriak, 1968-02-26, 1968-02-27, 1968-02-25.
Etiketak
- irudi-zaharrak
- zortzikoa
- inauteriak
- xxmendea
- lantzeko-zortzikoa
- tradizionala
- neguko-festak
- jaime-albillos
- mozorroak
- 1968
- lantz
- nafarroa
- fandangoa
Dokumentuaren akzioak
Egigurenek aldarrikatu zuen horixe zela Lantzeko zortzikoa dantzatzeko modua. Dantzakera edo estiloa zaintzeaz gain, zortzikoaren lehenengo zatian berak erakutsitako erritmo patroia ez zen ezaguna dugun ohikoa.
Hemen nolabait azaltzeko, horrela idatziko dut: k = kortxea, b = beltza, eta / = konpas bakoitza ixteko.
Lantzeko zortzikoaren lehenengo zatiko ohiko patroia hau baldin bada: k k b / b b / k k b / b b / (biraka) k k b / b b / (biraka) k k b / b b //
Egigurenek erakutsitako erritmo patroia lehenego zati horretarako hauxe izan zen: k k b / b k k / b b / b b / (biraka) k k b / b b / (biraka) k k b / b b //
Albillosen bideo honetan bi unetan ikus daiteke Egigurenek azaldutako forma hori: 11. minutuan, arotzek zortzikoa irekitzen dutenean, aurrean doanak (zortzikoa irekitzen duenak) forma hori dantzatzen du. Bere atzetik doazen beste hirurek, ordea, ezagutzen dugun ohiko erritmo patroian dantzatzen dute. Apur bat aurrerago, 12:07 minutuan, zortzikoaren azken muturrean doan txatxoari ere forma hori antzematen zaio. Bi kasu horiek salbu, bideo osoan antzematen den erritmo patroia ezagutzen dugun ohikoa da.
Normala izan liteke zortzikoa dantzatzeko forma antzeko baina ez erabat berdinak elkarbizitzea garai batetan. Adibidez, Migel Anjel Sagasetak ere jaso izan du Luzaideko dantzari bakoitza zein etxekoa zen antzeman zitekeela bere dantzakerari erreparatuta. Ildo berean, Dantzan Ikasik joan den urrian antolatutako jardunaldian (Ondareari buruzkoak), Jon Arrikaberri bolant-dantzari luzaidarrak horixe nabarmendu zuen: "Norberaren dantzakeragatik jakin daiteke ze etxetakoa den dantzari bakoitza. Esan dezakezu bi dantzari familiakoak diren edo nork irakatsi dien beraien dantzatzeko eraren arabera".
Halere, suposizioen eremuan ari naiz orain, eremu arriskutsua, beraz ezin baieztatu. Eman al dezake Sabin Egigurenek berak edo beste inork argibiderik honen gainean?
Aspaldi irakurri genuen Patxi Monterok Dantzan.eus atarian argitaratutako idatzia, eta bertan galdetzen zuen ea Sabin Egigurenek Lantzeko Zortzikoa dantzatzeko moduari buruzko argibiderik eman edo egin zezakeen.
Irakurri genuenetik, erantzutea pentsatu genuen, baina atzeratu egin gara bizi izan ditugun egoera batzuen ondorioz.
Ez dugu Patxi Montero ezagutzeko plazerrik.
Berak bere idazkian esaten digu:
«Bertan, Lantzeko zortzikoa dantzatzeko forma bat erakutsi zigun Egigurenek, Lantzeko Fermin Martikorena danbolinteroaren semearengandik jasotakoa»
Dantzan ikasiren bidez Gipuzkoan eman genuen ikastaro horretan, esan genuen Lantzeko Zortzikoaren aldaeretako bat ikasi genuela Fermin Martikorena txistulari eta Lantzeko Dantza-maisu zenaren seme batekin. Semea, Angel Mari Martikorena, duela gutxi zendua, dantzari bikaina zen eta aitaren eskola bera mantentzen zuen.
Baina inola ere, ez genuen esan irakasten ari ginena, iraganean Martikorena jaunarengandik jaso genituen irakaspenetatik zetorrenik.
Lantzeko Zortzikoaren beste lau aldaera ditugu, aparteko lau dantza-maisurengandik jasoak (Martikorena familiakoaz gain), eta horietako bat da Gipuzkoan irakatsi genuena.
Eta Patxi Montero jaunak honela jarraitzen du:
«Egigurenek aldarrikatu zuen horixe zela Lantzeko zortzikoa dantzatzeko modua.»
