Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Areatza: Aurreskua 1925

Dokumentuaren akzioak

Areatza: Aurreskua 1925

2012/11/07 15:44

Grabaketa zoragarri bat dugu begi aurrean. Areatzan, 1925. urtean filmatutako aurresku bat. Adineko emakumeak sokan, eta alkatea izan daitekeena aurreskulari aske eta espontaneo lanetan. Bideo guztiak merezi du arretaz ikustea, eta dantza 3:00 inguruan ageri da. Angel Sojo, Areatzako semea, Ameriketara joan eta gizon boteretsu bilakatu zen, Argentinako La Razon egunkariko zuzendari izatera iritsiz. 1925ean herrira itzuli zen, Ama, Silbestra Orue bisitatzera, eta herritarrek harrera beroa eskaini zioten, tartean, irudietan ageri den aurreskua edo soka-dantza. Youtube, majoaranda.

Etiketak
areatza
soka-dantza
aurreskua
xxmendea
tradizionala
1925
irudi-zaharrak
bizkaia

Dokumentuaren akzioak

2012/11/08 09:23
Niri irudi horiek ikusi eta duela gutxi dantzan.com-en bertan erakutsitako beste hauek (Hermueako barteko soka-dantza) etorri zaizkit gogora: http://www.dantzan.com/[…]/hermua-barteko-aurreskua-2012
2012/11/08 10:00
Bideo honek gogora ekartzen dit dantzan.comen ikusi genituen ijito batzuk dantzan bideo bat, estilo erabat librean, musikari jarraituz askatasun osoz (seguraski barneratuta duten sistema baten barruan)
2012/11/08 15:55
Ze pasada! ez genbiltzan hurrun Hermuako El Bartekoa garai batekoen eredu bizia behar zuela izan genionean.
Zein garrantzitsuak diren horrelako dokumentu hauek, diren eta azaltzen diren urritasunagatik. Izan ere, zenbat dogma erortzen diren plaust batean: emakumeen dantzarik ez zegoenarena, "honela eta bakarrik honela dantzatu behar" denarena,...
Niri aipatu beharrekoa egiten zait besteak beste, dantzarien adinarena. Sokan dijoazen horien batazbesteko adina ez dirudi nolanahikoa, eta ez dut uste dantzari gazteen faltagatik izango zenik. Beste adibide bikaina izan genuen Andra Marikoek erakutsi ziguten bideoa: http://www.dantzan.com/bideoak/berriz-garai-erregelak-1986.
Gozatu handia !
2012/11/08 19:11
Ba ez dotzat topetan nik eredurik beste batzuekaz. Nitzat parodia bat da. Pelikula bat da, eta dakigunagaitik Arratialdean sokadantzak, eta dantzari dantza nahiko galduak zegoen. Askotan Durangaldeko Dantza Maisuak, edota Dantzariak joaten ziren irakasten. Ikusgarri da, baina iñola bez dantza egiteko era bat.
Librea be bada; ni mazurka bat dantzan hasiko banintz modun momentu honetan!!!
2012/11/09 03:14
Haber, berriro irakurri ostean diñot nik: benetan uste du batan batek "barneratuta duten sistema baten barruan" dantzatzen dauela Aurrezkuek??????. Jota gauz ala!!!!!!!!!. Dantza Maisu batek esango zeban modun (askotan esan dot Herri honetan esku bateko atzamarragaz kontau ahal direzela Dantza Maisuak eta sobran legoke batan bat), batzutan INDIONA be eiten da.
Eta bide batez Mikel, ez deko zer ikusirik batak eta besteak. Andra Marik, beste Dantza Talde asko modun, urteetan herrikoei kultura sabaltzeko asmoa izan dau, eta deko. Zuk diñozun bideoan, Dantzariak, "Maisuak", badakite zer dantzatzen dabien, barneratuta duten sistema baten barruan, eta iñolako matrikula ordaindu barik ikasitakoa!!!!!!
2012/11/09 08:59
Uste dut ez dela ondo ulertu nik idatzia: Hermuakoa eta Areatzakoa eredu berekoak diruditela esan nahi izan dut. Galdakaokoaren aipamena, dantzarien adinarekin lotu nahi nuen bakarrik. Beraz, nire asmoa ez da izan eredua Galdakaokoarekin konparatzekoa, inondik ere, oso desberdina dela garbi baitago.
Nire ustez, bi eredu desberdin horiek (gutxienez) esan ditzakegunak esistitu direla garbi dago. Gure inguruan behinik behin, bien testigantzak jaso ditugu, eta seguruenik Durangaldea eta Arratialdean aipatzen duzun eskema berean gertatua.
 
