Dokumentuaren akzioak
Zu Donostira eta ni Iruñera (bi emanaldi arras berezi egun berean)
David Swift-en filme hartan bezala ibili ginen iazko abenduaren 18an. Talde erdia hona eta beste erdia hara.
Roldan Jimenok aspaldixko idatzi zigun, Miguel Jabier Urmeneta -besteak beste- Iruñeko alkate izandakoaren biografia bukatzen ari zela eta liburuaren aurkezpen ekitaldi berezia prestatzen ari zirela. Ia dantzatu nahiko genukeen. Nola ez ba? Urmeneta aitak harreman berezia izan zuen gure taldearekin eta beti defendatu zituen Iruñeko dantzariak, garairik zailenetan ere (bere biografiaren kapitulo batean irakur daitekeenez). Semerekin ere -Asiskorekin- harreman berezia dugu eta berak ere galdetu zigun abenduaren 18ko ekitaldian dantzatuko genukeenez. Bigarrenik baietz!
Zer dantzatuko ote genuen pentsatzen ari ginelarik, Donostitik beste dei bat:
- Oraindik ezin da ozenki esan, baina Juanan-i eta Mariani Gipuzkoako urrezko domina emanen diete eta Urbeltz Iruñekoa izanda, Iruñeko ezpata-dantzariak ekitaldian dantzatzea gustatuko litzaiguke, gipuzkoarrekin batera.
- Ohorea izanen da, nola ez? Eta zer egunetan?
- Abenduaren 18an!
- O_o
Ez dago egun gehiago urtean??? Ataka hartatik nola atera? Dantzariei deialdia luzatu eta erantzuna bikaina izan zen, bi ekitaldiek merezi zuten bezala. Donostirako 35 bat lagun bildu genituen -Gari eta Abel infiltratuak barne- eta Iruñerako beste 11. Donostian, Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantzaren eta Gipuzkoako ezpata-dantzaren arteko melange bat egitea zen asmoa. Iruñerako berriz, soka-dantza berezi bat prestatzea erabaki genuen eta Urmenetatarrei gurekin dantzatzea proposatzea. Proposatu eta haiek ere baietz! Biba!
Lanetik atera eta 3retan abiatu ginen Iruñetik Donostira. 4:15etarako heldu eta deus baino lehen, Gipuzkoak Diputazio aurreko pasealekuan entsaioa, gipuzkoarrekin zenbait kontutxo koadratzeko. Azkar-azkar jantzi, luzaketa batzuk egin eta dantzarako prestatu. Protokoloak agintzen duen bezala lagun gipuzkoarrek hartu zuten plaza lehenbizi, baina berehala aurreratu zen Joseba Lorenzo banderaria bere bandera ederrarekin. Bandera goxoki dantzatu eta Iruñeko ezpata-dantzarion txanda heldu zen: zortzikoarekin plazara sartu eta gipuzkoarrek toki pixka bat egin ziguten. Elkarrekin dantzatu genuen Gipuzkoako ezpata-dantza. Lasterka zubiak muntatu eta Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi omenduei zubia egin genien. Behingoz haiendako zen ohorezko zubia! Gauza mereziagorik!
Geroko ekitaldian entzun genituen Antton Lukuren hitz mamitsuak, Juananen hitz jakintsuak eta Jean Mixel Bedaxagarren kantu eijerrak. Eta ondotik izan zen -ospakizun eder guztietan bezala- zer jan eta zer edan eta kantu gehiago.
Bitartean Iruñean...
Migel Jabier Urmeneta alkate maitatua izan zen iruindar askorendako eta harreman handia izan zuen hainbat elkarterekin. Tartean erraldoi eta kilikien konpartsarekin eta horregatik egin zuten ekitaldia, konpartsaren lokalean. Pixka bat hotz, tamalez. Luze joan zen aurkezpena. Asko zegoen esateko eta hainbat lagunek hartu zuten hitza. Halako batean, gure txistularien doinura sartu ziren soka-dantzariak plaza inprobisatu eta estura. Itziar Perez-ek egin zituen aurresku lanak eta Ainara Ranerak atzeskuarenak. Soka-dantza xume eta sotila izan zen, baina dotorea eta Urmeneta sendiak biziki eskertu zigun gurekin dantzatu ahal izana. Esperimentu ederra izan zen guretako. Asmatuko dugu soka-dantza molde hori, non eta noiz txertatu.
Donostialdera joan zirenak Iruñera itzultzearekin bukatu zen 2015eko abenduaren 18ko gure abenturazko film hura!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05