Guk ez genuen esan orduan irakasten ari ginena Lantzen dantza egiteko modua zenik. Izan ere, irakasten dugun aldaera hori, bakarra eta dantzatzeko zaila baita, eta oso polita ere bai. Baina bai esan genuen, hori zela bere aldaeretako bat Lantzeko Zortzikoa dantzatzen denean.
Gure Folkloreak urrats asko eta estilo ezberdinak ditu dantzetan. Estilo forma horiek dira bereganatzen ez direnak.
Lantzeko Zortzikoa dantzatzeko hainbat aldaera edo modu daude, zuzenak eta tradizionalak denak. Batzuk beste batzuk baino ikusgarritasun gutxiagokoak dira, eta badira beste batzuk Lantz bertan, aldaera deitu ezin zaienak, zeren eta, dantzatzen dutenek gaizki interpretatzen baitute ez dutelako erraztasun eta grazia hori beren Zortzikoa behar bezala dantzatzeko.
Zortziko honek Baztango Zortzikuaren nolabaiteko antza du, baina ezin da inola ere esan berdinak direnik. Bien artean ezberdintasun garrantzitsuak daude, eta euskal dantza-maisu onak berehala jakingo du horiek zeintzuk diren.
Lantzeko Zortzikoa, dantzari onenak dantzatzen ikusiz ikasten zen. Horiek, ia beti, gizon zaharrenak izaten ziren, urteetan Zortzikoa ezagutu eta asteburuetan hiriko ostatuan praktikatzeko aukera izaten zutenak afaltzeko elkartzen zirenean edota Fermin Martikorena txistulari eta Dantza-maisuarengana joaten zirenak, lagun ziezaien.
Kontuan izan behar da Lantz eta Luzaiden, beste herri askotan bezala, ez zela inoiz dantza talderik izan.
Luzaiden, aitarekin edo beste senitartekoren batekin ikasten zen, baita dantzari onenak dantzan ikusiz ere.
Lantzen, inauterietan bere Zortzikoa dantzatzeko eskakizun bakarra, bertakoa izanik, mozorrotzea zen. Gaizki edo ondo dantzatzea mozorrotuaren edo Txatxoaren arazoa zen, eta da.
Duela urte batzuk, gure ezaguna den Lantzeko Maria Pilar Urriza andreak, Zortzikoa dantzatzen irakatsi zien gazteei. Emakume horrek, lan garrantzitsua eginez, Lantzeko gazteek euren Zortzikoa dantzatzeko moduak asko hobetzea lortu zuen, eta era berean, denek berdin dantzatzea ere bai. Lantzeko herrian inoiz eman ez den egoera bat. Eta, beharbada, urteak aurrera, Zortzikoan aldaera berririk ez agertzea eragingo duena.
Adineko dantzariek, oso ondo dantzatzen dute eta beraien artean inork ez du berdin dantzatzen. Horien seme-alabek, bere garaian, aipatutako irakaslearekin ikasi zuten dantzatzen, euren aiten eskolak jaso aurretik, nahiz eta hauek, hobeto eta aldaera politagoekin dantzatzen zuten.
Lantzek, bere Zortzikoaren aldaeren artean, pauso benetan ederrak ditu, eta beste batzuk ez hainbeste, baina denak dira baliozkoak eta tradizionalak.
Bestalde, eta zoritxarrez esan behar dugu, bai plaza zein agertokietan, Lantzeko Zortzikoa gehien dantzatzen den euskal Dantza Tradizionaletako bat izanik, %98an gaizki dantzatzen dela. Hobeto esanda, oso txarto dantzatzen dela.
Eta gauza bera esan beharko genuke gure Baztango Zortzikuarekin.
Lantzeko Zortzikoa, Lantzetik kanpo, lanztarrak baino ez ditugu ikusi ondo dantzatzen.
Euskal dantza taldeetako zuzendariek ez al dute, bizitzan behin bada ere, Lantzeko Iyotia bere jatorrian ikusi behar, horrela, beren taldeek jendaurrean aurkezten dutena Euskal Kultura Tradizionalaren kaltetan doala konturatu ahal izateko?
Batzuk, beren ikuskizunetan aurkezten dituzten dantza erabat balletizatuak, euskal Dantza Tradizionalak direla diote. Zoritxarrez, errealitate hori, herri honen Kultura Tradizionaletik oso urrun dago. Urte asko dira honela gabiltzala, egoera zuzentzeko borondaterik ez dugula ikusten.
Jaime Albillos Arnaiz gure lagunaren filmari buruz ere hitz egingo dugu.
Lagunak izan gara duela berrogeita hamar bat urte, elkar ezagutu genuenetik.
Gure Kultura Tradizionalaren defentsan oso lotuta geunden, eta esan dezaket gure Folklorearen egoera eta galeragatik ere sufritzen hil zela.