2012/11/09 14:03
Argi dauena da eredu bezala dekozuen pausuak, nitzat ez direz iñola bez eredu. Ikusten dan guztia ezin da hartu eredutzat, 100 urte euki grabaketak, ala zaharrak egon dantzatzen.
Aurrezkuen papela ikusten dan baño askoz be serioagoa zan
2012/11/09 18:45
Egia da gaur egun ezagutzen ditugun soka-dantza gehienak serioak, zurrunak, itxiak... direla. Baina susma dezakegu ez dela beti hola-hola izan. Iztuetak bere liburuan kritikatzen zituen soka-dantza bukaerako ipurdikadak. Larramendik ere kritikatzen zituen demaseko kabriolak, itzuliak eta emazteei gonak altsatzeko saiakerak...

Joxemiel Bidadorrek euskal dantzaren erreformaren inguruko bere liburuan adierazi zuen nola erlijioak, garbizalekeri moralak, ideologia batek edo bestek... eraldatu izan zituzten zenbait dantza "euskal nortasunak merezi bezala", garbiak, serioak, puruak... izan zitezen. Eta eraldaketa nahi horrek adieraziko luke seguraski, ez zirela hain zuzen ere horrelakoak.

Badira oso soka-dantza serioak, eta ez horrenbestekoak eta agian bideokoa azken horietako bat da. Uste dut Patxik ez zuela esan nahi hori eredutzat hartu behar dugunik, egun horrela dantzatu behar dugunik (edo zergatik ez?), baizik eta dantzatzeko modu baten adibide bat dela. Hermuako soka-dantza ikusterakoan jabetzen gara 87 urteko aldearekin dantzatzeko modu bat (eredu bat), ez ohikoa egun (freskoagoa, naturalagoa, eskolatu-gabea), oraindik ere bizirik dela.

Nire ustez, Barteko aurreskuaren bideoan Mikel-ek eta Oier-ek aipatzen zituzten adjetibo horiek beraiek aplikatzen ahal zaizkio Areatzako aurresku honi.



2012/11/09 19:07
Ia argituten nazen; adibidez gaur, sardana bat ikusiten nauel eta iñoiz dantzatu barik, asten banaz ostikoak airera emoten, txiribueltak handik eta hemendik, hartu ahal da freskotasun eta naturaltasun beteko ikuskizuna???. Edozeinek, edozer ein eskero dantza eiteko modu bat izan ahal da???. Beste adibide bat, txistua; piperrik jakin barik, joten hasten banaz jaialdi baten, fluflu, flifli, onartuko genuke gauze bitxia moduen, naturala, freskotasuna.....??. Edonork dantzatu ahal badau, zergaitik ez musika jo????.

  Nitzat freskotasuna Berrizko dantzari zaharrak emoten doztie adibidez, beste askoen artean noski, baita ere naturaltasuna, eta gainera eskolatu-gabeak!!!!.
2012/11/09 22:43
Egia esan nik ez dut soka-dantza horren ikuskatzeaz eta Hermuakoarekin konparatzeaz haratagoko daturik. Usteez ari naiz. Nire uste merkeez.

Baina nik ez dut uste soka-dantza hori parodia bat denik. Beste toki batzuetan ere geratu izan dira bere garaian konplexuagoak eta landuagoak izanen ziren beste dantza batzuen aztarnak. Hola, burura datorkit Zumarragako Antiguako ezpata-dantza (6 ezpata-dantzari baino ez dira ateratzen gaur egun eta pentsatzekoa da beste garai batean gehiago ere izanen zirela eta agian parte-hartze handiagoa izan zezaketela dantzaren baitan), edo Berastegiko dantzariek San Lorenzoko dantzetan egiten dituzten ipurdi mugimendu horiek (beste garai batean muriska batzuk izan zitezkeenak, okurritzen zait).

Areatzako soka-dantza ikusten dudalarik niri zera dotorkit burura: bere garaian izanen zela dantza landuago, zorrotzago, hobe ikasitako... bat. Dantza maisua desagertu, eta dantzak bere bidea egin duela, bizirik zen heinean, agian zorroztasuna galduz, baina mantenduz. Niretako hori izan daiteke ere Hermuan gertatu izan dena. Bertako biztanleek garrantzia eman diote soka-dantzari, hortaz mantendu dute, baina bidean galdu egin dute garai batean dantzak izanen lukeen urratsen zehaztasuna. Dantzariek aldiz, naturaltasun eta freskuraz dantzatzen dute. Dantzak bide berezi bat egin du eta niretako hori ederra da, beste eredu zorrotzagoekin batera aberasten baitu soka-dantzen generoa, dantzatzeko beste modu baten adibide soil gisa, besterik ez bada ere.

Berrizko dantzariek naturaltasun eta freskuraz dantzatzen dutela eta gainera zehaztasun eta zorroztasunez? Doike! baina batak ez du bestea kentzen, niretako.

2012/11/11 21:03
Ez diot dokumentu honi duen garrantzia gutxitu nahi baina nire lehen inpresioa, ahotsik gabeko bertsioan, Berlangaren “Bienvenido Mister Marshall” filmaren pasarte baten aurrean nengoela zen eta horrek ondorengo iritzi guztiak baldintzatu dizkit.
Bada ez bada ere, bihoa aurretik filma (Berlangarena alegia) bikaina dela, beste gauza batzuen artean Espainiako gerra ondorengo egoera oso modu zorrotz eta kritikoan azaltzen dakielako.
Gauzak horrela, eta momentuz kapaz ez naizenez asuntoa beste era batean ikusteko, nahiago dut besterik ez esan.
2012/11/12 11:20
Niri bideoa harribitxi bat iruditzen zait. Soka-dantzaren inguruan eta garai horretako soka-dantzei buruz dokumentazioa irakurtzen denbora asko daramagu, baina testuak ez du erakusten nola dantzatzen zuten, eta bideo bakar batek ere ez du osotasuna erakusten, baina bat, soka-dantza bat, erakusten du, eta bada zerbait.

XX. mende hasieran soka-dantzen "loraldi" moduko bat gertatzen da. Lore Jokoen eta Euskal Jaien testuinguruan agintari eta herriko jauntxoek beren burua goratzeko erabiltzen dituzte soka-dantzak, eta horiek dantzatzen zituzten esku-dantzen hainbat testigantza eta argazki ditugu. Baina nola dantzatzen zuten? Noiz edo noiz egokituko zen agintariren gaztetatik dantzan oso trebatua izatea, baina baina garaiko testuak irakurriz, nik beti izan dudan irudipena da, normalean aldez aurretiko ezagutza urriarekin plazaratzen zirela.