Hil baino hilabete bat edo bi lehenago, Donostian elkarrekin geundela, eta medikuarenera laguntzen niola, zera esan zidan:
«Sabin nos están quitando hasta nuestra indumentaria para bailar».
Eta hori esaten zuen, zeren gure Dantza Tradizional gehienak, aspaldi kendu baitzizkiguten.
Hain zuzen ere, bion artean, gure euskal Dantza Tradizionalen benetakotasunaren aldeko Manifestu bat egin nahi genuen.
Patxi Monterok Jaime Albillosen filmazioak aurkezten digun dantza egiteko moduari buruz egiten dituen zehaztapenei dagokienez, esan behar diogu azterketa horretatik nekez atera daitekeela berak atera nahi duen ondorioa; izan ere, kontuan hartu behar da hasiera batean audiorik gabeko film baten aurrean gaudela, gainera, kasuren batean, Zortzikoaren hasiera moztuta dagoela eta denbora gehienean ez zaiela oinik ikusten dantzariei.
Halaber, kontuan hartzen badugu Maurixio Elizaldek Zortzikoa nahiko luzea jotzen zuela eta Jaime Albillosek erabiltzen zuen Kodak karreteak hiru minutu irauten zuela... argi dago Zortziko horrek iraun zezakeenetik oso gutxi ikusten dugula.
Horri guztiari gehitu behar diogu dantzari batzuen kalitatea eskasa dela, eta, beraz, pelikula hau aztertzerakoan, zailtasun handiak ditugula.
Lantzeko Zortzikoa bizirik eta oso bizirik dago Lantz herrian.
Eta, gainera, oso dantzari onak ditugu Lantzen, adinez oso aurreratuta eta oraindik bizirik daudenak, eta Patxi Monteroren galderari ederki erantzun diezaioketenak.
Lantzeko herritik buelta bat eman dezan da gure aholkua eta bere zalantza guztiak argituta aurkituko ditu.
Baina bai esango diogu, Lantzen inoiz ez dela dantzatu, eta inoiz ere ez esaten dugu, lehenengo Bueltak eta gero Luzia.
Bada denbora, Bizkaiko Leioako Udalak Lantzeko Zortzikoaz egindako bideo-tutorial baten harira, Dantzan.eus-en agertu zen artikulu bat zela eta, Nafarroa Garaiko Euskal Dantzarien Biltzarrak nire iritzia eskatu zida- la. Eta hau da esan niena:
Lantzeko dantza modu tradizionalak horrelakoak izan dira eta dira beti.
Lantzeko Zortzikoa:
Gaur egun Lantzeko Zortzikoa dantzatzeko bi doinu jotzen dira.
Hauei guk honela deitzen diegu:
1. Soinua eta 2. Soinua.
1. Soinua: guk Luzia deritzogun urratsa exekutatzen da eta bi aldiz egiten da, bere melodia bezala. Hala ere, lehenengoa, kasu honetan, dei gisa erabil daiteke, eta ez dantzatu, eta horrela, bere errepikapenean dantzan hasi.
2. Soinua: guk Bueltak deritzogun urratsa exekutatzen da eta bi aldiz egiten da bere melodia bezala.
Lantzek beste bi doinu ere bazituen aspalditik bertan jotzen ez direnak.
Bere partitura Dantzariak aldizkarian argitaratu genuen, 8. zenbakian, “Euskal Dantza Herrikoiaren Soinua” atalean.
Zati hori, esan bezala, gaur egun ez da Lantzen jotzen, eta bi zati ditu: 3. Soinua eta 4. Soinua deitu ditugunak.
Bi doinu hauek 1. Soinua eta 2. Soinua bezala dantzatzen dira, hurrenez hurren.
Melodien zati bakoitza eta dagozkien urratsak adieraziko ditugu. Horrela izango litzateke:
1. Soinua: Luzia, bi bueltekin.
2. Soinua: Bueltak, hiru bueltekin.
3. Soinua: Luzia, bi bueltekin.
4. Soinua: Bueltak, hiru bueltekin.
Lantzeko dantzaririk onenek, bai duela urte asko bizi izan zirenek eta bai oraingo onenek ere, beti erabiltzen zituzten eta erabiltzen dituzte haien orpoak Luzia eta Bueltak egiteko.
Dantzari onenek, oro har, ez dute batere dantzatzen oin-puntekin, itzulietan izan ezik.
Eta besterik gabe, kasu honetan gure iritziak balio izatea espero dugu.
Bilbon, 2020ko irailaren 23an
Sabin Egiguren Apraiz