XX. mende hasierako erromerietan, ordaindik soka-dantzak bizirik zeuden. Arraten adibidez, 1910-20 inguruan, erromeria egun batean 8-10 soka-dantza egiten ziren, bata bestearen segidan. Inguruko herrietatik etorritako kuadrilla bakoitzak berea egin nahi izaten zuen, horixe baitzuten neska-mutilen artean harremanak egiteko modua, sokara atera eta elkarrekin dantzatu. Herrien arteko leiha pizten zen hor. Elgoibartar kuadrilla batek soka ateratzen bazuen eta Eibarko eta Ermuko neskak sartu sokan, ondoren eibartarrak amorratuta izaten ziren eta beraien soka atera nahi izaten zuten, neskak beraien ingurura ekartzeko. Lehia hauetan ohikoak izaten ziren istiluak eta zenbaitetan muturka bukatzen zuten.

Herri, auzo eta ingurune zehatz batzuetan soka-dantzarako egitura zehatz, konplexu eta teknikoak izango ziren. Dantzari batzuk horietan trebatuta izango ziren, baina hortik aurrera, gainontzekoek dantzarako era ireki, soil eta askeak erabiliko zituztela iruditzen zait. Batzuk elaboratuagoak eta beste batzuk oso sinpleak. Beraz, dantzakera elaboratu eta konplexuak, eta aske eta soilagoak elkarbizitzen zutela pentsatzen dut, denbora konpartitzen zuten, eta batzuetan eremua ere bai. Aibidez, Arrateko erromeria horretan, gerta zitekeen, Durangaldeko kuadrilla bat hurbilduz gero (Mallabia, Berriz eta Zaldibartik oso ohikoa zen) eta haietako batzuk erregelak dantzatzen jakinez gero, ba haiek askoz ere soka-dantza tekniko eta konplexuagoa dantzatzea.

Aurresku libre eta irekiaz ari garenean nik honako hauxe dut buruan:
http://www.dantzan.com/bideoak/bergara-1926-02

Garai bera da, Areatzakoa 1925 eta Bergarakoa 1926. Bergarako aurresku txapelketan ikusten diren dantzariek ez dute patroi zehatz baten arabera dantzatzen. Batek lasterka eta muriska konbinazio batzuk egiten ditu, baina hortik aurrera nahiko aske dantzatzen du. Besteak ordea badirudi ez duela egitura zehatz baten arabera dantzatzen, baizik eta urratsak proposatzen ditu dantzaren une jakinetan, eta espazioan mugituz egiten duen sentzillo batekin lotzen ditu. Aurresku txapelkeketan horrela dantzatzen zuten dantzariak baldin bazeuden (eta ziur aski izango ziren beste dantzari batzuk modu konplexu eta egituratuagoan egiten zutenak) pentsatzekoa da soka-dantzetan ere horrela dantzatzen zutenak nahiko arruntak izango zirela.

Gerta zitekeen soka-dantza berean ongi trebatutako dantzaria eta batere trebatu gabea elkarren ondoan aritzea ere bai. Gure aitxitxa Juan Arrieta elgoibartarrari jaso nion horrelako pasadizo bat. 1935eko San Roke egunean, meza ostean, aurreskua ateratzen hasi ziren eta Tiburtzio Beristain dantzari trebatua egokitu zen aurresku, eta gure aitxitxia Juan Arrieta atzesku. Nik galdetu nion aitxitxari "baina zuk bazenekien dantzan?", "Buenooooo, ikasita ez, baina zerbait egin genuen!".

Aintarien soka-dantzetan beste horrenbeste gertatuko zen. Izango ziren agintariak dantza-egitura zehatz eta konplexuetan trebatuak, eta izango ziren trebakuntza handirik gabe, nahiko modu librean dantzatzen zutenak. Areatzako hau horietarikoa dela esango nuke. Ikusten den apurrean zaila da antzematea patroi zehatz baten oinarrituta dantzatzen duen, baina badirudi ezetz.

XX. mendean dantza tradizionala "eskolatu" eta soka-dantzak urritu ahala, aurreskua dantzatzeko modu hauek desagertzen joan dira. Baina gutxi batzuk geratzen dira. Zenbait herri eta auzotan, oilasko biltzeen eta puska biltzeen inguruan, badira soka-dantza batzuk, inolako dantza-trebakuntzarik gabe eta dantza egiterakoan inolako patroi koreografikorik gabe egiten direnak.

Gaur egun zer egin behar den, beste eztabaida bat da, baina orain 100 urteko soka-dantzetaz hitz egiten dugunean, ezin dugu pentsatu denak konplexuak, landuak eta trebatuak izango zirela. Tartean, bideo honetan ikusten den erakoak izango ziren batzuk, eta ziur aski, ez gutxi...
2012/11/12 11:49
Guk ere baditugu Oierrek aipatzen dituen antzeko testigantzak, orain arte beti ahozkoak, eta horregatik nioen zein garrantzitsua den ahoz jasotako datu horiek irudien bidez baieztatu (eta askotan ezeztatu!) ahal izatea.

Esate baterako, Ataungo Aia auzoan, auzotarrek santaixabel egunean, aurretik prestatu gabeko soka bapatekoa ateratzen zuten joan den mendearen erdialdean. Aurreskulariak dantza urratsak ezagutu eta jakin gabe, bere aurrekoen imitazio hutsez edo, soinujoleak markatutako doinuak dantzatzen zituen.

Baita Hermuako aurreskuan ere, bertatik bertara ikusi genuen, eta dantzariokin kontrastatu, bertako Ama Birjina ondoko herriari “saldu behar” izan ziotelako, baldintza gisa joaten direla urtero soka-dantza egitera. Herriko etxe bakoitzeko ordezkari batek parte hartu beharra dauka protokolo horretan eta apenas bezperan edo elkartzen diren, dantza urratsak errepasatu eta prestatzeko. Ezin zorroztasun handirik eskatu dantzatzerakoan, baina, kontuz, protokoloa zuzen-zuzen betearaziko duen “maisurik” bertan ez da falta. Hermuako kasu honetan, garbi dago nire ustez, jasoa esan dezakegun eredu bati jarraiki dantzatzea baino, erritual bat betetzeak duela lehentasuna.
2012/11/12 13:05
Hemen Mikel SArriegik aipatzen du Hermuako Barteko aurreskua: http://www.dantzan.com/[…]/hermua-barteko-aurreskua-2012
2012/11/12 13:27
Betiko modun Oier, gauzak argitzen dozuz. Adoz nau zuk esandakoagaz, baina bideo honetan badauz gauza berezi batzuk. Batetik sokan 11tik, hiru gizon baino ez dauz, eta andrak zaharrak benetan. Agian, eurak ziran ikusi, edo esagutzen eban bakarrak soka eitea Areatzan. Beste batetik, jakina da askotan pausuak jakin barik, soka dantzatan, ingurtxueta, erromerietan, dantzatzen zala. Eta bebai, batzutan errituala orren esker mantendu dala,dantza pausuak galdu harren. Baina "erregelak" izena be zeozergaitik jarriko jakon, eta hor jakin behar dogu desberditzen, zer dan dantzan eitea jakinde zer dantzatzen dogun, eta zer dan, dantza esagutu barik dantza ein gurea.
2013/09/18 12:11
Bideo honen harira, Sojok bere jaioterrira egindako bisitaren berri ematen zuen ABC egunkariko albistea aurkitu du @jabiortega -k eta twitter bidez konpartitu du. Hauxe dio testuak:
ABC, Viernes 5 de Febrero de 1925
Vascongadas
El Dr. Sojo en Bilbao
Bilbao 5, 11 noche. El ilustre periodista argentino doctor Sojo visitó hoy Villaro, donde nació su madre, presenciando las fiestas típicas que se organizaron en su honor. Por la tarde verificó una visita a la casa paterna, existente en Castrejana. Esta noche, sus amigos obsequiaron al director de La Rasan, de Buenos Aires, con ana comida en el Club Náutico, a la qne. asistieron el presidente de la Diputación, el alcalde y el cónsul de la Argentina.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.